29

Aza / 2013

Etiopia, Bernardo Atxaga #liburubatistoriobat

Autorea:

Bernardo Atxaga
Etiopia
Erein, 1978
105 orrialde, 21 cm
ISBN 8475680194

 

Arantxak bota zuen galderari erantzun eta bide batez, #liburubatistoriobat ekimenarekin bat egin nahi nuke honekin.
1985eko urtarrila, gabonak bukatu berriak, etengabe ari zuen elurra eta Euskal Herria erabat kolapsatu zen. Lanetik korrika atera behar izan nuen isolatuta geratu nahi ez banuen eta jende asko oinez itzuli behar izan zuen etxera. Halako egun ahaztezinean, etxeko goxoa eta liburu bat: Etiopia. Orduan ez nekien baina deskubritzen ari nintzen munduaren nire mapan betirako iltzatuta gelditu zen. Gaztaroaren mugarri. Geroago etorriko zen Henry Bengoa Inventarium. KRA. Aurreko igandean Ruper Ordorika Donostian. Denbora-hari bereko beste muturrean. Tartean, Sarrionandia (Narrazioak). POTT.
Egun hartan Europa elurrak blokeatuta zegoen baina niretzat han zeuden zerumuga eta zeruaren urdina. Une batez bederen, mundua perfektua izan zen eta gu zorioneko.

08

Aza / 2013

Xabiertxo, #liburubatistoriobat

Autorea:

Xabiertxo liburuaren azalaIsaac Lopez Mendizabal
Xabiertxo
Tolosa, 2013
144 orrialde, 20 cm

 

Post honetan Liburu Dantza blogak Koldo Mitxelena kulturunea zoriontzen du bere 20. urteurrenean. Liburu Dantzak oso memoria laburra dauka baina liburuzainok oso ondo gogoratzen dugu Koldo Mitxelenaren inauguraziok egin zigun zirrara, bereziki liburutegiko altzariak, liburu berriz betetako apalak, irakurketa aretoak, fondo gordeak, ordenagailuak… Hogei urte ondoren Koldo Mitxelena erreferente nagusi bat da eta ospakizun berezi bat antolatu du. Gure liburu kuttunen argazkiak Instagramen partekatzera gonbidatzen gaituzte #liburubatistoriobat traolarekin .

Nire aukera egiterakoan haurtzaroaz gogoratu naiz, hain zuzen gaurko Koldo Mitxelena eraikinatik oso gertu, Artzai Onaren plazan bertan Karmele Esnalen ikastola zegoen. Nik han ikasi nuen irakurtzen Martin Txilibiturekin, ondoren Xabiertxo izan zen gure ikasketa liburua, oraindik etxean daukat gordeta eta #liburubatistoriobat ekimenerako proposatzea erabaki dut.

Eta zein da zure liburu kuttunena? Zein da zure #liburubatistoriobat?;