17

Api / 2018

Literatura erremedioak : Ella Berthoud eta Susan Elderkinen botikak

Autorea:

Martxoko nire posta edo nire bidalketa biblioterapia kontzeptuaz ziharduen eta, orain, apirilean, literatura erremedioen vademecum bat proposatzen dizuet liburuak terapia direla sinesten duzuenoi: zuen gaitzak sendatzeko eleberriak.

Botika horiek Ella Berthoud eta Susan Elderkin egileek proposatu dituzte; biek ikasi zuten literatura Cambridge Unibertsitatean. Ella Berthoudek Arte Ederrak ere ikasi zuen, eta Susan Elderkin, gainera, idazlea da, baina haren eleberriak ez dira gaztelaniara itzuli.

2008tik, literatura errezeten zerbitzu bat ezarri zuten The Schooloflife Londreseko erakundean. Ordutik, liburuak errezetatzen dizkiete pazienteei. Liburu guztiak irakurtzen dituzte eta, diotenez, bizitza laburregia da liburu txarrak irakurtzeko.

Literatura erremedioen eskuliburua: geure burua nola sendatu liburuen bidez liburuan ondoezak adierazten dira, hiztegi baten moduan taxututa, A-tik Z-ra. Ondoezen sarrera indize bat dago, eta aipatutako idazlan guztien aurkibide bat.

Ezinezkoa zait literatura vademecum hori laburbiltzea, baina banuen jakin-mina ezagutzeko egile horiek liburuen hautaketa nola azaltzen duten.

Lehenik eta behin, aldartea pozteko eta depresiorako aholkatzen dituzten liburuak bilatu nituen.

Egileek depresio maila desberdinak daudela azaltzen dute. Denok ditugu neke uneak, porrot, tristezia, existentziaren absurdu irudipena, baina hori ez da depresioa, pertsona batzuek zamatzen duten hodei beltza. Gaitz larria da, tratatzeko zaila.

Gogo faltarako aholkatzen dizkiguten eleberriak irakurgai positiboak dira, freskoak, gauzen ikuskera aldatzeko lagungarri. Hamar eleberri proposatu dituzte aldartea pozteko :

“La Tía Mame, Patrick Dennisena; Tomate berde frijituak, Fannie Flagena; La hija de Robert Poste, de Stella Gibbons ; Todas las cosas brillantes y hermosas, James Herriottena; Fiebre en las gradas, Nick Hornbyrena; ¡Socorro soy padre!, Tony Parsonsena; Absurdistan, Gary Shteyngartena; El mayor Pettigrew se enamora, Helen Simonsonena; El castillo soñado, Dodie Smithena; El gran día de la señorita Pettigrew, Winifred Watsonena.

Horiek guztiak Donostiako liburutegi sarean daude. Ez dagoen baten bat gustu baduzue, galdetu guri iradokizun gisa. Badakizue erosi egiten ditugula.

Benetan depresioak jota egonez gero, egileok aitortzen dute biblioterapia ez dela nahikoa, baina liburuak osasun tratamenduaren osagarri izan daitezke. Bi eleberri oso ezagun aholkatzen dituzte: Izatearen arintasun jasanezina, Milan Kunderarena, eta La campana de cristal, Sylvia Plathena. Bi eleberriotan, depresioak jotako pertsonek ematen dute hizpidea. Izatearen arintasun jasanezina eleberriko protagonistari, Teresari, zama zaio bizitza. Tomasekin maitemindu da, ezkongabe libertinoa izatea erabaki duena. Teresak hondoa joko du, eta bere burua hiltzen ere saiatuko da, baina tristeziatik suspertuko da, eta garaile aterako. Liburu honek badu gaztelaniazko bertsioa ere: La insoportable levedad del ser.

Sylvia Plathen La campana de cristal idazlanari buruz: egileak ez zuen lortu depresiotik ateratzea, baina bere pertsonaia Esther Greenwoodek lortu egingo du tristeziari gailentzea. Egileok diotenez, Estherren ahotsa kontsolamendu handia da depresioa dutenentzat. Prosaren arintasunak, Estherren gizatasunak, aholkagarri egiten dute irakurgai hau.

Zer proposatzen dute minarentzat?

“Minak zigortzen zaituenean, bizitza osoa hartzen dizu”. Ezin zara hartaz ahaztu. Egileok Muerte de un apicultor proposatzen digute, Lars Gustafssonena. Pertsonaia nagusia, Lars Westin, minbiziak jota dago, baina mina kentzeko ospitalera ez joatea erabaki du, geratzea eta bizitzea erabaki du, txakurrarekin paseo luzeak ematea, eta minarekin bizitzen ikastea. Mina eramateko artea, egilearen arabera, musika, poesia bezalako artea da. Egileek diotenez, min izugarriak pairatzeko zorigaiztoa badugu, har dezagun erlezaina bidelagun, alferrik baita gure minaren errua besteei botatzea.

Ez dut uste niri erlezain baten heriotzak balioko didanik, baina irakurriko dut, beti ikasiko baitut zerbait eta, jakina, liburua nahikoa ez badut, hor ditut botikak.

Egileek beste hamar eleberri proposatu dituzte gorputz edo bihotz minetik ihes egiteko.

Hondo, Louis L´Amourrena; La mandolina del capitán Corelli, Louis Bernieresena; El zoo de Jamrach, Carol Birchena; Los detectives salvajes, Roberto Bolañoena; Pasaje a la India, E.M. Fosterrena; ; En la corte del lobo, Hilary Mantelena; También las vaqueras sienten melancolía, Tom Robbinsena; Una ciudad como Alice, Nevil Shuterrena; El mapa del amor, Ahdaf Soueifena; La historia de Edgar Sawtelle, David Wroblewskirena.

 

Zer proposatzen dute jazarpenaren kontra? Zer proposatzen dute abusatzaileak sendatzeko?

Lehenik eta behin, esan dezagun inork ez duela bere burua abusatzailetzat, baina lanean, ikastetxean, nork ez ditu jasan horrelako pertsonak? Nork ez ditu pairatzen? Abusatzailea sendabidean jartzeko, Una muerte en la familia de James Agee deitutako eleberria proposatu digute. Pulitzer Saria eskuratu zuen 1958an eta, egileon arabera, ezagutzen dugun abusatzailearen deskribapen hunkigarrienetako bat da. Liburutegi sarean dugu eskueran.

Eskolako jazarpenerako, bi eleberri gomendatu dizkigute: Ojo de gato, Margaret Atwoodena, eta Tomás Brown en la escuela, Thomas Hughesena. Bi liburu hauetako bi biktima protagonistak, Elaine eta Tom, oso desberdin erreakzionatuko dute jazarpen egoera baten aurrean. Lehenengoak jarrera pasiboa hartzen du; bigarrenak, berriz, aurre egingo dio ikastetxeko abusatzaileari, Flashman makurrari. Bi biktima literario horiek, egileok diotenez, animoak emango dizkizute eta, azkenean, beren bizipenek sendotu egingo dituzte.

Jarrai nezake horrela, gaitzei eta erremedioei buruz hizketan, eta ez nuke amaituko. Aldiz, benetan, liburu on honek, Siruela argitaletxe zoragarriak plazaratuak, literatura gehiago ezagutzeko modua emango dizu, ikusaraziko dizu arrazoibide bat nola ematen den aldartearen une jakin baterako irakurgai bat proposatzeko orduan. Filologia ikasi dugunok badakigu ikuspuntu askotatik egiten dela liburuen azterketa, eta liburu bat zenbat eta gehiago bahetu, orduan eta baliagarritasun handiagoa aurkituko diozu.

Ahidurarako zer irakurri jakin nahi baduzu, alkoholismorako, nerabezaroan, armairutik atera nahi duzunean, lo egin ezin duzunean... eman begiratu bat liburu honi. Funtzionatzen badu, ederki; bestela, beste egile baten berri izango duzu. Antonio Basantak dioen bezala, “irakurtzea ezerezaren hutsa uxatzea da”, gizarte honetako hutsa.

Beharbada egileak ingelesak direnez, errezetatutako liburu ia guztiak ingelesezko literaturakoak dira; bada, nire hurrengo mezuan, “Libroterapia : Leer es vida” Jordi Nadalen liburuan literatura unibertsalaren hautaketa egiten da.. Eta euskarazko literaturaz zer? Literatura erremedioen liburu bat ere beharko dugu, ala? Nor ausartuko idazten?

 

 

26

Mar / 2018

Biblioterapia. Ba al dute liburuek gaitzak sendatzeko ahalmenik?

Autorea:

Libros que curan

Biblioterapia ez da zientzia bat, baina guztiok esan dezakegu liburuek –eleberriek bereziki– lagun diezaguketela une larriak gainditzen.

Biblioterapia terminoa aspaldikoa da, ez da asmakizun modernoa; antzinatik dator literaturak ahalmen sendagarria dueneko ustea.

Katherine Lui Gómez Mujicak, Venezuelako Unibertsitate Zentralak Bibliotekologian lizentziatuak, biblioterapiako liburu honen bidez hurbiltzen dizkigu definizioak, ibilbide historikoa eta egin daitezkeen biblioterapia motak. Hura erabiltzen duten profesionalei buruz mintzo da: psikologoak, psikiatrak, bibliotekologoak edo bibliotekariak.

Bibliotekologia, dakizuenez, Hego Amerikan erabiltzen da, Espainian, berriz, bibliotekonomia esaten zaio. Kontzeptu biak dira oso arraroak biblioteken zientziaz eta ikasketez ezer gutxi dakien jendearentzat. Egileak,  bibliotekologoaren jardun profesionalaren ikuspegitik azaltzen digu biblioterapia; horregatik dago liburua, gehienbat, biblioteketako profesionalei zuzendua.

Biblioterapiari buruzko azterlan arras interesgarria da, eta harritu egin nau ikusteak nola bertan adierazten denetik asko oinarritzen dela hirurogeiko hamarkadan Estatu Batuetako ospitaleetatik ateratako esperientziatan. Zehazki, San José, Kaliforniako Agnews State-ko ospitaleko bibliotekan.

Ospitale horretan gaitz fisikoak liburuen bitartez sendatzeko bideak lantzen ziren. Sendatzaile taldean biblioterapeuta bat edo psikiatra bat izaten zen, bibliotekologoarekin batera; azken honek aztertzen du talde-saioetarako materiala, irakurgaiak. Proiektuak onarpen maila handia izan zuen eta oraindik badihardu.

Ezin du edonork aritu biblioterapian. Funtsezkoa da biblioterapeutaren eta bibliotekologoaren prestakuntza espezifikoa aintzat hartzea. Biok ere biok izan behar dira gauza pazientearen irakurtzeko gaitasuna ebaluatzeko, literatura egokia hautatzeko eta taldearen eztabaidak suspertuko dituen teknika proiektiboak erabiltzeko. Profesionalek batera lan egiten duen taldea osatu behar dute. Ez dakit Euskadiko ospitaleetan ezer lantzen ote den biblioterapian.

Sinesgorrentzat, esan dut lehen ez dela asmakizun moderno bat. Aipatu nahi dut Egipton bibliotekak “Biziaren Etxeak” zeritzoten tenplutan egoten zirela, eta benetako ezagutza eta espiritualtasun guneak zirela.

Erromatarrentzat tratamendu medikoa lotuta zegoen irakurtzearekin, eta grekoek arimaren botikatzat zeuzkaten bibliotekak.

Erdi Aroan ohikoa zen ebakuntza bat egin bitartean liburu sakratuak irakurtzea. Ez uste Biblia bakarrik irakurtzen zenik; epopeiek eta tragediek ere xede terapeutikoak zituzten.

XIX. mendean ere erabiltzen zen ospitale psikiatrikoetan. Benjamin Ruschen izan zen lehen ikertzaile estatubatuarra pazienteei irakurketa arrunt gomendatzen 1802 urtean, eta, gainera, biblioterapia gomendatu zien barne estualdiak, depresioa, beldurrak eta fobiak dituzten pertsonei, eta adin handikoei orokorrean.

Estatu Batuetan asko dira oraindik biblioterapia aztertzen duten autoreak: Caroline Schrodes, Esther A. Hartman eta Mary Jane Ryan, besteak beste.

Nola defini genezake biblioterapia modu errazean? Biblioterapia da:“Liburuak eta beste material batzuk erabiltzea zuzendutako irakurketa-programa batean, laguntzazko terapia gisa agindua, nahasmendu mental eta emozionalen tratamenduan, eta desmoldaera sozialak zuzentzeko laguntzan.

Caldin, C.F. beste teorikoak dioenez, “Biblioterapia tresna baliagarria da eguneroko bizitzaren tentsioen aurkako borrokan, eta gizakiaren premia literario eta estetikoak betetzeko behar den katarsia egiten duenean, emozioak baretzen ditu”.

Fontanelle, M.F.-ren aburuz, “biblioterapia da medikuntzan eta psikiatrian laguntza terapeutiko gisa irakurtzeko materialak erabiltzea, eta zuzendutako irakurketa-arazoak konpontzen ere lagungarria da.”

Bentes Pinto V.-rentzat “Jarduera terapeutiko bat da“.

Definizio guztietan argi geratzen da liburuak sendatzeko erabil daitezkeela, beti ere psikiatra bat baldin badago, bibliotekariaren laguntzarekin eragingo duena larritasuna, min fisikoa edo psikikoa uxatzea.

Ez daukagu esperientzia terapeutikorik gure biblioteka-sarean, baina badakigu, adibidez, irakurketa-klubak sozializatzeko moduak direla, nolabait. Gero eta sarriago, adin handiko pertsona asko (gaur egun hirurogei urte inguruko jubilatuak asko dira) irakurketa-klubetara joaten dira bakarrik ez egoteko, lagunak egiteko, irakurtzen dituzten istorioen bidez eguneroko atsekabeak ahanzteko, etxetik irteteko, beste pertsona batzuk topatzeko, ikasteko… Egia esan, egin egiten dugu terapia apur bat.

Literaturak beste bizitza batzuetara eramaten gaitu. Errezeta, maiz irakurtzea; osasunean eta zoriontasunean hobetuko duzu, eta ikasi egingo duzu. Botika hauek, jakina, liburu-dendetan eta biblioteketan aurkitzen dira. Botika hau paperean har daiteke, edo digitalean edota audioliburutan.

Ez gara autolaguntzako liburuei buruz ari –hain ezagun eta arrakastatsuak–. Fikzioaren, eleberrien, ahalmen sendatzaileaz ari gara. Batzuetan argumentua bera da funtzionatzen duena, bestetan prosaren erritmoa, beste batzuetan pertsonaia nagusiarekiko miresmena. Bada beti hunkitzen eta emozionatzen gaituen libururen bat.

Liburu hau Donostiako liburutegi-sarean kontsulta dezakezue.

26

Ots / 2018

Gutxiago irakurtzen dugu aro digitalean? Beste modu batean irakurtzen dugu?

Autorea:

Reading in a digital age

Aurkezten dizuedan “Reading in a digital age txostenean, irakurketaren analisi bat egiten da aro digitalean. Inork ezin du ukatu zeharo aldatu dela irakurketa. Duela hogei urte besterik ez, formatu inprimatuak bakarrik irakurtzen genuen: liburuak, egunkariak, aldizkariak, txosten akademikoak, testuliburuak, unibertsitateko eskuliburuak.

Gaur egun, irakurketaren eremuak izugarri ugaritu dira. Web orriak, blogak, tweetak, posta elektronikoko mezuak, facebookeko mezuak eta liburu elektronikoak irakurtzen ditugu. Barry W. Cull liburuzain kanadarrak adierazi bezala “Testuek gainezka egiten duten mundu bat da Internet. Alfabetizazio maila oso handia duen gizarte batean gerta liteke hori.”

Lehen begiratuan, egoera hobezina antza, liburuetara heltzea inoiz baino errazagoa den gizarte batean bizi baikara. Oso zabalduta daude doako liburutegi digitalak; liburu elektronikoen mailegu-plataformak doan ditugu eta nahiko ondo hornituta daude liburutegi presentzialak. Horrek eraman gaitzake pentsatzera aro digitalean dena direla irabaziak, dena direla abantailak.

Eta, hala eta guztiz ere, hor dabil adituen, liburuzainen, liburu-saltzaileen eta irakurleen artean irakurketa digitalaren inguruko eztabaida. Gutxiago irakurtzen dugu? Sakontasunetan sartu gabe irakurtzen dugu? Pisa Euskadiren azkeneko txostenak adierazitako emaitza oso txarra izan da, eta kontuan hartu beharrekoa ere haurrek bi urte dituztenean gehitzen direla tabletak eta ordenagailuak gure ikasgeletan. Hala, zer ari da gertatzen irakurmenarekin? Zer ari da gertatzen haurrekin, handikiro jaioberri digitalak deitzen zaien horiekin?

David M Durantek, berrogeita zazpi orrialdeko txosten honetan eta zazpi orrialdeko bibliografia batean, irakurmena eta neuroplastizitatea aztertzen ditu. Irakurketa linealaren eta irakurketa digitalaren arteko bereizketa aztertzen du bertan; eta irakurketa tradizionalarekin –inprimatua– parekatzen du irakurketa lineala. Eta beste termino bat ere erabiltzen du: irakurketa tabularra. Aditu desberdinen iritzia biltzen du, eta baita ere Europako eta Ipar Amerikako zenbait unibertsitatetan irakurleekin egin diren azterlanak eta haien iritziak. Gainera, liburu elektronikoen salmentek izan duten goraldiaz hitz egiten digu, halako goraldirik izan ez bada ere.

Egilea, esan beharra dago, irakasle elkartua eta liburuzaina da J. Y. Joyner liburutegian, Greenvillen, Ipar Karolinan

TITULAR BATZUK

Gogoan izan behar dugu irakurmena landu egin behar den trebetasuna dela, jaiotzetik ez datorkiguna. Ez da sortzetikoa. Ikaskuntza bat da. Irakurketaren fenomenoa neuroplastizitatearekin dago lotuta. Maryanne Wolf eta Mirit Barzillai adituen arabera,Plastizitatea neurona-sareak eratu eta berritzeko gaitasun bat da, ikusmenetik, ezagutzatik eta idazketatik abiatuta”. Hau da, garunak berritzeko duen gaitasunari esker irakur dezakegu. Beraz, zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta errazago. Aldiz, zenbat eta gutxiago, orduan eta zailago, ahalegin handiagoa eskatzen baitu. Ikusten al dugu justukoa, behartzen zaiena bakarrik irakurtzen duten haurrekin dugun arazoa? Zeren zain gaude erremedioren bat jartzeko? Irakurketa planak ezarri edo besterik gabe ikasgelan irakurri eta irakurri? Behartu behar al da irakurtzera?

 

Berdin irakurtzen al dira irakurketa lineala –inprimatua– eta digitala –tabularra–? Berdina da Tolkien irakurtzea, tweet bat irakurtzea, eta informazioa bilatzea?

Galdera horiei guztiei egileak ez die erabateko erantzuna ematen, baina hori bai, esan egiten digu irakurketa inprimatuak eta irakurketa digitalak neurona-sare desberdinak garatzen dituztela.

Duke University-ko irakasle Katherine Hayles adituaren arabera, irakurketa lineala –inprimatua– oso prozesu sofistikatutzat hartzen da, analisia, hausnarketa eta barneratzea eskatzen dituena. Asko irakurtzen denean, prozesu horrek segundo-milaren batzuk besterik ez ditu behar; gutxi irakurtzen denean, ordea…

Irakurketa digitala –tabularra– testu laburretan fokatzen da. Izan ere, beti esan ohi didate blogean gutxi idazteko, webean inork ez dituela testu luzeak irakurtzen. Hortaz, ez da berdin irakurtzen. Aditu, eszeptiko digital eta prodigital guztiak datoz bat horretan.

Irakurketa digitala azalekoagoa da irakurketa inprimatua baino?

Alderdi honetan iritzi desberdinak daude. Badira irakurketa digitalaren eszeptikoak eta beste batzuk ia desberdintasunik ikusten ez dutenak bi irakurketa modu horien artean. Azterlan ugari egin dira horren inguruan.

Bat aipatzearren, Alemaniako Johannes Gutenberg Unibertsitatean, 2011n, azterlan bat egin zen formatu digitalean irakurtzeko eta e-reader edo Tableten irakurtzeko adimenak egiten duen ahalegina alderatzeko. Azterlan hori berrogeita hamar pertsonarekin egin zen. Gazteak eta helduak. Ez zen benetako desberdintasun nabaririk ikusi.

Eta bitxia eta nabarmentzekoa da gazteak eta helduak bat zetozela liburu inprimatua nahiago zutela adieraztean.

Sara J. Margolin-ek ere ez zuen desberdintasunik aurkitu 2013an egindako azterlanean. Hala ere, Norvegian, STavanger-eko Unibertsitatean, hirurogeita hamabi norvegiarrekin egindako azterlan batean desberdintasun nabarmenak ikusi ziren irakurketa digitalaren azalekotasuna eta irakurketa inprimatua alderatzean.

Irakurketa digitala nabarmen ari da gora egiten?

Hasiera batean,gora  egin zuen baina momentu honetan igoera gelditu da.

Baina gaur egun ziurtatu daitekeenez, irakurketa digitala ez da gazteek gogokoen dutena. Haietako askok nahiago dute liburu inprimatua irakurri. E.book-en irakurketa geldialdian da orain.

Ondorio batzuk

Nire ustez zaila da erantzun zehatzak ematea irakurketarekin eta joera berriekin zerikusia duen guztiaren inguruan. Dena den, esan daiteke irakurketa digitala geratzeko etorri dela. Txosten hori funtsezkoa da. Irakurtzea gomendatzen dizuet.

Egileak dioenez, gaitasun bikoitzeko adimen bat eraikitzen ari gara, hau da, “Bi literate Brain” bat. Hortaz, lanean jardun beharko genuke irakurtzeko bi moduak –inprimatua eta digitala– dagozkien neurona-prozesuekin gure gazte eta haurren burmuinean garatu ahal izan daitezen.

Eta adierazgarria da haurtzaroan izaten diren irakurketa arazoen aurrean “Slow Reading” (irakurketa geldoa) bezalako mugimenduak sortzen ari direla Estatu Batuetan. Mugimendu horrek, Estatu Batuetan oso aktiboa denak, irakurketa inprimatua zaintzearen garrantzia aldarrikatzen du, irakurketa modu horri denbora eta espazioa eskainiz, eta esan beharra dago liburuzainak direla gehienbat mugimendu horretako kideak.

Haurrek bi modutan irakurtzen ikas dezaten lortu behar dugu. Modu lineal geldoak –inprimatuak– ezin du desagertu. Jakina, digitala hemen da eta geratu egingo da. Hala, egunean hogeita hamar minutu gutxienez, literatura modu inprimatuan irakurtzea lortu behar dugu.

Beti defendatu izan dut irakurketa digitala, irakurketa inprimatuaren gehigarritzat hartuta. Orain kezkatzen nauena da, liburutegiko zuzendari naizen aldetik, hainbat haurrek irakurketa inprimatuaren aurrean gogo handirik erakusten ez dutela ikusteak. Lanean jardun behar dugu haur horien gurasoei gogorarazteko “irakurketa ahalegin bat dela”, irakurriz ikasten baita irakurtzen.

31

Urt / 2018

Berrikuntzak liburutegi publikoetan : jardunbide egokiak nazioartean

Autorea:

Innovacion en bibliotecas públicas0001

2018ko lehenengo sarrera honetan liburutegi publikoen alorreko berrikuntzari buruzko liburu bat nahi nuke gomendatu. Liburuak mundu osoko liburutegietako jardunbide egokiak biltzen ditu, batez ere Estatu Batuetakoak, Europar iparraldeko liburutegietakoak eta Australiakoak, besteak beste.

Berrikuntza, lankidetza, sinergiak, elkarlana, konbergentzia eta halako hitzak kultura-kudeatzaileen, liburuzain “modernoen”, politikarien, aholkularien zein kazetarien ahotan entzuten ditugunean, hitz hutsak, errepikakorrak irudi dezakete.

Hori ez da liburu honen kasua, prestakuntza akademiko sendoa eta idazten duen gaian benetako eskarmentua duen liburuzain profesional batek idatzi baitu.


2012urtean Australiako liburuzainen elkarteak antolatzen duen “Kay Poustie” bidaialaguntza irabazi zuen. Bidaia-laguntza horren zati gisa, Britainia Handiko eta Europako berrikuntza-jarduerak aztertu eta horren berri eman zuen, zehazki hiri hauetako liburutegietakoak: Amsterdam, Delft, Kopenhage, Malmö, Londres, Cardiff, Manchester eta Liverpoolekoak. Bere txostenaren emaitzak 2014an aurkeztu ziren Australia mendebaldeko liburutegi publikoen kongresuan. 2016an egindako beste txosten batean ere aurkeztu ziren. Kristie Nicholson, egun, Australia mendebaldeko liburutegi guztietako baliabide elektronikoen taldeko presidentea da.

Beraz, egileak badu ezagutza akademikoa eta esperientzia egiaztatua. Gogorarazi behar da liburutegietako jardunbideak egokiak izan daitezkeela komunitate edo hiri batean, baina beste batetan porrot egin dezakete. Beti da beharrezkoa, hala ere, horiek ezagutzea.

Atzerrian egoki den hori ezin dugu etxera ekarri, aurretiaz ingurune geografiko eta kulturalari buruzko hausnarketarik egin gabe. Adibidez, Europa iparraldeko hiri batetan, liburutegi batetan taberna bat ipintzea berritzailea, beharrezkoa izan daiteke, baina… tabernaz jositako Donostian ere egokia al litzateke?

Zein da liburuaren egitura?

Sarrera labur batek ematen dio hasiera, eta bertan azaltzen da ikuspegi orokorra, berrikuntza hitza definitzen da eta ikerketak erabilitako metodologia azaltzen da. Horrez gain, lau kapitulu ditu, ondorioak, aurkibidea eta eranskinak. Kapitulu bakoitzak bere bibliografia du. Garrantzi handia ematen diet ikerketa honen bibliografia eta metodologiari. Nire ustez, gizarteak berriz eman beharko lieke balioa iturri fidagarrietatik eratorritako iritziei. Gai serioetarako sare sozial gutxiago.

Lehenengo kapituluan liburutegietako berrikuntzaren inguruko ikuspegi orokorra azaltzen du. Berrikuntza bildumen tratamenduan, herritarrentzako zerbitzuetan, teknologian, programa berrietan eta liburutegi-eraikinetan.

Bigarren kapituluan liburutegien edo, hobeto esanda, liburutegi berritzaileen inguruan mintzo da. Bost dira hautatu dituenak. Kanadako Edmonton Public Library, Singapurreko Liburutegi Nazionala, Alemanian Sttutgarteko Liburutegi Publikoa, Danimarkan Aarhus-eko Liburutegi Publiko ezaguna eta AEBetako Chicagoko Liburutegi Publikoa.

Hirugarren kapituluan profesional guztiok liburutegien etorkizunerako beharrezkotzat hartzen ditugun gaiak jorratzen ditu: sorkuntza liburutegietan eta erabiltzaileen partaidetza orain artean profesionalentzat baino ez direnetan, esaterako, funtsak lortzean. Benetako partaidetzaren alde egitea, eta ez “dena erabiltzailearentzat, baina erabiltzailerik gabe”. Elkarteekin lan egitea, ikaskuntza lantzea eta eraikinen eraberritzea. Berria al da? Ez al dugu egiten egun?

Guztiok ezin dugu guztia egin, eta liburuko interesgarriena da ikustea nola liburutegi bakoitzak alor zehatz batean jartzen dituen ahaleginak. Ezin dugu inuzenteak izan eta guztia berrituko dugula sinetsi. Ez du denontzat gauza berberak balio.

Azkenik, laugarren kapitulua bereziki interesgarria da, liburutegi bakoitzak ezarritako helburu berritzaileak lortzeko ekintza zehatzak identifikatzen baitira.

Proiektu berriei buruzko balantzeak, estatistikak eta hausnarketak egiteko garaia da eta nik liburu on bat izango dut bidelagun: “Innovation in public libraries”. Chandos-ek editatu du, Elsevier-ek inprimatu eta 2017koa da argitalpena.

 

15

Ira / 2017

Atsegin handia da, Kontxako hondartzan, Eguzkitekan irakurtzea

Autorea:

Eguzkiteka en agosto 12 13  15Joan den abuztuaren 31n itxi genuen Kontxako hondartzako liburutegia, Eguzkiteka. Blog honetan, uztaileko postean, honako hauen inguruan hitz egin nizuen: hondartzan eremu berri hau irekitzea, altzarien ezaugarriak, liburuki kopurua, ordutegia, kontsulta zitekeen prentsa eta ipuinaren ordua (egunero 17etan). Ez ditut datuak errepikatuko.

Orain, balantzea edo, hobe esanda, gogoeta txiki bat egiteko garaia da. Proiektu pilotua zen, berria hirian. Balantze bat gauza hotz bat da, zifrak jasotzen dira. Beraz, Eguzkitekaren lehen urte hau ixteko, nik nahiago dut nire inpresioak aditzera ematea, ekimen honen arrakastari buruz hitz egitea, Kontxako hegaletik igarotzen ziren guztien hain harrera positiboari buruz.

Uztailean ia egunero joan nintzen. Horregatik, jakin-minez bertara hurbildu zirenek zorionak eman zizkidaten pertsonalki. Informazio kanpaina gorabehera, askok kasualitate hutsez aurkitu zuten eremua. Zaila da liburutegien inguruko berriak ematea

Eguzkiteka en agosto

Eguzkiteka en agosto

Zifretan, ezin dira lehian aritu Donostiako udako beste ekitaldi batzuetako jarduera jendetsuekin. Eremua txikia da. Eguraldi onarekin (uda txarra izan dugu Kantauri aldean), eserleku guztiak bete egiten ziren. Aulki zuri guztiak okupatzen ziren. Guztira, 3.000 lagun baino gehiagok erabili dute liburutegi zerbitzua bi hilabete hauetan. Egiaz, ez dira bi hilabete ere izan, uztailaren 7an ireki baikenuen. Egun euritsuetan ere hurbildu dira gurasoak euren seme-alabekin ipuinaren orduan. Iparraldean, euria ari badu ere jendea hondartzara doa, hori bai, euritakoarekin.

Prentsa irakurketak arrakasta handia izan du.Tituluren bat bikoiztu eta ekonomistentzat Expansión egunkaria erosi behar izan genuen.Hondartzan ere, zenbaitek ekonomiaren berri izan nahi dute.

Mailegu zerbitzua, liburua toallara eramatea, ondo atera da. Eta esan beharra daukat atseginez harritu nauela pertsonen gizabideak. Ia ez dugu libururik galdu.Toalla gainean irakurtzeko 12 liburu mailegu egin ditugu batez beste.Ingelesezko liburu gehiago mailegatu ditugu frantsesezkoak baino, eta toallarako maileguak igo egin dira eguraldi onarekin.

Eguzkiteka en agosto

Liburutegi eremuan irakurtzeak oso harrera ona izan du. Erabiltzaile batzuk egunero etortzen ziren liburu bera irakurtzera hura amaitu arte.Ez zuten etxera eraman nahi.Gogorarazten dizuet liburutegiak irekita daudela ohiko mailegurako.Erabiltzaile horiek itsasoari begira irakurri nahi zuten.Liburutegi asko daude hondartzetan, parkeetan, igerilekuetan; baina, batek ere ez ditu Eguzkitekak duen ikuspegia: Kontxako badiaren esparru paregabea, Santa Klara uhartearekin.

Kontxa Hondartzako liburutegia. San Sebastián, Donostia

Kontxa Hondartzako liburutegia. San Sebastián, Donostia

Gure erabiltzaileen herenak turistak edo egun bateko bisitariak izan dira. Beste heren batzuk probintziako herrietatik etorri dira, baina gehienak donostiarrak izan dira.Haur bezainbat heldu izan ditugu.Ipuinaren ordura, arratsaldez, familia publikoa hurbiltzen zen.

Irudiek eta argazkiek ez diote justizia egiten Eguzkiteka hondartza liburutegiari. Eremu horretan zaila da argazki onak egitea.Abuztuko argazki batzuk aukeratu ditut eta jasotako zorion mezuak transkribatzen dizkizuet, ezer aldatu gabe. Eguzkitekaren inguruko 41 zorion mezu jaso ditugu idatziz.

Jarraian, zorion mezuen eta iradokizunen erakusgarri txiki bat doakizue.Datorren urtean itzuliko gara, eta hobetzen saiatu ere.Hiri batzuetan, adibidez Tolosan, Garona ibaiko hondartza liburutegiari buruzko berariazko blog bat ere sortu dute.

Hau diote erabiltzaileek Eguzkitekaren inguruan:

“Oso gustuko dut liburutegi honetara etortzea”.

 “Zoriondu nahi nuke Eguzkiteka ekintza eta bereziki ipuin kontalaria seme-alabak pila gozatu dute eta”.

 “Ideia zoragarria iruditzen zaigu, oso berezia eta hezigarria.Aurrera eta segi honelako egitandiekin!!

 “Idatzi honen bidez adierazi nahi nuke, kultur ekimen honekin oso gustora nagoela. Literatura sustatzeko ideia bikaina irduitzen zaidala. “Ocio egokia bultzatzen duela osasuntsua. Bai liburutegiarekin, bai ipuin kontalariarekin pozik gaudela, bai ni bai nire familia. Hurrengo urtean ezartzeko eskaera nahi nizuen. Mila esker eta zorionak!”

Oso pozik egon naiz zerbitzu honekin.Beraz, niretzat zoragarria litzateke datorren urtean berriz ere jartzea,eta pertsona berberak berriro egotea, oso atseginak eta adeitsuak izan baitira.

 “Oso zerbitzu interesgarria. Ondo kokatuta Gidari liburuak edo zaintzaileak benetan atseginak. Eskerrik asko”.

“Oso ondo dago zerbitzu hau.Ongi legoke urrira arte irekita egotea”.

“Nire iradokizuna da ekimen hau errepikatzea eta luzatzea.Oso atsegina da itzaletan irakurtzea itsasoko haize gozoarekin.Eskerrik asko haurrak ere hartzen dituen irakurtzeko eremuak sustatzeagatik.“Eguzkiteka” asmatu duen taldearen gustua miresten dut.Badira gauzak Realarena izan edo ez izatetik, suetatik eta udako abestitik harantzago.Toki zoragarria!

Eguzkiteka en agosto

Eguzkiteka en agostoEguzkiteka en agosto

19

Uzt / 2017

Eguzkiteka : Kontxa hondartzako liburutegia

Autorea:

Eguzkiteka uztailak 18an, biblioteca de la Playa de la ConchaCuenta cuentos en la bilbioteca de la Playa de la Concha

Público adulto leyendo en la biblioteca de la Playa de la Concha

Udaran irakurketarako espazio berriak sortzea ez da Donostia Kulturak eta bere liburutegiek egiteke daukaten zeregin bat. Duela 20 urte, 1998tik urtero zabaldu dugu Urgull Mendiko liburutegi ikusgarria, gaur egun Damen Baterian kokatu dagoena.

Baina mendian egotea erabiltzaile batzuentzat ez da oso erakargarria eta Donostia Kulturak aurten Kontxa hondartzan zerbitzu berri bat sortzea proposatzen du. Eguzkiteka

Liburutegien mundu tradizionalean mugimendu ausarta bat zabaltzen ari da eta liburutegi zerbitzuak espazio berrietan zabaltzen ari dira. Lorategiak, parkeak, liburutegiek irakurketarako eskuratzen dituzte. Adibide ezagunena New York hiriarena da, UNI programarekin. Hiri osoko espazio irekietan irakurketa guneak sortu dira.

Hondartzan irakurtzea betidanik egin da udaran. Gogoratu behar dugu, Donostian, gaur egun diskoteka Bataplan dagoen tokian, orduko Donostiako Aurrezki Kutxa munizipalak, irekitzen zuela liburutegi bat bertan irakurtzeko.

Donostia Kulturako liburutegiek aurrerapauso bat eman dute eta hondartzara edo hondartzako paseora hurbildu dira. Erabiltzailearengana gerturatu dira, konfiantza eman diote eta liburuak mailegatzen dizkiote arauak ahaztuaz. Hiritarren gizatasunean sinesten dugu eta momentuz hondartzara eraman diren liburu guztiak ehunetik gora, bueltatu dira.  Erabiltzaileei datuak eskatzen diegu, baina karneta ez dugu eskatzen. Datuak  bereziki estatistikak jasotzeko eta zerbitzuak funtzionatu duen jakiteko.

Eguzkitekan

Erabilpena

Donostia Kulturak Hondartzako Liburutegia Kontxako hegalaren azpiko zirkuluerdi formako espazioan kokatu du. Hondartzatik begiratuaz Hondartzako Liburutegiak ezkerraldeko erdia hartuko luke, bataz beste 60 metro karratu dira gehi aldapa edo malda azpiko espazioa. Hondartzara doan eskailera libre geratzen da eta beti errespetatuaz hegalaren azpiko pasabidea.

Itxiera egitura ez da finkoa,  apalategi guztiak gurpilak dituzte eta baita ate irristailuak. Liburutegi mugikorra deitzen diote, erabiltzaileak. Ateak liburuak ez lurrera erortzeko eta “galerna” edo euria egiten badu, liburuak babesteko.

Ordutegiari dagokionez Eguzkiteka, Kontxa hondartzako liburutegia, astelehenetik igandera zabaltzen da,  goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:30ak bitartera.

Hegalaren azpiko zati horren itxiera kolore zuriko apalategi mugikorrekin egiten da. Gauero materiala jasotzen dugu eta gunearen ondoko gordailuan gordetzen dugu.

Apalategiez gain mahai mugikor txiki bat jarriko da Zerbitzuan dagoen liburutegiko pertsonalarentzat. Erabiltzaileentzat aulkiak eta  hiru mahai, prentsaa eta liburuak bertan jartzen ditugu.

Ipuinaren ordua maldaren azpiko gunean egiten ari gara.. Belar artifizialaren gainean esertzen dira haurrak oso gustora. Egunero arratsaldeko 5etan.

Kontxako hegal azpian itsasoari begira irakurtzen egon ahal izatea, benetako esperientzi erakargarria da.

Eguzkitekan irakurtzen- Leyendo en la biblioteca de la Playa de la Concha

FUNTS BIBLIOGRAFIKOAK

Aukeratutako liburuak egokiak  dira hondartzan irakurtzeko. Frantsesez, inglesez, euskeraz eta erderazko liburuak aurkituko ditugu. Baita umeentzako liburuak eta komikiak gazte eta helduentzat.. Guztira gutxi gorabehera 700 ale.

Haurrak eguzkitekan 

Comics

frantsesez

Irakurketa itsaoari begira, nobela bat berriro irakurri, gozatu komikiak irakurtzen, umeen liburuak eta album ederren orriak pasa edo Donostiari buruzko bilduma txikia kontsultatu posible izango da irakurgune honetan.

Aldizkariak eta eguneroko prentsa eskaintzen dugu. Guztira 40 izenburu.

Liburuak ahal dira eraman oihal zapira eta bertan irakurri. Eskatzen ditugu pertsonen datuak eta posta elektronikoa baina ez dugu txartelik eskatzen. Konfiantza daukagu jendearen portaeran.

Liburua itzuli behar da egunero, irakurgunea itxi baino lehen. Biharamunean jarraitu nahi badute irakurtzen liburu berdina orri markagailu bat ematen diegu, liburuaren orrialdea apuntatzeko.

ALdizkariak eta eguneroko prentsa bakarrik irakurriko dira irakurgunean.

Donostiara etortzeko asmoa baldin baduzue, bainu bat hartzera, ez ahaztu bisita txiki bat egiten, Kontxa hondartzako liburutegi berriari. Eguzkiteka du izena

Ipuin kontaketa- eguzkitekan uztailak15 Eguzkiteka uztailak 16

Playa de la Concha, día nublado

Eitbko bideoaren esteka 

29

Eka / 2017

Liburutegi sinesgaitzak, liburutegi bereziak, liburutegi ibiltariak: bidaia bisuala

Autorea:

Bibliotecas extrañas-holandés

Improbable librariesBidaiatzeko, atseden hartzeko garaia da; uda iritsi da. Orain dela urtebete Leeuwardenen egon nintzenean, Alex JohnsonenBuitengewone bibliotheken” izeneko nederlanderazko liburua erosi nuen. Ideiarik ez nuen “Buitengewone” hitzaren esanahiaren inguruan, noski; “baina “Bibliotheken” ezagunagoa egiten zitzaidan. Azaleko argazkia bibliobus bat zen.Orrialdeei begirada bat ematean, liburutegien argazkiez beteriko liburu batekin egin nuen topo: liburutegi bitxiak, dibertigarriak, bereziak, ezohikoak... Ezin izan nion eutsi eta erosi nuen.

Orain dela gutxi, liburuaren ingelerazko bertsioa topatu nuen Amazonen, Improbable libraries: a visual journey to the world,s most unusual libraries” izenburuarekin (Liburutegi sinesgaitzak: munduko liburutegi bitxienen zeharreko bidaia bisuala izena erabil genezake euskaraz). Ingelerazko liburuaren azala ez da nederlanderazkoak duenaren berdina. Chicagoko Unibertsitateak argitaratu zuen 2015en. Ondokoa da liburuaren eskaintza: “Nire amarentzat eta nire aitarentzat, Wilma, Thomas, Edward eta Robertentzat, une alai ugari partekatu baititut beraiekin, 45 urte luzez, mundu osoko liburutegietan”.

Alex Johnson egilea liburuzainen seme da. Kazetaria da Erresuma Batuan eta “The Independent” egunkarirako lan egiten du. Argitaratze-aholkularia da ere. Liburu-apalategien inguruko blog bat dauka ere, jarraitzen hasi berri dudana. Orain dela gutxi, “Bookshelf” liburua argitaratu du Thames & Hudson argitaletxearekin. Hona hemen blogaren helbidea, liburu-apalategiak gustuko dituzuenontzat: http://www.onthebookshelf.co.uk/p/shedworking.html

Alex Johnson St Albansen (Hertfordshire) bizi da egun bere emazte eta hiru seme-alabekin.

Zeri buruzkoa da liburua?

“Zure liburutegia elefante baten bitartez iristen al zaizu etxera? Zure liburutegia ibai batean ainguratuta al dago? Zure liburutegia Ingalaterrako telefono-kabina batean al dago? Tren-geltokian, aireportuan, parkean, lorategi batean, hondartzan edo hotelean?”

Liburutegi publikoek liburuak toki guztietara eramateko xedearekin bizi izan duten iraultza jaso du Liburutegi sinesgaitzak liburuak. Arkitektoen, ingeniarien, espazioaren antolaketa berriak eta apalategi bereziak sortu dituzten diseinugileen laguntzari esker apalategiek, liburutegiko paretetatik ateraz gain, liburutegi-espazioa eraldatu dute.

Liburutegi berezien mundu honek ez ditu mailegu-arauak jarraitzen, erabiltzaileen zintzotasunaren aldeko apustua egin du. Liburuak hartu eta etxera eraman daitezke eta erabiltzailea ez dago datu-base batean erregistratua egotera behartuta. Eskuzko mailegu sinboliko batera bueltatzen gara askotan, erabiltzailea jardueraren erdi-erdian benetan jartzera. Berarengan fidatzen gara, liburua itzuliko digu. Har ezazu liburua; itzul ezazu liburua, esaten diogu.

Liburu honetako liburutegi gehienek “liburuzaina” jartzen dute ere zerbitzuaren erdian. Liburuzaina deierazko langilea da. Eskaintzen duen zerbitzuarengan sinesten du. Maite du liburu artean egotea. Eta erabiltzailea ulertzen du. Liburutegi hauetako zenbaitetan, funtsezkoa da boluntarioen lana, Latviango (Finlandia) diseinuko ikasleek eraiki duten “Story Tower” ospetsuan bezala, esaterako. “Istorioen dorre” honek liburutegi publikoa ordezkatu zuen, lanengatik itxia egon zen bitartean.

Liburuaren egitura

Liburuak zazpi kapitulu dauzka. Horiez gain, sarrera txiki bat, bibliografia egoki bat, egilearen biografia eta liburutegien zeharreko bidaia bisuala ahalbidetzen duten 240 argazkien erreferentziak eskaintzen ditu ere.   Liburutegiak beren ezaugarrien arabera sailkatu ditu egileak eta ezaugarriak dira, hain zuzen ere, kapitulu bakoitza izendatzen dutenak.

Abian dauden liburutegiak, Libraries on the move”. Lehenengo kapitulua.

XXI. mendean, denbora asko igarotzen dugu trenez, hegazkinez edo autoz bidaiatzen. Horrenbestez, liburutegiak sortu dira toki horietan. Kapituluak aireportuetako liburutegiak erakusten ditu, Amsterdameko Schiphol aireportuko liburutegi ederra, esaterako. Madrilgo eta Santiagoko metroen liburutegiak (itxiko ote zuten krisiaren ondorioz?), Katalunia – Madril linean abiarazi zen bibliotrena, Sao Pauloko Bibliotaxia eta luxuzko zenbait hoteletan dauden liburutegiak, Tailandiako Koh Samui Liburutegia bezalaxe. 1.300 ale ditu, alajaina! Liburuak eros daitezke, edo maileguan hartu ere.

Bigarren kapitulua “Liburutegi basatiak” edo “Animal Libraries da.

Barka itzazue itzulpenak. Liburuak urrutiko tokietara eramateko bitarteko bakarra bibliobusak direla pentsa genezake. Baina batzuetan, errepiderik ez dagoenean, animaliak erabiltzen dira liburuak garraiatzeko. Biblioastoa da Kolonbiako herri askotara iritsi ahal izateko irtenbiderik hoberena. Venezuelako landa-komunitateen kasuan, bibliomandoak erabiltzen dira. Mongolian, gamelua erabiltzen da Gobiko basamortuko komunitate nomadetara iritsi ahal izateko. Etiopian, zaldiak erabiltzen dira. Laosen, elefanteak ikus ditzakezue liburuak landa-eremuetako herrietara garraiatzen. Mundu osoko urrutiko eremu horietan liburuzainek zaldia, astoa, mandoa, elefantea edo gamelua nahiago dituzte garraiobide gisa, bide mekanikoak baino.

Hirugarren kapitulua “Liburu ñimiñoei” edo “Tiny libraries” delakoei eskainita dago. Telefono-kabinetako, kiosko esperimentaletako, hozkailuetako liburutegiak, liburutegi txiki askeak (“Free Libraries”) aurkezten ditu kapitulu honek. Free libraries delakoen goiburua ondokoa da: “har ezazu liburu bat; itzul ezazu liburu bat”. British Telecomek salgai jarri zituen Ingalaterrako telefono-kabinak, libra esterlina baten truke, espazioa erabilgarria bilakatzera animatuz. Liburutegi askeak bilakatu ziren asko eta asko.

Iaz, nire hiria kultur hiriburua izan zenean, “Book Box” izeneko ekimena jarri zen martxan, “har ezazu liburu bat; itzul ezazu liburu bat” filosofia hori islatuz. “Book box” edo “Liburu-kaxai” horietako bat Intxaurrondo kultur etxeko atarian kokatuta dago. Urtarrilaren 27an inauguratu zen eta liburuak edo egunkariak jasotzen ditu. Ekimenaren xedea jasangarritasuna da, bai eta irakurzaletasuna sustatzea ere. Beste liburu-apalategi mugikor horietako bat Tabakaleran dago. Isabel Vesga nire liburuzain lankideak dioenez, oso ondo funtzionatzen ari da. Ez da talkarik egon ohiko mailegu-sistemarekin.

Free Little Library” edo “liburutegi aske txiki” delakoen ekimena Kanada, Ghana, Pakistan, India eta Herbehereetara hedatu da. Ekimenak, irakurzaletasuna sustatzeaz gain, komunitatearekiko lotura sendotu nahi du ere. Liburutegi ñimiño horietan, apalategien diseinua oso garrantzitsua da.

Laugarren kapituluak Liburutegi handiak edo “Big libraries” du izena.

Kapitulu honetan, beren berrikuntzarengatik nabarmendu diren liburutegiak ikus daitezke. Horien artean daude Aberdeengo (Eskozia) Unibertsitateko liburutegia, Luckenwaldeko (Alemania) liburutegia, eraikina tren-geltokira atxikita duena, Hego Koreako etorkizuneko liburutegia, Palatial public library izeneko Birminghameko liburutegia edo Kansas Cityko liburutegiaren dekorazio erraldoia, bertako irakurleek proposatu zituzten 22 liburuen edizioa irudikatzen duena.

Home Libraries edo etxeko liburutegiek beren tokia dute ere, nola ez. Izan ere, etxean ditugunak liburutegi pertsonalenak baitira. Orain dela gutxi irakurri nuen literatura-aipu batek zioen bezalaxe, ezin da etxean libururik ez duten horiengan fidatu.Liburuan ikus daitezkeen etxeek eta liburutegiek irrika bizia sortzen dute.

Seigarren kapituluak Liburutegi ibiltariak edo “Mobile Libraries” delakoak aurkezten ditu. Bitxiak dira txalupa edo ontzietan dauden liburutegien argazkiak. Bizikleta-liburutegiak ezagunagoak dira eta Mexiko Hiriko bibliobusa ikusgarria da.

Zazpigarren eta azken kapituluaren izenburua “Not libraries edo “Liburutegi ez direnak” da. Tabernetako edo pubetako liburutegiak, gehienbat.

Sarreran esan dudan bezala, liburutegi guzti horien xedea da liburua norbanakoak dauden leku guztietara eramatea eta mailegu-arauetako zorroztasunarekin bukatzea. Nire hirian, gai izango al ginateke bazkide-txartelik eskatzen ez duen liburuak itzultzeko sistema bat errespetatzeko? Denborak esango du.

Liburu honek zoratu egin nau. Gomendatzen dizuet.

17

maiatza / 2017

XXI. mendeko liburutegiak, maisulanen hautaketa bat

Autorea:

Library- architecture and designLiburu bat dut eskuartean XXI. mendeko liburutegien maisulanei buruzkoa. Library : architecture + design . Masterpieces” du izena, eta honela itzuli dut ” Liburutegia : Arkitektura + diseinua. Maisulanak”

 Manuela Roth egileak egin du liburutegien hautaketa. Ingelesez dago, oraindik ez da gaztelaniara itzuli, ezta euskarara ere.

Oso edizio zaindua du. Alemaniakoa da argitaletxea, “Braun publishing”. Mundu osoko hirurogeita hamar liburutegiren erreferentziak biltzen ditu. Liburuaren bigarren argitaraldia da, berrikusia eta egokitua. Edizio hau 2015ekoa da eta lehenengo edizioa, berriz, 2011koa.

Manuela Roth egileari buruz esan dezakedana hauxe da: 1980an jaio zen eta barnealdeko Diseinua ikasi zuen Alemanian eta AEBetan. Arlo horretan zenbait urte lanean aritu ondoren Stuttgart eta Düsseldorf hirietan, 2017az geroztik argitaletxeetan jardun du lanean. Zenbait liburu argitaratu ditu arkitekturari eta diseinuari buruz. Orain Berlinen bizi da eta kazetari lanean ari da “freelance” gisa.

Bikaina da liburua liburutegiak maite dituztenentzat, arkitektoentzat eta diseinatzaileentzat, argazkilarientzat eta publiko orokorrarentzat. Kontuan hartuta gaur egun asko bidaiatzen garela, interesgarria da jakitea zein hiritan topa ditzakegun liburutegietako maisulanak.

Bada beste arrazoi bat liburu honen berri jakiteko, eta Euskadin gomendatzeko. Zeuen buruei galdetuko diezue: Ba al da hautatutako Euskadiko liburutegirik? Hau da erantzuna, bai. Bi daude. Bata, Donostiako Carlos Santamaría” Unibertsitate Liburutegia (152. orrialdean) eta bestea, Bizkaiko Aldundiko Liburutegia (148. orrialdea). Bizkaiko Liburutegia IMB arkitektoen estudioari enkargatu zitzaion, eta Carlos Santamaría liburutegia JAAM arkitektura sozietateari.

Zeintzuk dira maisulantzat jotzea merezi duten gainerako hirurogeita zortzi liburutegiak? Zeintzuk dira liburutegi horiek proiektatu zituzten arkitekturako estudioak? Nortzuek egin dituzte liburutegi bakoitzaren argazkiak hemen ari garen libururako?

Liburuan aurkituko dituzue erantzun zehatzak. Argazki horiekin gozatu egingo duzue arkitektoek, liburuzainek eta liburutegien erabiltzaileek. Ez ditut guztiak aipatuko, beti gogorarazten baitidate nire bloga irakurtzen dutenek, post luzeegiak egiten ditudala.

Arkitekto batentzat, oso erakargarria izan behar du gaur egun liburutegi bat proiektatzeak eta diseinatzeak. Liburutegietara era guztietako publikoa joan ohi da, eta gaur egun liburutegi bateko xehetasun guztiak zaintzen dira, altzarien diseinutik hasi eta erabiltzen diren materialetaraino, argiak, isiltasun guneak, elkarguneak, zerbitzu birtualak inplementatzeko moduak. Desafio ugari.

Liburuzainoi, arkitekturako liburu hauek ideiak ematen dizkigute, erreforma txikiak egiteko edo liburutegi berri bat planifikatzeko garaian planteatu ditzakegunak.

Nire hirian udal liburutegi publiko bikain batekin egiten dut amets, nire ilusioetako bat, liburutegien zuzendari naizen aldetik bete ahal izan ez dudana. Hortaz, beste liburutegi batzuk bisitatzearekin gozatzen dut, haietara bertaratuz edo irudimenaz baliatuz egiten ditudan bisitak liburu onak kontsultatzean.

Adierazi dudanez, ez dizkizuet hirurogeita hamar liburutegi horiek izendatuko, nire hautaketa erakutsiko dizuet, ordea. Unibertsitate-liburutegiak, liburutegi nazionalak eta espezializatuak, zuzenbide-liburutegiak, Bibliobusa bi liburutegi pribatu baztertu ditut.

Nahikoa liburutegi txiki nabarmendu ditut, birmoldatuak batzuk, edo lehendik dauden liburutegiei erantsiak. Beti iruditu zait oso zaila zaharra eta berria bat egitea, baina oso interesgarria iruditzen zait emaitza. Iragana, oraina eta batik bat geroa den liburutegia.

Hau da nire hautaketa, 16 liburutegik osatua

Hautaketa ez dut garrantziaren arabera egin, liburuan ageri den orrialde-zenbakiaren arabera baizik.

Grosuplje liburutegi publikoa, Eslovenia. Arkitektoak: Matej Blenku, Milo Floriancic. Barnealdeko diseinua: Nena Gabrovec eta beste batzuk. Argazkiak: Miran Kambic eta Radovlica. XIX. mendeko eraikin zaharrari egindako handitze-obra. 18. orr.

Helsinkiko liburutegi nagusia, Finlandia. ALA arkitektoak. Arkitektoen estudioaren irudiak. Liburutegi hau Finlandiako indepenentziaren 100. urteurrenerako proiektatu zen. Bisitatzea gustatuko litzaidake. Guztizko azalera eraikia: 16.000 metro karratu. 30. orr.

Ilhavo hiriko liburutegia, Portugal. Arx Portugal arkitektoak. Argazkiak: Fernando Guerra. XVII. eta XVIII. mendeko eraikin batetik fatxada eta kapera kontserbatzen dituen liburutegia. Guztizko azalera eraikia: 3.200 metro karratu. 42. orr.

Nurenberg hiriko liburutegia, Alemania. Baum-Kappler arkitektura-estudioa. Argazkia: Werner Hutmacher. Azalera: 8.446 m2. 54 orr.

Dendermonde hiriko liburutegia, Belgika. BOB361 arkitektura-estudioa. Azalera: 6.300 metro karratu. Argazkiak: André Nullersp. 58. orr.

Dublineko Ballyroan liburutegia, Irlanda. Box arkitektura-estudioa. Argazkiak: Paul Tierney. Azalera: 1.450 metro karratu. Lehen zegoen eraikina eraitsi eta berreraiki egin zuten ondoren, azalera handigoa hartuz. 62. orr.

Berlingo Kópenick liburutegia, Alemania. Bruno Fioretti Marquez arkitektura-estudioa. Azalera: 2.362 metro karratu. Argazkiak: Alessandro Chemollo. Barnealdeko diseinua ez da bereziki erakargarria, baina teilatuagatik nabarmentzen da. Arkitektoentzat interesgarria. 66. orr.

Anzin-eko liburutegia-mediateka, Frantzia. Dominique Coulon eta kideak arkitektura-estudioa. Argazkiak: Eugeni Pons. Eraikinak oso geometria sofistikatua du. Izugarri gustatzen zait transmititzen duen espazio eta lasaitasun sentsazioa. Liburutegi txikia da, 1.750 metro karratukoa. 70. orr.

Romain Rolland liburutegia, Romainville, Frantzia. Philippe Gazeau estudioa. Argazkiak: Philippe Ruault. Liburutegi hau hiriko lo-auzo baten erdian dago eraikita, zeharo berritu behar dutena. Leku hori ikono bihurtzea da asmoa, auzoa ez baita batere erakargarria. Azalera: 2.085 metro karratu. 116. orr.

 Vennesla-ko liburutegia eta kultur etxea, Norvegia. Helen&Hard arkitektura-estudioa. Argazkiak: Emile Ashley. Azalera: 1938 metro karratu. Liburutegi berria kultur etxe bat da, elkargune bat, bilera-gelekin eta kafetegia batekin. Publiko guztia areto zabal-zabal bakar batean biltzen da. Oso eraikin modernoa da, baina ez da gustukoen dudana. 140. orr.

Seinajoki hiriko liburutegia, Finlandia. Gustukoen dudanetako bat. JKMM arkitektoak. Azalera: 4.430 metro karratu. Argazkiak: Mika Huisman. Kultur eta administrazio gunean dago kokatuta, eta iparraldeko diseinuaren Alvar Aalto irudi gailenak diseinatua da. Erronka handia adierazi zuen eraikin berria lehendik zegoen egituran integratzeak. Liburutegia espazio ireki bat da, erraz moldatzen diren altzariez hornitua. Leiho handi batzuk ditu, Finlandiako paisaia zoragarria markoztatzen dutenak. Diseinuak arreta berezia jartzen du liburuzain lanbide aldakorrean. 160. orr.

Lohja hiriko liburutegi nagusia, Finlandia. Lahdelma & Mahlamaki arkitektoak. Azalera eraikia: 3.513 metro karratu. Argazkiak: Jussi Tiainen. Liburutegia zeharo ondo integratzen da ingurunean, Saint Laurentius elizatik gertu. Publikoarentzako guneak lehenengo solairuan daude, eta hormak adreilu gorrizkoak dira. Soilegia nire ustez. 174. orr.

España liburutegia, Medellin, Kolonbia. Mazzanti arkitektura-estudioa. Azalera eraikia: 3.727 metro karratu. Liburutegi hau Medellin hiriaren sinboloa da. Arroka batean dago kokatuta, topografiaren osagai bihurtuta. Arkitektoak testuingurutik atera zuen eraikina, bertaratzen den jendea ingurunean dagoen pobreziaz ahaztu zedin. 194. orr.

Spijkenisse hiriko Book Mountain liburutegia, Herbehereak. MVRDV arkitektura-estudioa. Azalera: 9.300 metro karratu. Izenak berak dioenez, liburuez osatutako mendi handi bat gogoraraziko digun eraikina izatea nahi zuen arkitektoak. Zoragarria da. Gustukoen ditudanetako beste bat. Nor ez da zoriontsu liburuz osatutako mendiez inguratuta? 202. orr.

Villanueva Casanare liburutegi publikoa, Kolonbia. Arkitektoak: Carlos Meza, Alejandro Piñol, Germán Ramírez, Miguel Torres. Azalera: 2.500 metro karratu. Harrizko fatxada ikusgarria. 271.orr.

Amaitzeko, gustukoen dudana, liburuaren azalean ageri den Liburutegia, baita erosi berri dudan beste batean ere, “A desing manual Libraries”, egileak:Nolan Lushington, Wolfgang Rudorf, Liliane Wong. Liburutegi honetaz ari naiz:

Stuttgart hiriko liburutegia, Alemania. Eun Young Yi arkitektoak. Azalera: 20.225 metro karratu. Argazkiak: Stefan Muller. Beirazko adreiluzko kanpoaldeko itxurak, karratu baten forma geometrikoarekin, eta barrualdeko eskailerek eta altzari zuriek handitasuna ematen diote liburutegiaren erdiko guneari. 295. orr.

Nork esango luke gizarte digitalean hainbeste liburutegi eraikiko zenik. Argi dago mundu osoan zehar ezagutzaren eta informazioaren gunetzat hartzen dela liburutegia, eta liburutegi marka bizi-bizirik dagoela.

Liburua helduen Liburutegi Nagusian dago eskuragarri, Alderdi Ederren.

Post honi Donostiako Carlos Santamaría zentroaren argazki batzuk erantsi dizkiot, Donostiako campuseko Unibertsitate Liburutegiarenak.

Carlos Santamaría 1

20170516_200745

Carlos Santamaría 6  Carlos santamaría 5

27

Ots / 2017

Liburu-denda independenteak “ergelkeriaren” aurkako erresistentzia guneak

Autorea:

Liburuaren egunean liburu saltzaileakParis literarioBerri triste bat dugu, otsailaren 11n, larunbatean, itxi egin zuten Donostiako Garoa liburu-denda. Garoa liburu-denda Zabaleta kalean zegoen, Gros auzoan, eta duela bi urte besterik ez ireki zituen ateak asmo handiko proiektu batekin, programa propioekin –“Osoigo” eta “Paperezkoak–, baina ezin izan du aurrera jarraitu nahiz eta bi urteotan zehar Imanol Agirrek eta bere anaia Enekok gogor egin duten lan liburu-denda hori kultur elkargune handi bat izateko asmoak bultzatuta.

Elkargune bihurtzeko kontu hori beste klixe bat, edo modako esaldi bat izaten hasi denez gero, bai liburutegietara bai museoetara eta liburu-dendetara aplikatu ohi dena, nabarmendu nahi dut liburu-denda independenteak ergelkeriaren aurkako erresistentzia guneak direla ere bai. Esaldi hori François Busnel autore, kazetari eta France 5 kate frantseseko “La grande Librarie” saioaren aurkezlearena da.

Liburu-dendak izugarri gustatzen zaizkit –ia liburutegiak bezain beste– eta horregatik Garoa itxi izanak eraman nau otsaileko post hau liburu-denda independenteei buruzko liburu bati eskaintzera.

François Busnelek idatzia da liburua. Pentsatzen dut zuetako askok ez duzuela ezagutuko. “Mon Paris littéraire”Nire Paris literarioa” du izena. Liburuak Parisko liburu-denda independente piloa biltzen ditu, 350, alegia. Autoreak “arrondissement” edo “auzoka” sailkatu ditu, eta iruzkin subjektibo labur bat gehitu die bera ohikoa den liburu-dendei.

Liburu-denda bat, dio autoreak 2016ko abenduaren 15eko Figaro-n argitara ateratako elkarrizketa batean, ”eguneroko bizitzatik oso urrun eraman behar nau, erakusleihotik, errotulutik hasita. Gustuko ditudan liburu-dendak, lehenik eta behin, leku ederrak dira: zura, aulkiak edo sofak, kartel zaharrak, liburuak bazter guztietatik (behar ez duten lekuan tarteka) topatzen ditugu eta, batik bat, liburu-saltzaileen irribarrean irudikatzen den espiritu hori”.

“Parisko nire liburu-denda maiteenak dira “Les Traversées”, Saint Médard plazan, Edouard Quenu kaleko 2. zenbakian zehazki, edo “L écume des pages, boulevar Saint Germain-en edo “Les guetteurs de vent” avenue Parmentier-en, 108. zenbakian. Dominique Monin eta François Lantignier liburu-saltzaileek garrantzi handiko bide-erakusle bat ezarri dute 11e arrondissement auzoko denda honetan. Irakurketa publiko ugari antolatu ohi dituzte bertan.

Autorearentzat liburu-dendek askatasun absolutua adierazten dute, bidaia bat, gauzarik chic-ena. Liburu-dendak eta te edo kafe saloiak nahastearen joera dela eta, autorea ados dago baldin eta liburua bada artista nagusia, vedettea. Duela gutxi, Shakespeare & Company liburu-denda famatua, Bûcherie kaleko 37. zenbakian, berriro ireki dute kafetegi bat itsatsita duela. 1951n liburu-denda ireki zuen George Whitman fundatzailearen biloba murgildu da abentura horretan.

Gainera, autoreak liburu-dendak desagertuko ote diren galdetzen diotenean kategorikoki erantzuten du ez direla desagertuko aurresanez. Mundu desmaterializatu honetan espazio errealak eta benetakoak behar izango ditugu, eta liburu-saltzaileak behar izango ditugu. Bere iritziz, Internetek aisetasuna adierazten du; ez, ordea, zorigaitza. Ezerk ez ditu ordeztuko halako lekuak, galdu, eztabaidatu, ligatu, aukeratzean zalantza egin, eta bilatu nahi ez genituen liburuez besoak kargatuta ateratzen garen lekuak.

Parisko liburu-denda guztiei buruzko informazioaz gain, liburuak ikusten ari garen bitartean pote bat, ardo bat non hartu proposatzen digu autoreak. Auzo bakoitzean hurbiltzen gaitu taberna bereziren batera. Adibidez, la belle Hortense gomendatzen digu, Vieille du Temple kaleko 31. zenbakian, eta liburuen artean afaltzea la Librairie” jatetxean, avenue Gambetta-ko 50. zenbakian, besteren artean. Gainera, Paris literario hau helbidez josita dago, idazle famatuak non bizi edo jaio ziren erakusten digutenak. Auzo bakoitzean aurkezten dizkigu helbide literarioak mapa batean seinalatuta. Izan ere, gida bat da fetitxismo literarioaren zaleentzako.

Nire hiri Donostiara itzultzean, joan den 2016an, liburu-denden elkarraldi bat izan zen, Liburu-saltzaileen Munduko Tokapeta. Bi egunak –maiatzak 3 eta 4– Jorge Carriónek dinamizatu zituen, “Librerías” saiakeraren egileak. Bost liburu-denda nagusiren esperientziak aurkeztu zituzten: Colonnes (Tanger), Ulysse (Paris), Nollegiu (Bartzelona), Ler Devagar (Lisboa). Eta Tipos Infames (Madril). Izan al zuen oihartzunik ekitaldi honek?

Jorge Carriónek, 2017ko”Irakurketa Espainian txostenean”, liburu-dendei eskainitako kapituluan, liburu-denda kulturalei eta liburu-denda hibridoei buruz hitz egiten digu, baita nire hiriko Ubik sorkuntza liburutegiaren esperientziaz ere. Jorge Carriónen arabera, liburu-dendek kopiatu beharko luketen esperientzia.

Jorge Carriónek ziurtatu duenez, liburu-dendek etorkizun lerro bat dute ordenazio tematikoarekin, esan nahi duena New Yorkeko gidaliburuen bila gabiltzanean alboan topatuko ditugula hiri horri buruzko nobelak, CDak eta gai horren inguruko objektu tematiko guztiak batera. Gainera, liburu-saltzailearen alderdi preskriptorea areagotzea proposatzen du, hezigarri izateraino bihurtu behar duen alderdia. Ubik-eko liburuzainen bihurketa aipatzen du liburu-saltzaileek egin beharrekoarekin alderatuz.

Garoa itxi izanak errealitate bat islatzen du. Zaila da Donostian liburu-saltzaile izatea. Liburu-dendek liburuak saldu behar izaten dituzte bizirauteko. Badakit Garoaren itxiera ez dela irizpide ekonomikoen ondorio bakarrik izan, baina absurdua litzateke ahaztea “negozio” horien alderdi ekonomiko eta kultural bikoitza.

Nik ez dut soluzioa, eta liburu-dendei lotuta errepikatu ohi diren hitz batzuek –mantrak, elkarbizitza, hibridazioa, kultur elkargunea– halako eszeptizismoa eragiten didate.

Liburu-denda independienteak esfortzu handiz mantentzen dira. Saltoki handiek, Donostiako FNACek esaterako, liburuak, kafeterak, ordenagailuak, telebistak, papera saldu, elkarraldiak antolatu… egiten dituzte. Liburu-denda txikiagoek, profesional handien ardurapean daudenek, “biziraun” egiten dute. Liburu-denda hauek datozkit burura: Lagun, Hontza, Donosti liburu-denda, Idatz, Zubieta liburu-denda, joan den urtean Gipuzkoa plazatik Errege Katolikoen kalera lekualdatu zena, Elkar liburu-dendak, Alde Zaharrekoa eta Bergara kalekoa, Kaxilda liburudenda, Armageddon comic eta auzoetako liburu-denda/papertegi txiki guztiak.

François Busneli bezalaxe, liburu-dendek azkeneko hitza esateko dutela iruditzen zait niri ere. Geu gara, irakurleok, biziarazten ditugunak haietan sarritan sartuz eta erosi behar ez genituen liburuak erosiz. Irakurleok gara erabakitzen dugunak Amazon-en erosi ala ez, jakinda ez dituela ordaindu behar dituen zergak ordaintzen. Geu gara, irakurle izateko dugun askatasunean, erabakitzen dugunak liburu-dendarik gabeko hiriak ote nahi ditugun edo babesten ote ditugun erabakitzen dugunak: Animo eta ez itzazue itxi ateak mesedez, eta garai berriei keinu egiten badiezue ere, mantendu esentzia, mantendu liburua eta zuen jardun ona.

Librería lagun DonostianZubieta Liburudenda

Librería Lagun

01

Ots / 2017

Kapitainaren liburuak-Bernardo Atxagaren liburutegia

Autorea:

Los reinos de papel, bibliotecas de escritores

Jesus Marchamalo egileak “Los reinos de papel” izeneko bere liburuan hautatu dituen idazleen liburutegien artean, Bernardo Atxaga idazlearen liburutegia nabarmendu nahiko nuke. Euskal idazleen liburutegiez aritzen diren liburuak oso urriak dira eta, ondorioz, atsegin handiz irakurri nituen bere liburutegiari buruzko lau orrialdeak. Eta, halaber, zuri-beltzeko zazpi argazki daude; egilearena bat, liburutegiarenak beste guztiak.

Jesus Marchamaloren liburuaren jatorria ABC egunkariko kultura osagarrian 2007ko amaieran argitaratu zituen artikuluen bilketa bat da. Aipatu artikuluak egile liburutegiak epigrafearekin argitaratu ziren. Egile liburutegi horiei esker, Jesus Marchamalok bidaiatu eta idazle askoren liburutegiak ezagutu eta bisitatzeko aukera izan zuen .Idazle guztiek beren etxetako, beren intimitatearen ateak ireki zizkioten.

2013ko erdialdera, Miguel Delibes Fundazioarekin batera lanean hasi eta idazleen liburutegiak biltzen jarraitu zuen egileak.

Ondoko idazleen liburutegiak aurkituko dituzue “Los reinos de papel” liburuan:Julio Llamazares, Ignacio Martinez de Pisón, Manuel Vicent,  Elvira Lindo, Félix de Azúa, Ángeles Caso, Antonio Colinas, David Trueba, Javier Gomá, Luis Antonio de Villena, Marta Sanz, Manuel Longares, Vicente Molina Foix, Luis Garcia Montero, Lorenzo Silva, Rosa Montero,  J.J. Armas Marcelo eta Miguel Delibes.

Egileak dioenez, Marguerite Yourcenar zenak pertsona bat ezagutzeko erarik onena bere liburuak ezagutzea zela esan zuen. Idazleen kasuan, beren liburuak ezagutzea egile horien literatura-unibertsoetara gerturatzea izan daiteke.

 Zer dio Bernardo Atxagaren liburutegiak bere pertsonari eta bere literatura-unibertsoari buruz? Ontzi-kapitaina al da Bernardo Atxaga?

Gure egile ezagunenari eskaini zaion kapituluaren izenburua ondokoa da: “Los libros del capitán” [Kapitainaren liburuak].Gudu, irakurketa eta bidai frankotan zailduriko kapitain Bernardo Atxagaren liburutegia bere etxeko ganbaran dago.Liburutegiaren zati bat antolatua dago dagoeneko; beste zatia, bidean.“Liburutegia antolatzen duzun bitartean, nolabait, zeure burua antolatzen duzu ere”. Atxagak “Bere liburutegia bilduma bat bilakatzeko, liburuak biltzeko gogo argia dauka; ez liburu garestiak, berak gustuko dituenak baizik”.

Liburutegiak muga leuneko kode bat jarraitzen du. Olerkariak alde batean –Juan Ramón, Cernuda, Sylvia Plath-; fikzioa bestean eta entsegua, beste kontinentea, hirugarren batean .Marchamalok dioenez Bernardoren aitaginarreba Andonik ordena alfabetikoa erabiltzen du eta, halaber, Atxagak liburuak bere nahierara pilatzean sortzen duen kaosa antolatzen du.

Atxagaren liburutegian nerabezaroan irakurritako liburuak aurki daitezke ere: Heinrich Böll, Herman Hesse, Günter Grass, Tolstoi, Chejov, Dostoievski eta, bereziki, azal fuksia eta izenburua zuri-beltzean duen eta bizitza betirako aldatu zion liburua: Bertold Brechten “Poemas y canciones”. Liburua irakurri ostean, Bartzelonara joan zen filosofia ikastera.

Atxagaren liburutegian ezinbestekoa da, noski, euskal liburuen atala, “sorpresarik gabea eta ugaria”. Sabai-leihotik gertu dauden bi apalategi-gorputz hartzen ditu eta horien buru, Gabriel Aresti irribarretsu baten argazkia dago. Arestik idazteko eta idatzitako hori argitaratzeko adorea eman zion.Berari esker hasi nintzen argitaratzen eta, ondorioz, estimu handitan daukat”.

Idazle bakoitzak hiru liburu hautatu behar zituen. Egilea markatu duen literatura unibertsaleko liburu bat, egile beraren beste bat eta, azkenik, Miguel Delibesen Fundazioaren enkargua denez liburua, egile horren liburu bat.

Atxagak aukeratu duen literatura unibertsaleko liburua Bertold Brechten “Poemas y canciones” da. Bere liburua, Nevadako egunak.Eta Delibesen liburua, “Viejas historias de Castilla la Vieja”.

Urte honetako nire lehen postak liburutegiak, zenbakiak, errendimendua, maileguen kopurua, egindako jarduerak eta antzekoak jorratu behar zituen. Balantzea egiteko, liburutegi-sarearen aro berriaz hitz egiteko unea zen baina “Los reinos de papel”-ekin topo egin dut eta aipatuan murgildu eta liburuarekin amets egitea nahiago izan dut.

“Baketsua izaten jarraitzen duen etxeko toki bakarra liburuak dira”, Julio Cortázar.

Bernardo Atxagaren Literatur unibertsoa ezagutzeko “Muskerraren bidea” Asteasun egiten den ibilbide literarioa gomendatzen dizuet. Nik egin nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Argazkiak lekuko dira.

Muskerraren bidea1 Muskerraren bidea2 Muskerraren bidea3 Muskerraren bidea4

1 / 812345...Azkena »