10

Api / 2012

Bizitza eta irakurmena

Autorea:

la lectura y la vida de Emili texixidor Bidalketa honen izenburua “Bizitza eta irakurmena”  Aste Santu oporretarako aholkatu nahi dizuedan liburuaren bera da.

Oporretan, normalean, gehiago irakurri ohi da, denbora dugu eta. Erosi, deskargatu edo mailegatu dituzuen liburuez gain, 201 orrialdeko harribitxi hau irakurri beharko zenuteke.
Bertan aurkituko dituzue: atal bat irakurtzera animatzeko estrategia eta trikimailuekin; haur literaturari buruzko zerrenda bat gazteleraz; klasikoei buruzko hausnarketak; lagungarriak izan daitezkeen ideak guraso eta irakasleentzat gazteengan irakurzaletasuna pizteko lan malkartsuan. Eta, jakina, liburutegiei dagokien atala ezin falta! Zazpigarren atala

Irakurzaletasuna pizteko ez dago errezeta magikorik, baina Teixidorrek arrazoia baldin badu, ” Liburuzaleak bizitza anitza du: berea eta liburuetakoa. Horregatik, esperientzia gehiago bizitzen ditu, emozioz beteriko bizitza aberatsagoa bizi du”. (17. orrialdean)

Teixidorrek  ikastoletan ahotsgorako irakurketa gomendatzen du! Gutxienez ordubete. Badakit, zenbait hizkuntza irakaslek egiten dutela, eta oso pozik daudela emaitzekin. Nire ustez, klasean behineko irakurketa saioa edozein irakurketa kanpaina baino eraginkorragoa izan daiteke.

Emili Teixidor idazle ezaguna da eta ospea lortu du askeneko boladan, “Pa negre” filma bere nobela batean oinarrituta dagoelako. Biak ere, liburua eta filma, guztiz gomendagarriak.

Bukatzeko oporraldi hauetan, Donostian baldin bazaudete,  gogoratu nahi dizuet Urgull Mendian,   Damen Bateria deritzon eremuan, gure liburutegia  irekita dagoela . Bertan egunkariak, internet, eleberri batzuk, haurrentzako komiki eta liburu asko… dituzue, eta irlara ikusmira paregabea!