31

Urt / 2013

Liburutegiak zenbakitan 2013 – Denbora galtzen dugu?

Autorea:

Urteko memoria egiteko garaia da, hots, datuak aurkeztekoa.

Donostiako liburutegi sarekoek, Bertelsman Fundazioak eman zigun, PAB-SAREAK ikastaro bikainaren ondorioz, garrantzia handia ematen diogu datu bilketari.

Liburutegien alderdi desberdinetako datuak jasotzeak garrantzia handia du; hausnarketa egin ondoren, horien arabera finkatzen baititugu hurrengo urteko helburuak.

PAB-SAREAK ikastaroa izan da, hain zuzen, benetan eta behin-betirako, estatistikek eta analisiek liburutegi publikoetan duten garrantziari buruz nuen iritzia aldarazi zidana.

PAB-SAREAK liburutegietako osagai guztien analisia hartzen du kontuan: azalera, langileak, ordutegia, bildumen antolaketa, euskarri informatikoa, mailegu kopurua, bezeroak… eta abar luzea.

Datuak jaso ez ezik indikatzaileak ere zehazten dira. Hala ere, pixkat hanka motz geratzen da, 2002. urtekoa delarik, eskaintza birtualak, interneten erabilera eta jakina, sare sozialak (sortzeke baitzeuden) neurtu eta aztertzerakoan.

Badaude ere, liburutegien analisiak direla eta, aipaturiko programa bezain onak. Bidalketa honetan, hain zuzen, horien guztien garrantzia azpimarratu nahi dut. Liburutegien kudeaketaren metodologia hobetu nahi badugu, ebaluatu, aztertu eta emaitzak alderatu behar ditugu, planifikazioa burutu aurretik.

Nola neurtu sare sozialen eragina?

“Sare sozialak liburutegietan” eztabaidan murgilduta gaude azken garai honetan. Askorentzat debatea amaitua da dagoeneko; egon, egon behar dute, baina, nola, zein modutan…, adostu behar dugu; eta, batez ere, eraginari buruzko datuak jaso behar dira.

Nieves Gonzalezek dio emaitzak aztertu behar ditugula. Berak ROO (Retorno sobre los objetivos) akronimoa erabiltzen du. Bere artikuluan: ” Sare sozialekin denbora galtzen ari al gara?” , zenbagailuak eta neurgailuak ezartzearen alde agertzen zaigu; eta, halaber, arrakasta (jarraitzaileak), jarduna, mugimenduak (webak, blogak, foroak…), Markarekiko leialtasuna, interakzio tasa, aldaketa tasa… Hori guztia neurtzearen alde dago.
Google Analytics-en moduko dohaineko zerbitzuak jasotzen dituzte datuak, baina garrantzitsua da norberak datu horiek sistematizatzea bere metodologian beste indikatzaile guztiekin batera aztertu ahal izateko.

Liburutegi hibridoan egiten duguna neurtzea, lehen PAB-SAREKIN abiatu ginenean egitea
bezain garrantzitsua da. Neurketarako eta kudeaketarako tresnak izatea ez da denbora galtzea.

Gure datuak.
Donostia Kulturan komunikabide Sailak urteroko memoria aurkezten duenez, ez ditut gure datuak aurreratu nahi; baina, esan beharra daukat jaso ditugun datuek ongi asko adierazten dutela Donostiako liburutegiek duten harrera eta ospe ona erabiltzaileengan. Aurten ere gora egin dugu, mailegutza, bisitari eta internet saioei dagokienez.
.
Urtero oso “liburuxka” txukuna eta ikusgarria, lau hizkuntzatan ( euskaraz , gazteleraz, frantsesez eta ingelesez) argitaratzen dugu, aurreko urteko datuak erakutsiz. Gure erakusleihoa da; eta, aurten ere aterako dugu, eta baita webean eskegi ere.

Ahalegin horretan tinko jarraitu behar dugu guztiok. Zenbait erakundek, adibidez, Eusko
Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak,
estatistika datuak oso berandu eskatzen dizkigu; eta
ondorioz batzuetan zalantzan jartzen dugu lan horren balioa.

Guk martxoan barneko bilera bat egingo dugu, liburutegi bakoitzeko memoriak aurkeztuz eta datorren urteko egitasmoak finkatuz. Helburu horiek neurgarriak izan beharko dute.

Datorren urterako, Nieves Gonzalezek proposaturiko sare sozialen eragina neurtzeko
markatzaileren bat txertatzeko asmoa dut.