27

Mar / 2013

Wikipediarekin bueltaka

Autorea: Liburu dantza

Taller de Wikipedia en la Biblioteca Central InfantilUrtarrilaren 25ean Donostian, Carmen Fenoll, Kataluniako Generalitateko liburutegiburuaren, eta Alex Hinojo “Glamwiki” proiektu katalanaren bultzatzailearen bisitaldiaz gozatzeko parada izan genuen.

Lehenengo saioa Udal liburutegiko Mandaseko Dukearen aretoan egin genuen. Fermín Lasala Colladok, Mandaseko Dukeak, Donostiako liburutegiari oparitu zion, bere biblioteka pertsonala eta liburuen artean Diderot eta D’ Alemberten Entziklopedia. Bitxia da Tomas Saorínek, “Wikipedia, Atik Wra“, bere liburuan aipatzen duen antzekotasuna, XVIII. mendeko proiektu horren  eta gaur egungo, Jimmy Walesen Wikipediaren artean. Bi egitasmoek kritika ugari jasoak; baliabide ekonomikoak eskuratzeko arazoak, kritikak isilarazteko ahaleginak, baina, azkenean garaile.

Tomas Saorínek aipatzen du ere, Philipp Bloomen “L’ Encyplopédie” saiakera bikaina.
Enziklopedia zaleek XVIII.mendean bazuten zer galtzerik: askatasuna.

Formakuntza tailerra.
Lehenengo saio horretan, tailer bat antolatzeko beharra sortu zen. Martxoaren 1ean egin dugu, Haur Liburutegi Nagusian. Alex Hinojok ondo asko azaldu digu wikipedian kolaboratzaile izatea, ez dela soilik artikuluak idaztea edo osatzea; hezkuntza eta  kultura erakundeek bere giza funtzioa bete dezakete, beraien baliabideen zati bat Wikipedia eraikitzeko emanez. Liburuzainok, artxiboko langileok, museo zaindariok, irakasleok…heziketa eta kultura bideratzaileak gareen heinean, badugu orain, kultura hedatzeko beste tresnarik.

Kolaboratzaile eremu ezagun bat GLAM izenekoa da. Akronimo hori Galleries,
Libraries, Archives and Museums hitzekin osatua da.

Zer egin dezakegu liburutegietan?

Wikimaratoiak. Jarduera honetan, wikipedista talde bat elkartzen da, normalean liburutegi batean, artikulu edota gai bat ahalik eta gehien osatzeko.
Wikimaratoiak egin izan dira Katalunian, Xabier Miserachs, Joan Miró eta Angeles Santos Torroellaen artikuluak osatzeko. Liburuzainok kalitatezko bibliografia eskaini eta wikilariek Internet konexio, mahai bat baino, ez dute behar.

Irudien askatzea. Wikipedia oso leku ikusgarria da, eta gero eta erakunde gehiagok hori ulertu dute eta haien bildumak eskuragarri egin nahi dituzte ahalik eta jende gehiagorentzat. Wikipediaren eremu honi, hau da, irudiena, Wikimedia Commons deritzo. Horko eduki guztiek Commons creative lizentzia dute, publikoak dira. Adibide bat ematearren: Víctor Balaguer Museo Liburutegiak bere pinakoteka osoa wikipedian eskegi zuen 2011n.

Testuen askatzea.
Zenbait museok, Picasso Museoak, Josep Pla Fundazioak…, eta liburutegiren batek, Palafrugellekoak esaterako, beraien legezko oharra aldatu dute, bere web orria Wikipediarekin bateragarria izan dadin. Modu honetara badago sortzerik artikulu ugari, aldez aurretik kaleratutakoak aprobetxatuz. Wikipediak erakundeetako ohiko webek baino askoz bisitari gehiago izan ohi dute.

Wikipedilari egoiliarra. Wikipediako editorea da eta denboraldi batean erakunde jakin batekin lan egiten du. Era berean wikipedian, argitaratzen ditu erakundeari dagozkion zenbait jakingai. Horrelakoen bitartez, zubiak eraikitzen dira editore taldeen eta kultur erakundeen artean. Alex Hinojo, adibidez, Picasso Museoko egoiliarra izan zen; Palafrugellekoak izan zuen wikilari egoiliarra ; halaber, British Museumak…

Lehiaketak Taldeak dinamizatzeko era egokia da. Alex Hinojok kontatu zigun British Museumek lehiaketa bat antolatu zuela, non berarien bildumari buruzko kalitate handieneko bost artikuluen egileek opari sorta bat jasoko baitzuten. Arrakasta izugarria izan omen zuen deialdiak.

Hezkuntza programak.
Badago kolaboratzerik maila desberdinetako hezkuntza erakundeekin. Katalunian eskoletan ari dira, baina Unibertsitatearekin ere egin daiteke. Ikasleei eskatzen zaie, haien lanak paperean edota power point batean egin ordez, wikipediako artikuluak eta gaiak osatuz hobetzea. Liburutegien ardura formakuntza eta bibliografia ematea litzateke. Irakasleak zuzenketa lana wikipedian bertan egingo luke.

Badago beste kolaborazio modurik, baina orain arte aipatutakoak badira nahiko adierazteko eremu berri honen erakargarritasuna. Donostiako liburuzainei iruditu zaigu, ezer antolatu aurretik formakuntza handiagoa behar dugula. Beraz, bide hori urratzear gaude, baina astiro-astiro joango gara.
Mediateka Tabakalera Euskal Wikipediarekin harremanetan jarria da eta martxoan egindako saioan gurekin izan genuen Jose Mari Sarasola, wikilaria.
Mediateka Tabakalerak edo beste euskal kultur erakunderen batek lekukoa hartuko duelakoan nago.

Ezin dut bukatu bidalketa, aholkatu gabe Tomás Saorínen liburua, oso argia eta etorkizunerako ideiak ematen digu.

Los comentarios están cerrados.