30

Abe / 2013

Literatur fetitxismoa, literatur bidaiak

Autorea: Liburu dantza

Aurtengo azkenengo bidalketa honetan, “Liburutegitik itsasoratu” liburua aholkatu nahi dizuet. Oso liburu entretenigarria da; eta bertan, literaturarekin lotura izan dezaketen: hiri, etxe, bidaia, hotel edota kanposantu aipatzen dira. Hau da, liburu edo idazle ezagunekin lotura duten leku edo gertaerak. Adibidez, Parisera bidaiatu duen edonork daki zenbat kultur jende ospetsu dagoen
lurperatua Père Lachaise hilerrian: Proust, Gérard de Nerval, Chopin, Sara Bernhardt, Balzac, Colette….

Liburutegi eta liburudendak ere izaten dira santutegiak, erromese eta bidaiarien jomuga. Londresera joan garen gehienok, liburuzainak ez izan arren, sartu gara noizbait Britaniar Museoko Irakurketa Aretoan; han ikasi baitzuten hainbat pertsonaia esanguratsu: Marx, Lenin, Gandhi, Kipling… Baina, urrutira joan gabe, Bilbon bertan, Bidebarrieta Liburutegiko areto ikusgarrian eman zituzten hitzaldiak: Unamunok, Ortega Gassetek eta Gerardo Diegok, besteak beste. Donostiako Udal Liburutegian, Mandas Dukearen aretoa, donostiar batzuentzat ezezaguna, daukagu.

Zer dela eta horrelako literatur fetitxismoa? Moda bat baino ez al da?

 Nik ez dut uste moda kontua denik. Bai, egia da, zenbaitetan bestseller baten inguruan sortu dira bidaia literarioak; esaterako, Suediara Henning Mankellen istorioak jarraitzeko… edo Dolores Redondoren, nobelak direla eta Baztanen ibilbide literarioa antolatu dute.

 Halere, betikoak dira bidaia literarioak, benetako irakurleek beti behar izan baitute, nolabait, gogoko izan duten liburu edo egile horren arrastoa, esentzia aurkitu, autorearen jaioterrian, edota istorioak gertatzen diren lekuetan.

Badaude ere, jakina, interes hori ulertzen ez dutenak, are gehiago, barregarri deritzotenak. Dena den, esango nuke, gehiengoetan, zerbaitek bultzatzen gaituela gugan arrastoa utzi duten liburu horietako lekuetara bidaiatzera, egilea hobeto ezagutuko dugulakoan.

Gogoan dut, duela urte asko modan egon zen liburu bat: Kenize Mouraden “Hildako printzesaren partetik”. Estambulera bidaitu nuen garai hartan, eta ziur nago, liburua irakurri berri nuelarik, beste era batera gozatu nuela Topkapi Jauregiko bisitaldia. Zerbaiten bila ote nenbilen…?

Moskun Chejoven museo etxea bisitatu nuen. Etxe txiki bat zen. Bertako egurrezko eskairelak eta bere idaz-mahaia, Hermitage Museoko arte lan asko baino hobeto gogoratzen ditut. Chejoven etxea ikusi ondoren, bere lana interesgarriagoa egiten zitzaidan. Bere ipuinak aholkatzen dizkizuet.

Zertarako balio behar lukete literatur bidaiek?

Bat egiten dut, guztiz, Jesús Arana Palaciosek esaten duena, “Liburutegitik itsaroratu liburuan,  “: ” …Bidaia literario bat burutzean, miresten dugun autore hori sakonago ezagutu nahi dugu, ulertu nahi dugu… Jakin nahi dugu, bere jaioterri eta bizilekuek zenbaterainoko eragina izan zuten bere nortasunean eta literatura ulertzeko moduan

Zer deritzozue jarduera literarioei buruz? Eta, idazleen agerraldiei buruz irakurketa klubetan, liburudenda eta liburutegietan?

Gero eta maizago egiten dira horrelako emanaldiak. Liburuak saltzeko egokia dirudi idazle eta irakurleen arteko harreman hori. Bidaia literarioen zalea naiz, agian egileak zenduak direlako; egungo idazleekin, aldiz, etsipen handia izan dut askotan. Idazle ona izateak ez du pertsona ona izatearekin bat zertan egin. Zenbait idazlek ez dute ondo eramaten jendaurrekoa; beste batzuk, berriz , ego neurrigabea dute, eta jasanezinak egiten zaizkit.

Gero eta gehiagotan egiten diren arren, ez dira, nire ustez, bidaiak bezain aberasgarriak. Bidaia horietan egilearen oroitzapenak, irakurle ezezagunaren esperientziarekin baitzen dira.

Oso liburu ederra da, Jesús Arana Palaciosena” gomendatzen dizuet. Bitxikeri interesgarriez josia.

Gabonetan bidaiatzeko asmoa baduzue, hartu eta begiratu.

Bukatzeko Oliver Rolinen bidaia literarioei buruzko beste liburu bat ere aholkatzen dizuet: ” Zazpi hiri : Buenos Aires, Trieste, LIsboa, Alejandría, Leningrado , Praga eta Valparaíso gogoan.” Autorea Donostiara etorri zen, hitzaldi bat ematea eta pertsona bezala ere merezi zuen.

 

Los comentarios están cerrados.