30

Mai / 2014

Concha Chaos gogoan

Autorea: arantza

Concha Chaos bibliotecaria en la biblioteca de la Plaza de la Constitución San sebastián

Concha Chaos liburutegiko gure lankidea joan den maiatzaren 8an, ostegunez, zendu zen, eta liburutegiei eta liburuzainei buruzko blog honen bidez labur-labur oroitu nahi dut, bere ibilbide profesionalaren hainbat zertzelada emanez.

Niri dagokidanez, elkarrekin lan egin genuen, harekin ikasi nuen eta, azken urteotan, erretiroa hartu aurretik, zuzendaritzaren ardura hartu nuenean beti izan nuen bere babesa.

Nire belaunaldiko donostiar askok gogoan dute Konstituzio plazako eraikineko hirugarren solairuan, bertan kokatzen baitzen haur liburutegia 70eko hamarkadan sortu zenetik 1994. urtera arte, egungo egoitzara aldatu arte.

Irakurle horiek gogoan izango dute Tintin, Mortadelo…eta abarrez isiltasunean gozatzen zutela “Conchitaren” begiradapean.

Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen 2007. urtean. Liburuzainen talde osoa izan zuen gogoan eskerrak emateko hitzaldian, eta, jakina, baita Ramon Etxezarreta ere, berak liburutegi publiko donostiarrengan sinetsi zuelako eta sustatu eta babesa eman zielako.

Zaila da haur liburutegiei eskainitako bizitza lerro gutxi batzuetan laburbiltzea, baina honako hau galde diezaiokegu gure buruari: zergatik eman zioten merezimenduaren domina liburuzain bati?

Eta zera erantzungo dut: langile bikaina izateagatik, haur liburutegien sorreran aitzindari izateagatik, haur sailetan haurtxotekak sortzeagatik, haur eta gazteentzako euskal liburuen dokumentazio gune bat sortzeagatik, Iñigo Sanz de Ormazabalekin eta Susana Sotorekin batera Gipuzkoako liburuzainen eta dokumentalisten elkartea eratzeagatik, eskola liburutegiak bultzatzeagatik eta haur literaturan espezialista izateagatik.

Behinola : haur eta gazte literatura aldizkariaren 14. alean Haur liburutegiak askatasungune izatea aldarrikatzen du eta liburuzainei buruz honela dio: “Haur liburuzainak gaitasun eta ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu, bere lankideek izan behar ez dituztenak”

Unibertsitateko ikasketak amaituta, donostiako udal liburutegira jo zuen eta Juan Bautista Olaetxea Labaien zuzendariarekin elkarrizketatu zen, liburutegi batean lan egitea gustatutako litzaiokeela esanez. Praktiketan hasi zen; ondoren, haur saileko liburuzain lanpostua eskuratu zuen eta bertan jardun zuen erretiroa hartu arte.

1997an, “Educación y biblioteca” aldizkariaren 85. alean, elkarrizketa egin zioten “En primera persona” atalean. Gehien atsegin zuena irakurtzea zela adierazi zuen, eta bokazioa gerora iritsi zitzaiola. “Oso argi nuen liburuak atsegin nituela eta liburuekin lotutako zerbaitetan jardun nahi nuela. Ondoren iritsi zen ezezagun hura. Bat-batean, nire buruari esan nion: hara, hau hemen zegoen eta ohartu ere ez nintzen egin”.

Gomendatzen zituen haurrentzako liburuak aurretik irakurtzen zituen beti. Guztiak irakurtzen zituen. Haurrentzako liburuen ilustrazio artean espezialista aparta zen, bai eta Espainiako eta atzerriko haur literaturan ere, eta, jakina, “haurrentzako euskarazko liburua” jaso eta babesteaz arduratu zen.

Berriz diot, profesional bikaina eta langile aparta izateagatik jaso zuen merezimenduaren domina. Harekin lan egiteko zortea izan genuenok, badakigu gaur egungo liburutegi donostiarrek asko zor diogula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>