30

Uzt / 2014

Zer dakigu Suomiko udal liburutegiei buruz?

Autorea:

Kathya Shhkylar en la Biblioteca Duque de Mandas

Kathya Shkylar, Entresse-ko liburuzaina, gure artean egon da bi hilabetez, martxotik ekainera. Liburutegi hori Espoo hirian dago, eta Finlandia HELMET liburutegi sarekoa da.

Kathyak, Grundtvig lifelong learning, visist and exchanges,( bizitza osorako formakuntza programa: bisitaldiak eta elkartrukeak) , diru laguntza eskatu zuen. Nik ez nuen horren berri, lotura bidaltzen dizuet, agian ingelesez ondo dakien batek interesa izango duelakoan, beti izaten baita aberasgarri bidaiatzea kanpoko errealitateak ezagutuz.
Hemen ibili den bitartean gure liburutegi guztiak ezagutu ditu: Koldo Mitxelenan egon da; Tabakalerako mediateka Arantza Mariskal zuzendariarekin; gure lan egiteko modua ezagutu du; eta, jakina bi hitzaldi eskeini dizkigu, bat beraien liburutegiari buruzkoa eta HELMET sareari buruzkoa, eta bestea, on-line zerbitzuaren funtzionamenduari buruz .

Azaletik, gehiegi sakondu du gabe, arituko naiz post honetan Finlandiako lan egiteko eraz gogoratzen ditudan zenbait zertzelada aipatuz. Informazioa osatu dut Parisen erosi nuen liburutik ateratakoarekin. Liburu horrek izena du: “ Les bibliothèques en Europe. organisation, projets  et perspectives”. Argitaletxea “Cercle de la librarie” Atal oso bat Eskandinabiako liburutegiei eskeintzen dio.

HELMET sarea

Helmet sarea, finlandieraz helmet hitzak perla esan nahi du. Helsinkiko metropoli gunean dago. Sare hori, zifratan: 900 langile, 17 milioi mailegu urtean, 16.5 milioi bisitari, horietatik 8,1 birtualak, eta 3.4 milioi dokumentu. Edozeinek daki zifrak biztanleriarekin lotu behar direla, bada, Finlandiak 2011n 5.4 milioi biztanle zituen. Ondorioz, datuen arabera, argi dago Finlandian liburutegiak izugarri erabiltzen direla.

Lehenago esan dudan bezala, Kathyak une honetan Espoon dagoen Entresse liburutegian egiten du lan. Une honetan diot, langileria mugikorra baita. Espook 260.000 biztanle ditu, oso herri hedatua da, distantziak handiak. Kathyak zioenez oso desberdina da lan egiteko era Espoon edo Helsinkin. Espoo logela-hiria omen da, ez du ez erdigunerik, ezta alde zaharrik ere.

Sarea, hamabost liburutegiz, bi liburu-busez eta lau liburu-txirrindaz osaturik dago. Kathya liburu-txirrindaz arduratzen da. Zerbitzu hori eguraldiaren araberakoa da. Zerbitzu hori berria da, joan den urtean zabaldu zen. Maileguak IPADen bitartez egiten dira.

Zerbitzuen marketina oso garrantzitsua da, Kathyak hain zuzen, marketin ikasketak ditu. Liburutegia hondartzara, parkera…eramaten dute, eta zerbitzu guztiak ondo azaltzen dituzte; marketin handia egiten da.

Entresse liburutegia merkatal gune batean dago kokatua. Hogeita bat langile dira behin betikoak; bertan jan daiteke; jarduera eta internet ikastaro guztiak bertako langileek ematen dituzte. Guztiek denetik egiten dute, nahiz eta badagoen nolabaiteko espezializazioa zenbait arlotan. Praktiketako langileak ere izaten dituzte.
Langileek jantzi berezia eramaten dute. Azken hori aipatzen dizuet, Donostia Kulturan antzeko zerbait proposatu zelako, eta hain txarra izan zen harrera, non txaleko bat eramatea ere, langileak ezagutarazteko, ez baitzen onartu.

Bi dira hizkuntza ofizialak, finlandiera eta suediera. Kathya errusiar jatorrikoa da, eta biak Hitz egiten ditu.
Espooko biztanleriaren %81ek ohiko du liburutegira joatea. %92ren arabera liburutegiak ongi antolatuak daude; %2k kontrako iritzia du. Zer esan dezakegu datu horiei buruz?
On-line zerbitzuak.

Kathyari on-line zerbitzuari buruz bigarren hitzaldi bat emateko eskatu genion. Berak esan zigun ez zela horretan aditua. Horregatik, bidali dizkigu zerbitzu horietaz arduratzen direnen helbideak. Oporretatik itzultzean harremanetan jartzeko asmoa dut.

Zerbitzu birtualak, berez, HELMET sare osoarentzat dira. Streaming moduan egin dezakezu kontsulta zenbait kasutan, beste batzuetan, berriz liburuak, filmak, hizkuntza ikastaroak, aldizkariak edota musika maileguan eraman ditzakezu.

Gaiaren arabera, bideoak, musika…, plataforma bat edo bestea erabiltzen dute. Kathyak, Ellislibrary, Overdrive, Press Display, Zinio, Epress, Naxos Music…aipatu zituen. Maiz aldatzen omen dituzte zerbitzu birtualen kontratu eta hornitzaileak.

Erabilera handia daukate plataformak. Joan den urtean 339.000 on-line mailegu egin ziren, eta 8,1 milioi bisitari web birtualean.
Lotura eransten dizuet, nahiko argia delako eta zerbitzu guztiak biltzen dituelako. Erabiltzaileen formakuntza zuen garrantzia azpimarratu zuen, eta era berean, nabarmendu zuzeneko zerbitzuko erabiltzaileek eta birtualekoek ez zutela profil bera.

Finantzaketa eta arkitektura

Finlandian liburutegi publikoak oinarrizko udal zerbitzutzat hartzen dira. Ondorioz, haien finantzaketa Estatuaren eta udaletxearen artean banatzen da: %40 / %60, hurrenkera horretan. Euskadin, aldiz, Jaurlaritzaren emana %10 da, Donostiako kasuan,  eta udaletxearena %90. Dena den, ehunekoak aldatuko dira liburu elektronikoen mailegua
jartzerakoan.

Iparraldeko Europako liburutegien arkitekturak arreta erakartzen du. Oso egungoa eta funtzionala da. Finlandian beti aipatzen dute eredu moduan Tampereko liburutegia, txori handi bat irudikatzen du. Liburutegiak Meltso izena du eta ospe handiko arkitekto batek egin zuen: Reima Pietila. Lurralde horietan liburutegiei garrantzia handia ematen zaie, jakinduriaren tenplu baitira, eta horregatik sona handiko arkitektoek eraiki ohi dituzte.

Kathyaren egonaldiak begiak ireki dizkigu. Zein gutxi dakigun, nik bederen, beste liburutegiei buruz eta oro har beste lurraldeen historia eta kulturari buruz konturatzen gara.

Finlandiako liburutegiei buruz zertzelada hauek amaitzeko, Ilka Makinen XX. Mendeko Finlandiako liburutegien bibliografia aholkatu behar dizuet.