11

Abe / 2015

Liburutegia paradisu gisa

Autorea: arantza

Treinta escritores que fueron bibliotecarios

Historian zehar idazle garrantzitsu asko liburutegietako zuzendari izan dira. Errege Liburutegiko edo Liburutegi Nazionaleko zuzendari izatea, kasu batzuetan, jada ospetsu bihurtutako idazlearentzako saria zen.  Beste batzuetan liburuzain gisa lan egitea beharrezkoa zen bizitzeko. Idaztetik bizitzea ez da erraza izan, ez iraganean, ezta gaur egun ere.

Granadako Unibertsitateko Angel Esteban literatura hispanoamerikarreko katedradunak bere liburuariEl escritor en su paraíso (Idazlea bere paradisuan) izenburua ipini dio. Bertan, hogeita hamar idazle ospetsuk liburutegiarekin izan duten lotura aipatzen digu.  Idazle batentzako, batez ere iraganean, liburutegian lan egitea ia paradisuan egotea bezala zen. Haietako askok lana idazle bihurtzeko erabiltzen zuten eta asko irakurtzen zuten. Ohitura horretatik datorkigu gaur egungo liburuzainei ospe txar hori; izan ere, gizarteak oro har uste du lanorduak irakurtzeko erabiltzen ditugula.

Idazle liburuzain batzuek bokazioa zuten eta, idazteaz gain, euren herrialdeetako liburutegi-sistemak antolatu zituzten, katalogoak osatu zituzten, liburutegien sorrera sustatu zuten, literaturako hitzaldi eta solasaldietan hartu zuten parte, bibliografiak idatzi zituzten, liburuak erosiz bildumak osatu zituzten, kudeaketa-lanak egin zituzten…  Beste batzuek euren idazle sena garatu zuten batez ere, baina guztiak irakurle handiak eta liburuen zale amorratuak izan ziren.

Angel Estebanek zein idazle aukeratu ditu?

Estatu Batuetatik, bakar bat aukeratu du. Liburutegi publikoa sortu zen herrialdetik Stephen King dugu. Idazle gisa arrakasta lortu aurretik, Stephen Kingek lana egin behar izan zuen unibertsitatera joan ahal izateko, eta Maineko unibertsitateko liburuzaina izan zen.

Hego Amerikan liburutegi nazionaletako zuzendari izan ziren idazle ospetsu asko ditugu:  Reinaldo Arenas, liburuzaina Kuban; Jose Vasconcelos Mexikoko Liburutegi Nazionalaren sortzailea eta sustatzailea –gaur egun liburutegiak bere izena darama–;  Jorge Luis Borges eta Paul Groussac Argentinako Liburutegi Nazionaleko zuzendari izan ziren; Ruben Dariok garai batean Managuako Liburutegi Nazionalean lan egin zuen; Mario Vargas Llosa, Limako Klub Nazionaleko liburuzaina izan zen;  Martin Luis Guzman iraultzailea eta liburuzaina Mexikon; Juan Carlos Onetti, Montevideoko udal-intendentziako arteen eta letren dibisioko liburutegietako zuzendaria; gainera, erbesteratu zenean Madrilgo liburutegi publikoak asko erabili zituen; eta azkenik, Ricardo Palma Peruko Liburutegi Nazionaleko zuzendaria. Liburuzain eskale ezizena ipini zioten, bere literatura-ospea hainbat pertsona famaturi liburutegirako dirua eskatzeko erabili zuelako. Guztiak bat datoz Borgesen esaldi honekin: “Pertsona ez da idazten duenagatik, irakurri duenagatik baizik”

Ingalaterran Lewis Carroll –Aliceren abenturak lurralde miresgarrian ipuinaren egilea– eta Robert Burton –bere lanpostua bere eskuetara heltzen zen guztia irakurtzeko erabiltzen zuen idazleetako bat– aurkituko ditugu.

Italian Giacomo Casanova, alajaina. Guztiok dakigu emakume asko limurtu zituela. Liburuan dio zehatz-mehatz ehun eta hogeita bi emakume izan zirela, baina gutxik dakigu horretaz gain Bohemia-n Dux-eko liburutegiko liburuzaina izan zela eta nobelak, poesiak eta libeloak idatzi zituela.

Espainian Benito Arias Montano, Escorialeko liburuzaina; Leandro Fernandez de Moratin, Errege Liburutegiko zuzendaria; Bartolome Jose Gallardo, bibliografoa eta liburuzaina; Juan Eugenio Hartzenbusch, “Los amantes de Teruel” lan ezagunaren egile izan zen poeta erromantikoa, Liburutegi Nazionaleko zuzendaria ere izan zen, ebanista izateaz gain. Liburutegi Nazionaleko zuzendari ere izan zen Rosa Regas-ek anekdota gisa kontatzen du Hartzenbuschek berak fabrikatu zuen mahaia bere bulegora eraman zuela; Marcelino Menendez Pelayo, bere liburutegi osoa Santanderko udalari utzi ziona; eta Eugenio d´Ors, Kataluniako lau probintzietako mankomunitateko liburutegi herrikoien sortzailea, bibliotekonomiako fakultateen sustatzailea, mailegu-zerbitzuaren sustatzailea, arauen idazlea eta abar.  Oposaketa bateko gaien artean Espainian liburutegien eta liburuaren historia ikasi dugunok ezagutzen ditugu gutxi gorabehera.

Frantziatik hauek aukeratu ditu: Georges Bataille, “Ecole des Chartes” ezagunean bibliotekonomia eta artxibistika ikasi zituen;  Georges Perec, liburuzain bitxia; Charles Perrault, Louvre-ko liburuzaina; eta Marcel Proust, liburuzain dandy-a.

Alemaniatik,  Austriatik eta Suediatik:  Johann Wolfgang von Goethe, Weimar-eko liburuzaina izan zen; Jacob Grimm eta Wilhelm Grimm liburuzainak eta haurren literatura alemanaren ikerlariak;  Johann Christian Friedrich Holderlin, liburuzaina bi urtez bakarrik –1804tik 1806ra– Bad Homburg hiri alemanean; eta  Rober Musil, –honek ez zuen gozatu Vienako Technische Hochschule-ko liburuzain lanarekin–.  Lana aspergarria eta beti berdina zela iruditzen zitzaion. “Ezaugarririk gabeko gizona” nobela ezagunaren egileak liburuzain gisa lan egin baino nahiago zuen idatzi. Suediatik August Strindberg.

Errusiatik bakar bat aukeratu du:  Alexandr Solzhenitsyn. Liburuzaina izan zen, baina horren aurretik Lubianka-ko kontzentrazio-esparrutik bizirik atera zen, liburuei eta hango liburutegiari esker. Bertako liburuzainez ez du oso ondo hitz egiten, baina… “Liburutegia Lubiankaren apaingarria zen. Hori bai, liburuzaina nazkagarria zen. Neska ilehoria zen zaldi-itxurako gorpuzkerarekin, eta ahal zuen guztia egiten zuen itsusia egoteko Baina harrigarriena zen liburuak hartzera etortzen ginenean, hamar egunetik behin! gure aginduei jaramon egiten ziela”

“Jaungoikoak poeta egin ninduen, eta ni liburuzain egin nintzen”

Eta idazle liburuzain hauek aipatzen amaitzeko, liburuko emakume idazle eta liburuzain bakarraren inguruan pixka bat gehiago luzatuko naiz.

Gaur egun liburutegietan batez ere emakumeek lan egiten badute ere, aurreko mendeetan lanbide hau gizonezkoena zen. XIX. eta XX. mendeak heldu arte ere itxaron behar da literaturaren munduan emakume idazleek euren lekua egiten hasteko.

Baina generoari lotutako aipamen hau alde batera utzita, ez naiz kuotazalea; poesiaren barruan eta liburuzain-lanbidearen barruan Gloria Fuertesek lekua bere merituengatik dauka . “Todo asusta ” bere poema-liburuan honakoa idatzi zuen: “Jaungoikoak poeta egin ninduen, eta ni liburuzain egin nintzen”

Beti hobe da nagusi bat baino liburu bat edukitzea

Gloria Fuertes jada 1958an egin zen ezagun “Poemas de suburbio” lanarekin, eta “Chicas” aldizkariaren ohiko kolaboratzaile izan zen. Beste emakume-talde batekin batera, paper handiagoa aldarrikatzen zuen gizarte frankistan. Gloria liburuzain egin zen dirua behar zuelako.

Madrileko Miguel Angel kaleko Nazioarteko Institutuan ingelesa eta blibliotekonomia ikasi zituen, eta ikasketak amaitu ondoren, Institututik hurbil zegoen liburutegi batean aurkitu zuen lana.

Bulego batean –ez zuen batere gustukoa lekua– lan egitetik bere nagusiak liburuak ziren leku batera pasatu zen lan egitera. Ironiaz hau aipatzen zuen: “Beti hobe da nagusi bat baino liburu bat edukitzea”.

Irakurleei liburuak gomendatuz liburuzain gisa lan egin zuen garaia oso zoriontsua izan zen beretzat. Auzoko jende asko maiz hurbiltzen zen liburutegira eta Gloria erakundearen aurpegi atsegina zen. Ez zen liburuak gomendatzera eta inork eraman ez zitzan zaintzera mugatzen, baizik eta bere ohiko sinpatiarekin liburuen boterearekiko sentitzen zuen berotasuna helarazten zuen. Bilerak eta solasaldiak sustatzen zituen, eta liburuekiko zuen zaletasuna erakunde osoari kutsatu zion.

Phyllis Turnbull-en laguna

Phyllis Turnbull Nazioarteko Institutuko irakasle iparramerikarra bere laguna izan zen 1971n hil zen arte.

Phyllisek bere lagunari Fullbright  beka lortu zion. Beka horri esker Estatu Batuetako unibertsitateetan gaztelaniako eskolak eman ahal izan zituen. Gloriak unibertsitate mailakoak ez ziren bibliotekonomiako ikasketak egin zituen, eta horren inguruan ironiaz hau zioen: “Unibertsitatean sartu naizen lehen aldian bertan eskolak emateko da”. Oso pertsona apala izan zen beti.

Hortaz, liburuzain izan ondoren Pensylvania eta Virginiako unibertsitateetan irakasle izan zen. Ameriketako unibertsitateetako liburutegiek harritu zuten gehien. “College haiek berehala eskuratzeko moduko liburu pila zituzten, lan berriak gastuei erreparatu gabe erosten zituzten, profesionaltasunez eta errespetuz zaintzen zituzten, eta sailkapenean zein maileguan oso antolakuntza-sistema modernoa zuten”. Hirurogeiko hamarkadan egon zen unibertsitatean irakasle.

Aitorpenen garaia

Estatu Batuetatik Espainiara itzuli zenean Institutuan irakasle gisa lan egiten jarraitu zuen, baina beti liburutegiari lotuta, haurrei liburutegiekiko zaletasuna helarazi nahi zielako. 1965ean Gipuzkoa Saria jaso zuen “Ni tiro, ni veneno, ni navaja” liburuarengatik, eta Lazarillo saria “Cangura para todos” ipuin-liburuarengatik. Hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera literaturatik bizi ahal izan zen. Hirurogeiko hamarkadan jaiotakoetatik nork ez ditu ezagutzen “Un globo, dos globos, tres globos” eta “La cometa blanca” telebistako programak? Gloriak bertako gidoietan hartu zuen parte.

Bere poesia-lanez gain, Gloria Fuertes liburutegiak sortzeko egindako lanarengatik eta bere obraren garrantzi pedagogikoagatik da ezaguna. Irakurzaletasuna haurrengana heltzeko ardura handia sentitzen zuen. Haurren nagusi bakarrak ere liburuak izan zitezen nahi zuen. Horregatik Barajas-ko gaztetxoentzako zentro eta liburutegi publikoak idazlea omendu du haur-aretoari bere izena ezarriz, eta horregatik zenbait ikastetxek bere izena daramate. Gerraostean Espainia bezalako pobreziaz betetako herrialde batean Gloria analfabetismoaren aurka borrokatzen hasi zen; zeregin horretan, bere dirua eta liburuak oparitzera heldu zen.

Duela gutxi arte, Liburutegi Nazionaleko  zuzendaria idazlea izaten zen. Hala ere, liburutegietako zuzendariak, oro har, jada ez dira pertsona ezagunak. Unibertsitateetan bibliotekonomiaren irakaskuntzak lan hau “profesionalizatu” du. Liburuzain-lana liburuak irakurtzearekin lotzen zuen topiko hori ere apurtu da. Zenbait kasutan, eta hori kezkagarriagoa da, gutxi irakurtzen duten liburuzainak daude. Liburuzain-lanbidearen etorkizuna enigma bat da. Gaur egun fakultateetan zer irakatsi behar da?

Liburua pasadizo interesgarriz betea dago. Estilo arinean idatzita dago. Kapitulu bakar bat edo guztiak irakur daitezke. Ez bakarrik gure lanbiderako, baita liburutegia zer izan den eta idazle asko bertan lan eginez paradisuan zergatik sentitu ziren ere hobeto ulertzeko ezinbestekoa da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude