08

Api / 2016

Irakurketa kluba frantsesez : “Les préponderants” libururuarekin hitzordua apirilaren 12an

Autorea: arantza

Les préponderants0001

Liburutegi askok atzerriko hizkuntzetako literatur solasaldiak antolatzen dituzte, beren erabiltzaile diren zein ez direnentzat. Nabarmentzekoak esaterako Bartzelonako liburutegiak, aleman, ingeles, frantses eta italierazko literatur solasaldiak eskaintzen baitituzte. Edo Cáceres, non ingeles, portuges, frantses eta italierazko literatur solasaldiak antolatzen diren. Andaluziako liburutegi-sareak, Gaztela-Mantxako liburutegiek eta abarrek atzerriko hizkuntzetako literatur solasaldiak eskaintzen dituzte ere.

Gure liburutegi sareak ingelesezko literatur solasaldiak eskaintzen ditu eta 2016 honetan, Europako Kultur Hiriburutzaren harira, frantsesezko literatur solasaldiak abiaraziko ditu.
Arrazoi asko daude liburutegiek hain propioa duten jarduera hau eskaintzeko: Irakurleen eta liburuen arteko gizarte-loturak sortzeko modurik hoberena da. Irakurleak solasaldian aritzearekiko sentikor bihurtzeko balio du. Literatur solasaldiek partaideen literatur prestakuntza areagotzen dute eta sozializazio-erreminta dira pertsona helduentzat.

Atzerriko hizkuntzetako solasaldietan aipatuetan dugun hizkuntza-gaitasuna hobe dezakegu, bai eta beste herrialde bateko literatura ezagutu ere. Xedea ez da akademiekin lehiatzea, betidanik liburutegiek heziketa-misioa izan badute ere. Irakaskuntza arautua ez gara, baina hezten laguntzen dugu. Hizkuntza eskolen eta akademien osagarri gara.

Azkenik, erdi-digital eta erdi-presentzial den egungo gizarte honetan literatura solasaldiak aitzakia baino ez dira, liburuzainentzat, liburutegiaren bloga, gizarte-sareak edo Wikipedia edukiez horni ditzagun. 

Frantsesezko literatur solasaldietara bueltatuz, “Les préponderants” liburua aukeratu da apirilaren 12ko saiorako. Egilea Hédi Khadour da. Argitaletxea, Gallimard.

Nor da egilea?

Hédi Kaddour Tunisian sortu zen uztailaren 1ean. Nobelagile, olerkari, saiakeragile eta ingeles, aleman eta arabierazko itzultzaile da. Kazetari eta frantsesezko literaturako irakasle da ere. Frantsesezko literaturako irakasle izan zen Lyongo “L’Ecole Normale Superieure”eskolan, 1984 eta 2006 bitartean.

Idazteko bokazioa berandu sortu zitzaion, hirurogei urte zituela. “Waltenberg “lana 2005eko eleberri frantses onena izan zen “Lire” aldizkariarentzat. Lehen eleberri  Goncourt saria jaso zuen ere. 2010ean “Savoir vivre” lana argitaratu zuen eta iaz, azkenik, “Les préponderants”.
Edhasa argitaletxeak Waltenberg gazteleraz argitaratu du.

Zeri buruzkoa da eleberria?

1922ko udaberrian Hollywoodeko estatubatuar talde bat Nahbès hirira iristen da, film bat filmatzera. Hirira dakarten modernotasunak kolonoen eta bertakoen harremanentzako ezarritako ordenarekin talka egiten du.

Neil Daintree errealizadoreak, Kathryn Bishop aktoresak eta Francis Cavarro aktore nagusiak ez dute zerikusirik izan nahi kolono frantziar boteretsuenez osatu “gailenen zirkuluarekin”.
Iritsi berriek arabiar, judutar eta italiarrez beteriko hotel zaharraren aretora joatea nahiago dute.

Ondokoak dira pertsonai nagusiak: Rania (emakume arabiarra, alarguna eta kultura handikoa), Raouf (gazte arabiarra, kultua eta Si Ahmed buruzagiaren semea), Kathryn (aktoresa), Ganthier (funtzionario frantziarra), Claude Marfaing, Pagnon doktoreak. Eleberri guztian zehar pertsonai tunisiarrak eta koloniaren independentziaren aldeko politika aipatzen dira ere. Eta ohiko maitasun istorioa aurkituko dugu ere.

Bidai handia” izeneko bigarren zatian Raoufek eta Ganthierrek Paris eta Berlinera bidaiatzen dute. Raoufek bere heziketa politiko eta sentimentala osatzen du, Ganthierrekin batera. Amaierako hirugarren zatiak “Urtebete beranduago” du izenburua: Raouf Nahbèsera bueltatzen da, eta talde estatubatuarra  ere, filma bukatu ahal izateko.

Bi hitzetan, 1920ko hamarkadako Magrebaren literatur fresko ederra eta beren bizitza eraiki edo, hobe esanda, beren bidea bilatu nahian dauden pertsonai bikainak.

Denetarik dago 466 orrialde hauetan. Abentura eleberria, erritmo oso azkarra; idazkera klasikoa eta ñabardurekiko grina ere. “Mundu-eleberria”, zenbaiten ustetan. Koloniaren munduari buruzko eleberri bikaina.

Oroimenean gordetzeko esaldia

24. orrialdean liburuaren izenburua argitzen da. Honela dio madame Dolyk: “Oso erraza da; gu indigena hauek baino askoz ere zibilizatuagoak gara, beraiek baino botere handiagoa daukagu eta beraien agintea urte luzez hartzeko ardura daukagu, motelak direlako. On egiteko xedearekin elkartzen gara. Gailenen elkartean elkartzen gara, herrialdean dagoen elkarterik boteretsuenean”.

Zeintzuk dira frantsesezko literatur solasaldientzat aukeratutako ondorengo liburuak?

Datorren maiatzaren 10erako, Irene Nemirovskyren “Suite Française.
Datorren ekainaren 14rako, Amin Maaloufen “Les désorientés”.
Hitzordua udal liburutegi ohian da beti, ekitaldi aretoan. Sarrera San Jeronimo kaletik. Arratsaldeko 19H30tan

Miren Garmendia izango da solasaldien koordinatzailea. Halaber, frantsesezko literatura asko maite eta ezagutzen du.

Frantses hizkuntza eta literaturaren zale guztiok, ongi etorriak zarete.  Ni han egongo naiz

Les desorientés

ere, irakurle naizen heinean, ikasi eta gozatzeko prest.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>