20

Urr / 2016

Eindhoven-go Liburutegia “Dama zuria”

Autorea: arantza

Eindhoven Liburutegia

E-books en Eindhoven Library0001

Eindhoven liburutegiko sarreraApalategiak 3

Aulki gorriak Eindhoven apalategiak2 Aulki gorriak Eindhoven liburutegiak ehun urte Automailegua Kafetegia Aulki moreak Kafetegia 2  Young adults liburuak Sarrera 2 Prentsa Sarrera EindhovenBibliotekari guztiok, bidaiatzen dugunean, liburutegiak bisitatzeko ohitura dugu. Azken uda honetan Eindhovenen izan nintzen, eta, jakina, hirigunetik gertuen kokatutako liburutegia non zegoen galdetu nuen: Emmasingel 22 helbidean.

Herbehereetako hiri bat da Eindhoven, eta normalean ez zara bertara joango senide emigranterik izan ezean. Bigarren Mundu Gerran hiria suntsituta gelditu zen, eta, egun, hiri industriala da, ingeniari gazte eta Erasmus ikaslez betea. Ez dago zirkuitu turistikoen barnean.

Hala eta guztiz ere, Brabanten, eskualdean barrena bira bat egitera animatzen bazarete, Katedrala, Philips Museoa, PSV Eindhovengo futbol zelaia eta “The Van Abbemuseum” arte modernoaren Museoa bisitatzeaz gain, liburutegia ere bisita ezazue.  Liburutegian beti ikasten da zerbait, izan ere, haren  xehetasunetan islatzen baita zer gizarteri egiten dion zerbitzu. Liburutegiak asko esaten du hiriari eta bertako alkateei buruz.

Eindhovengo liburutegi nagusia “The Witte Dame” (Dama Zuria) izeneko eraikinean kokatuta dago, eta eraikin hori Philips fabrikarena izan zen. Eraikina industriala da; 1922an Dirk Roosenburg arkitektoak diseinatua. Konpainiak saldu egin zuen, eta diseinu eskola bat, liburutegi bat eta artistentzako zentro bat eskaintzen ditu gaur egun.

Eindhovenek garapenaren zati handi bat Phillipsi zor dio, egun, Phillipsen egoitza Eindhovenen ez dagoen arren, Amsterdamen baizik.
Hiriak, gutxi gorabehera, 209.286 biztanle ditu. Amsterdametik, trenez, ordubete eta hogeita hamar minututan iristen zara. Trenek ezin hobeto funtzionatzen dute.
Nire egonaldia laburra izanagatik, ez dizuet liburutegiko bildumaren liburuki kopuruaz hitz egingo, ez eta eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak xehetasun osoz azalduko ere; eta ez zaituztet ñabardura profesionalekin aspertuko. Argazkiak erakusteaz gainera, hainbat pintzelkada azpimarratu nahi nituzke. Nire aburuak.

Hauek egin zitzaizkidan deigarri: eraikinaren kokapena, hirigunetik hain gertu egotea, alegia; Espazioa elkartzeko, lan egiteko eta erlaxatzeko gune izatea, eta oso eskandinaviarra altzairuei zegokienez; bildumaren, nobelen eta haurrentzako liburuen garrantzia, guztia oso zaindua; nederlandera ikasteko aukera; nazioarteko egunkari sorta eta datu baseetan egin zitekeen kontsulta; boluntario ugari izatea, eta noski, hainbat zerbitzu ordaindu behar izatea, esaterako, bazkide izateagatik.

ERAIKINA ETA ORDUTEGI ZABALA

Orain ehun urte fundatu zen.
Liburutegiak garrantzi itzela du gizartean, eta, bereziki, gaur egun. Hirigunean bertan dago, Dama Zuria izenez ezagutzen den eraikinean, 2. solairuan. Astelehenetik igandera, egunero dago irekita. Hiri honetan dendak arratsaldeko seietan ixten dituzte, ostiraletan izan ezik. Beraz, liburutegia 18:30etan itxita izango da, eta ostiraletan, berriz, 21:00etan. Larunbat eta igandetan 17:00etan ixten da.

Goizetan, liburutegia 10:00etan irekitzen da, igandetan izan ezik 13:00etan irekiko baita, eta astelehenetan, 12:00tan. Begi-bistakoa da ordutegi zabala duela, eta hiriko bizimoduari lotua.

LANGILEAK

Liburutegian 55 liburuzain eta 150 boluntario aritzen dira. Ekintzak eta mahai-inguruak antolatzen dira, eta hiritarren parte-hartzea sustatzen da. Guztiek ekar dezakete beren ezagutza, eta, horregatik, ehun urte bete dituenean, eslogan hau topatzen dugu liburutegian: “Eindhoven library: the entire city benefits“, alegia “Eindhovengo Liburutegia: hiritar guztientzat onuragarria”. Sarreran, alkatearen agurrak adierazten dit liburutegia garrantzizkoa dela hirian.

ESPAZIOA

Liburutegiak, bilduma ederrez gain, ikasteko eta lan egiteko gune atseginak eskaintzen ditu, giro lasaia nagusi delarik.
Horretaz gain, lagunekin zerbait hartzeko aukera duzu liburutegi barnean dagoen kafetegian.  Liburuak eta janaria; elkartze paregabea. Jakina, badirudi inor ez dela kekzkatzen kafea liburu baten gainera erortzeko dagoen arriskuaz.

BILDUMAK

Bilduma fisikoak, hau da, paperezko liburuak, CDak eta DVDak garrantzitsuak dira. Liburuak oso zainduak daude. Baina, badago e-reader, edota tablet batean irakurtzeko aukera ere, noski. Nire arreta bereganatu zuten e-booken maileguari buruzko liburuxkek. Nederlanderaz daude, eta ezin ditut itzuli. Praktikoak dira, eta oso bisualak.
Euskadin erabaki genuen e-book plataformarako paperezko liburuxkarik ez egitea, informazioa Interneten baitago. Aurten, beharbada, zerbitzu honen hedapena hobetzeko zenbait ekintza birplanteatu behar genuke, eta horietako bat izan liteke dibulgazio liburuxkak egitea.

Eta Eindhovenera itzuliz, e-booken mailegu zerbitzua zabaltzeko bi liburuxka sortu dituzte; bata, e-readerentzako, eta, bestea, smartphonentzako eta tabletentzako. E-booken plataforma esteka honetan aurki dezakezu: https://www.bibliotheek.nl/e-books.html

NAZIOARTEKO PRENTSA ETA DATU BASEAK

Paperezko egunkari ugari daude beste hizkuntzatakoak, besteak beste, “El País, Le Monde, New York Times…”. Horretaz gain, harpidedun da ehun herrialdeko eta hirurogeita hamar hizkuntzako 4.000tik gora egunkari eta aldizkari biltzen dituen datu basean. Ordenagailuan kontsulta daiteke.
Beste motako datu-baseetako harpidetzen artean Grove Art online, Oxford-ekoa nabarmentzen da.

NEDERLANDERA IKASTEN

Nederlandar guztiek ingelesez hitz egiten dutela esan daiteke, baina, hala ere, estimatzen dizute haien hizkuntza ikasten baduzu. Liburutegiko webgunea nederlanderaz dago, eta informazioaren zati bat dago soilik ingelesera itzulita.
Liburutegia da, ziurrenik, hizkuntza ikasten hasteko lekurik aproposena. Nederlanderaz liburu bilduma bat dute, hizkuntza-maila ezberdinetan, eta Herbehereetako kulturaren gaineko liburu sail bat, oso interesgarria. Eindhovendik gertu,s-Hertogenbosch izeneko herria dugu. Bertan jaio zen “El Bosco“. Pintoreari buruzko erakusketa Madrilgoa bezain interesgarria da. Liburutegian, pintore horri buruzko hainbat liburu daude; esan genezake tokiko bilduma sorta ederra duela.

HAURREI LIBURUAK IRAKURTZEN DIZKIETEN BOLUNTARIOAK. “Voorlees EXPRESS” ZERBITZUA

Deigarria egin zitzaidan boluntarioek eskaintzen duten zerbitzua: haurrei etxeetan liburuak irakurtzea, alegia. Zerbitzu hori 2-8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Familiak liburutegian izena ematen dute, eta boluntario bat haurraren etxera joango da ordubetez liburuak irakurtzera; eta halaxe egingo du, astean behin, hogei astetan zehar. Boluntarioak haurra estimulatzen du, hiztegia irakasten dio eta, gainera, irakurketa proposamen berriak egiten dizkie gurasoei.

TXARTELAREN ORDAINKETA LIBURUEN MAILEGURAKO

Badakit liburuzain euskaldun eta espainolentzat liburutegiko zerbitzuak doako izatea zalantzan jartzen ez dugun zerbait dela. Eta esango nuke doakotasun hori defendatzen dugula, edozer gauzaren gainetik.
Aitzitik, Europako hainbat herrialdetan urteko kuota bat kobratzen da maileguen zerbitzuagatik.  Eindhovengo liburutegian, noski, ordaindu egin behar da dokumentuak mailegatu ahal izateko. Hori bai, tarifa ezberdin ugari daude.  Urteko kuotaren zenbatekoa aldatu egin daiteke urtetik urtera, gure hirian zaborraren tasak aldatzen diren bezala.

18 urtetik gorakoak hainbat kategoriatan banatzen dira, eta kategoriaren eta mailegatutako liburu kopuruaren arabera ordaintzen dute. S-Member-ek euro 1 ordainduko dute hilabetean maileguagatik. Urtean 12 euro lirateke. Gehienez, 10 liburu eraman ditzakete.

M-Member-ek 2,70 euro ordainduko dituzte hilabetean. Urtean 35,65 euro, eta 40 liburu mailega ditzakete gehienez. Eta DVD kopuru mugagabea.

L-Member-ek 3,20 euro ordainduko dituzte hilabetean. Urtean 42,25 euro lirateke. Liburu eta DVD kopuru mugagabea mailega ditzakete.

XL-Member-ek 4,05 euro ordainduko dituzte hilabetean. Urtean 53,45 euro lirateke. Liburu eta DVD kopuru mugagabea mailega dezakete. Aldi berean hogeita hamarna dokumentu eraman ditzakete. Ez dute erreserbatzeko ordaindu beharrik.

Ikasleek 1,35 euro ordainduko dituzte hilabetean. Urtean 18 euro lirateke. Dokumentu kopuru mugagabea mailega dezakete. Eta, adi! Ikaslea izan zaitezke hogeita hamar urte bete arte.

65 urtetik gorakoak ere hiru kategoriatan bereizten dira: M-Member, L-Member eta XL Member-ak. Haurrentzako beste tarifa bat dago. Ez zaituztet xehetasunekin aspertu nahi, baina esan behar dut liburuak erreserbatzeagatik ordaindu egin behar dela, txartela galduz gero 3 euro ordaindu beharko direla eta fotokopiak ere ordaindu egin behar direla. Hori bai, WIFIa doakoa da.

Herbehereetan ia guztiagatik ordaindu behar da. Onuragarriagoa al da gure erabateko doakotasuna?

Liburutegian izandako gogoeta hauek azkar eta korrika ateratako hainbat argazkirekin apaindu ditut. Bisita xehe-xehe batek ordu eta erdi iraungo luke. Nik ordu erdi besterik ez nuen izan, nirekin etortzen direnek sarri esaten baitidate badutela nahikoa liburutegi ikusita.

Amsterdameko OBA, OPENBAre Bibliotheek-era egindako bisitaz arituko naiz nire hurrengo postean. Nire blogari kasu gehiago egiteko gogotsu hasi dut ikasturtea. Eta, orain, betiko legez, zuen txanda da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>