17

maiatza / 2017

XXI. mendeko liburutegiak, maisulanen hautaketa bat

Autorea: arantza

Library- architecture and designLiburu bat dut eskuartean XXI. mendeko liburutegien maisulanei buruzkoa. Library : architecture + design . Masterpieces” du izena, eta honela itzuli dut ” Liburutegia : Arkitektura + diseinua. Maisulanak”

 Manuela Roth egileak egin du liburutegien hautaketa. Ingelesez dago, oraindik ez da gaztelaniara itzuli, ezta euskarara ere.

Oso edizio zaindua du. Alemaniakoa da argitaletxea, “Braun publishing”. Mundu osoko hirurogeita hamar liburutegiren erreferentziak biltzen ditu. Liburuaren bigarren argitaraldia da, berrikusia eta egokitua. Edizio hau 2015ekoa da eta lehenengo edizioa, berriz, 2011koa.

Manuela Roth egileari buruz esan dezakedana hauxe da: 1980an jaio zen eta barnealdeko Diseinua ikasi zuen Alemanian eta AEBetan. Arlo horretan zenbait urte lanean aritu ondoren Stuttgart eta Düsseldorf hirietan, 2017az geroztik argitaletxeetan jardun du lanean. Zenbait liburu argitaratu ditu arkitekturari eta diseinuari buruz. Orain Berlinen bizi da eta kazetari lanean ari da “freelance” gisa.

Bikaina da liburua liburutegiak maite dituztenentzat, arkitektoentzat eta diseinatzaileentzat, argazkilarientzat eta publiko orokorrarentzat. Kontuan hartuta gaur egun asko bidaiatzen garela, interesgarria da jakitea zein hiritan topa ditzakegun liburutegietako maisulanak.

Bada beste arrazoi bat liburu honen berri jakiteko, eta Euskadin gomendatzeko. Zeuen buruei galdetuko diezue: Ba al da hautatutako Euskadiko liburutegirik? Hau da erantzuna, bai. Bi daude. Bata, Donostiako Carlos Santamaría” Unibertsitate Liburutegia (152. orrialdean) eta bestea, Bizkaiko Aldundiko Liburutegia (148. orrialdea). Bizkaiko Liburutegia IMB arkitektoen estudioari enkargatu zitzaion, eta Carlos Santamaría liburutegia JAAM arkitektura sozietateari.

Zeintzuk dira maisulantzat jotzea merezi duten gainerako hirurogeita zortzi liburutegiak? Zeintzuk dira liburutegi horiek proiektatu zituzten arkitekturako estudioak? Nortzuek egin dituzte liburutegi bakoitzaren argazkiak hemen ari garen libururako?

Liburuan aurkituko dituzue erantzun zehatzak. Argazki horiekin gozatu egingo duzue arkitektoek, liburuzainek eta liburutegien erabiltzaileek. Ez ditut guztiak aipatuko, beti gogorarazten baitidate nire bloga irakurtzen dutenek, post luzeegiak egiten ditudala.

Arkitekto batentzat, oso erakargarria izan behar du gaur egun liburutegi bat proiektatzeak eta diseinatzeak. Liburutegietara era guztietako publikoa joan ohi da, eta gaur egun liburutegi bateko xehetasun guztiak zaintzen dira, altzarien diseinutik hasi eta erabiltzen diren materialetaraino, argiak, isiltasun guneak, elkarguneak, zerbitzu birtualak inplementatzeko moduak. Desafio ugari.

Liburuzainoi, arkitekturako liburu hauek ideiak ematen dizkigute, erreforma txikiak egiteko edo liburutegi berri bat planifikatzeko garaian planteatu ditzakegunak.

Nire hirian udal liburutegi publiko bikain batekin egiten dut amets, nire ilusioetako bat, liburutegien zuzendari naizen aldetik bete ahal izan ez dudana. Hortaz, beste liburutegi batzuk bisitatzearekin gozatzen dut, haietara bertaratuz edo irudimenaz baliatuz egiten ditudan bisitak liburu onak kontsultatzean.

Adierazi dudanez, ez dizkizuet hirurogeita hamar liburutegi horiek izendatuko, nire hautaketa erakutsiko dizuet, ordea. Unibertsitate-liburutegiak, liburutegi nazionalak eta espezializatuak, zuzenbide-liburutegiak, Bibliobusa bi liburutegi pribatu baztertu ditut.

Nahikoa liburutegi txiki nabarmendu ditut, birmoldatuak batzuk, edo lehendik dauden liburutegiei erantsiak. Beti iruditu zait oso zaila zaharra eta berria bat egitea, baina oso interesgarria iruditzen zait emaitza. Iragana, oraina eta batik bat geroa den liburutegia.

Hau da nire hautaketa, 16 liburutegik osatua

Hautaketa ez dut garrantziaren arabera egin, liburuan ageri den orrialde-zenbakiaren arabera baizik.

Grosuplje liburutegi publikoa, Eslovenia. Arkitektoak: Matej Blenku, Milo Floriancic. Barnealdeko diseinua: Nena Gabrovec eta beste batzuk. Argazkiak: Miran Kambic eta Radovlica. XIX. mendeko eraikin zaharrari egindako handitze-obra. 18. orr.

Helsinkiko liburutegi nagusia, Finlandia. ALA arkitektoak. Arkitektoen estudioaren irudiak. Liburutegi hau Finlandiako indepenentziaren 100. urteurrenerako proiektatu zen. Bisitatzea gustatuko litzaidake. Guztizko azalera eraikia: 16.000 metro karratu. 30. orr.

Ilhavo hiriko liburutegia, Portugal. Arx Portugal arkitektoak. Argazkiak: Fernando Guerra. XVII. eta XVIII. mendeko eraikin batetik fatxada eta kapera kontserbatzen dituen liburutegia. Guztizko azalera eraikia: 3.200 metro karratu. 42. orr.

Nurenberg hiriko liburutegia, Alemania. Baum-Kappler arkitektura-estudioa. Argazkia: Werner Hutmacher. Azalera: 8.446 m2. 54 orr.

Dendermonde hiriko liburutegia, Belgika. BOB361 arkitektura-estudioa. Azalera: 6.300 metro karratu. Argazkiak: André Nullersp. 58. orr.

Dublineko Ballyroan liburutegia, Irlanda. Box arkitektura-estudioa. Argazkiak: Paul Tierney. Azalera: 1.450 metro karratu. Lehen zegoen eraikina eraitsi eta berreraiki egin zuten ondoren, azalera handigoa hartuz. 62. orr.

Berlingo Kópenick liburutegia, Alemania. Bruno Fioretti Marquez arkitektura-estudioa. Azalera: 2.362 metro karratu. Argazkiak: Alessandro Chemollo. Barnealdeko diseinua ez da bereziki erakargarria, baina teilatuagatik nabarmentzen da. Arkitektoentzat interesgarria. 66. orr.

Anzin-eko liburutegia-mediateka, Frantzia. Dominique Coulon eta kideak arkitektura-estudioa. Argazkiak: Eugeni Pons. Eraikinak oso geometria sofistikatua du. Izugarri gustatzen zait transmititzen duen espazio eta lasaitasun sentsazioa. Liburutegi txikia da, 1.750 metro karratukoa. 70. orr.

Romain Rolland liburutegia, Romainville, Frantzia. Philippe Gazeau estudioa. Argazkiak: Philippe Ruault. Liburutegi hau hiriko lo-auzo baten erdian dago eraikita, zeharo berritu behar dutena. Leku hori ikono bihurtzea da asmoa, auzoa ez baita batere erakargarria. Azalera: 2.085 metro karratu. 116. orr.

 Vennesla-ko liburutegia eta kultur etxea, Norvegia. Helen&Hard arkitektura-estudioa. Argazkiak: Emile Ashley. Azalera: 1938 metro karratu. Liburutegi berria kultur etxe bat da, elkargune bat, bilera-gelekin eta kafetegia batekin. Publiko guztia areto zabal-zabal bakar batean biltzen da. Oso eraikin modernoa da, baina ez da gustukoen dudana. 140. orr.

Seinajoki hiriko liburutegia, Finlandia. Gustukoen dudanetako bat. JKMM arkitektoak. Azalera: 4.430 metro karratu. Argazkiak: Mika Huisman. Kultur eta administrazio gunean dago kokatuta, eta iparraldeko diseinuaren Alvar Aalto irudi gailenak diseinatua da. Erronka handia adierazi zuen eraikin berria lehendik zegoen egituran integratzeak. Liburutegia espazio ireki bat da, erraz moldatzen diren altzariez hornitua. Leiho handi batzuk ditu, Finlandiako paisaia zoragarria markoztatzen dutenak. Diseinuak arreta berezia jartzen du liburuzain lanbide aldakorrean. 160. orr.

Lohja hiriko liburutegi nagusia, Finlandia. Lahdelma & Mahlamaki arkitektoak. Azalera eraikia: 3.513 metro karratu. Argazkiak: Jussi Tiainen. Liburutegia zeharo ondo integratzen da ingurunean, Saint Laurentius elizatik gertu. Publikoarentzako guneak lehenengo solairuan daude, eta hormak adreilu gorrizkoak dira. Soilegia nire ustez. 174. orr.

España liburutegia, Medellin, Kolonbia. Mazzanti arkitektura-estudioa. Azalera eraikia: 3.727 metro karratu. Liburutegi hau Medellin hiriaren sinboloa da. Arroka batean dago kokatuta, topografiaren osagai bihurtuta. Arkitektoak testuingurutik atera zuen eraikina, bertaratzen den jendea ingurunean dagoen pobreziaz ahaztu zedin. 194. orr.

Spijkenisse hiriko Book Mountain liburutegia, Herbehereak. MVRDV arkitektura-estudioa. Azalera: 9.300 metro karratu. Izenak berak dioenez, liburuez osatutako mendi handi bat gogoraraziko digun eraikina izatea nahi zuen arkitektoak. Zoragarria da. Gustukoen ditudanetako beste bat. Nor ez da zoriontsu liburuz osatutako mendiez inguratuta? 202. orr.

Villanueva Casanare liburutegi publikoa, Kolonbia. Arkitektoak: Carlos Meza, Alejandro Piñol, Germán Ramírez, Miguel Torres. Azalera: 2.500 metro karratu. Harrizko fatxada ikusgarria. 271.orr.

Amaitzeko, gustukoen dudana, liburuaren azalean ageri den Liburutegia, baita erosi berri dudan beste batean ere, “A desing manual Libraries”, egileak:Nolan Lushington, Wolfgang Rudorf, Liliane Wong. Liburutegi honetaz ari naiz:

Stuttgart hiriko liburutegia, Alemania. Eun Young Yi arkitektoak. Azalera: 20.225 metro karratu. Argazkiak: Stefan Muller. Beirazko adreiluzko kanpoaldeko itxurak, karratu baten forma geometrikoarekin, eta barrualdeko eskailerek eta altzari zuriek handitasuna ematen diote liburutegiaren erdiko guneari. 295. orr.

Nork esango luke gizarte digitalean hainbeste liburutegi eraikiko zenik. Argi dago mundu osoan zehar ezagutzaren eta informazioaren gunetzat hartzen dela liburutegia, eta liburutegi marka bizi-bizirik dagoela.

Liburua helduen Liburutegi Nagusian dago eskuragarri, Alderdi Ederren.

Post honi Donostiako Carlos Santamaría zentroaren argazki batzuk erantsi dizkiot, Donostiako campuseko Unibertsitate Liburutegiarenak.

Carlos Santamaría 1

20170516_200745

Carlos Santamaría 6  Carlos santamaría 5

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude