15

Mar / 2016

2016 liburutegia

Autorea:

Alderdi ederIntxaurrondo liburutegia
Donostian Europako kultur hiriburuaren jardueren programazio zabalean kokatuta, ezin zen falta irakurketari lotutako proiektu bat.Proiektua “2016 Irakurketa” deitzen da, eta 2016. urterako liburu-aholkuak ekartzen ditu. Liburu-aukeraketa hiriburutzaren hamabost proiektutan oinarritzen da eta hautaketan liburu-saltzaile, liburuzain eta editoreek parte hartu dute. Liburuek liburutegi bat eratzen dutenez, nik “2016rako liburutegia” deitzen diot.

Proiektuak ondorengoak dira:  Altzoko Haundia; Chejov versus Shakespeare; Rekording; Street tARTar; Entre Arenas; Baitara Baita; Gabon Txirrita; Festival Stop Gerra; Pasabide-zubiak; DSSirez; Hiri partekatua; Corners of Europe; Insert Change; Tosta CC; Bake Ituna. Webgunean, proiektu bakoitza zehazten da programa atalean.

Eleberriek, entseguek, komikiek, ipuinek eta poesiak liburutegi txiki bat eratzen dute eta, gainera, apalategia / erakusmahaia daukate. Arquimaña arkitekto-estudioak eta Yurritaren ebanisteriak (Errenterian) egindako apalategia. Erakusmahaia/apalategia hautatzeko lehiaketa publiko bat egin zen, eta Arquimaña enpresa izan zen irabazlea. Bi apalategi mota daude: bata, 90 liburu ingururentzako edukiera duena eta, bestea, 365 libururentzat. Apalategiak donostiako liburutegi eta liburudendetan daude.

Nola hautatu ditugu? Zein irizpide baliatu ditugu horren gauza zaila egiteko? Nortzuek egin dugu hautaketa?

Hiriburutzako proiektu bakoitzak azalpen labur bat dauka, baita laburbiltzeko gako-hitz batzuk ere. Gako-hitz horiek erabakigarriak izan dira hautaketan, baina beste irizpide batzuk ere bazeuden:

  •  Herritar, ume eta heldu guztientzako liburuak.
  •   Komunitateko bi hizkuntzetan, euskara eta gaztelania.
  •   Liburu-dendetan salgai zeuden liburuak, liburu ez agortuak
  •   Hogeita bost liburu proiektuko, gutxi gorabehera.
  •   Batez ere literatura, entsegua, komikiak. Kritikaren bat jaso dugu hautaketan, Irakurketa erraza sailkatu daitekeen libururik gehitu ez dugulako. Lehenengo hautaketan baziren, baina batzordeak gainontzean, liburu-dendek, argitaletxeek eta beste liburutegi batzuek hautatutakoa gehitzean, baztertu egin ziren. Geure errua, esan behar dugu, bai.

Guztira, 365 liburuk osatzen dute 2016 Liburutegia, bat urteko egun bakoitzeko. DonostiaKulturako webgunean daukazue zerrenda osoa, liburutegien atalean.

Adibide bat jarriko dizuet. “Chejov versus Shakespeare” deitutako proiektua, Amos Oz-en idazlearen ideian oinarritzen da. Berak dioenez, Ekialde Hurbilekoa bezalako gatazketan, bi ikuspegi literario ezkontzen dira edo bat egiten dute : alde batetik Shakespearen justizia poetikoa, inork atzera egiten ez duenean eta printzipioak eta ohorea beste ideia guztien gainetik daudenean, bizitza barne, eta honen ondorioz odolez beterik eszenatokia geratuko da; eta bestetik, Chejoven lurreko justizia. Pertsonaiak arazoei buruz hitz egiten saiatuko dira eta gatazkak konpontzen saiatzen dira eta honen ondorioz, etxera bueltatuko dira, haserre, baina bizirik.

Proiektua laburbiltzeko gako-hitz hauek erabili ditugu:: gutun-generoa, metaliteratura, ipuinak eta idazleak zein gatazkak.

Zein 25 liburu aurkituko ditugu Chejov versus Shakespeare deitutako proiektuan?

Natalia Ginzburgek Anton Chejov-i buruzko biografia zoragarri bat egin zuen eta hori eskaintzen dizuegu; Anton Chejoven Ipuin osoak (1887-1893) errusiar egile handi hori hobeto ezagutzen laguntzen digute. Ez utzi e-liburutegian begiratzeari, egile horren Alba argitaletxeko hirurogei ipuin biltzen dira bertan.

Vicente Aleixandre-k Miguel Hernández-i eta Josefina Manresa-ri bidalitako gutun argitaragabeak De Nobel a Novel deitutako liburuan, edo Marguerite Yourcenar-en Hadrianoren oroitzapenak, bizitza osorako liburua, (gaztelaniaz ere badena); halaber, Katherine Kreusmann-en Paradero desconocido liburua dugu, nazismoaren kontra inoiz irakurri dudan aldarrikapen onena, eta 80 orrialdetan baino ez. Bi adiskideren arteko gutun-elkartrukea, bata, judua, Max Eisenstein deitutakoa eta, bestea, alemana, Martin Schulse, gogorra da, tristea eta, zoritxarrez, benetakoa. Ze gutxi irauten duen adiskidetasunak. Eleberria euskarara itzuli zuen Ramon Etxezarretak.

Aquí y ahora: cartas 2008-2011 Paul Auster eta J. M. Coetzee-ren arteko gutun-elkartrukea da; Cartas del verano de 1926, Marina Tsvetaeva, Boris Pasternak eta Rainer Maria Rilke arteko gutunak dira; Marcel Schowb-en Las cartas parisinas gaurkotasuna duten artikuluak dira, politikari, mediku, anarkista eta antzerkiko jendearen bizitzako orriak biltzen ditu eta, guztia ere, egilearen estilo ironiko eta zirikatzaileaz.

El piloto de Hiroshima, Claude Earley eta Gunter Anders-en arteko gutun-trukea da eta, Orwell en España, Homenaje a Cataluña, berriz, gerraren kontrako narrazio zoragarria da. Orwellek Espainiako gerra zibilari buruz idatzitako guztia biltzen duen liburua da, ezin bestekoa.
Guerra y emancipaciónek Abraham Lincoln eta Karl Marx-ek esklabotasunaren gaiari buruz elkarri bidalitako gutunak biltzen ditu. Gutun-elkartrukea Estatu Batuetako gerra zibilaren bukaeran kokatzen da; Ser amigo mío es funesto munduko literaturako bi handiren, Stefan Zweig eta Joseph Roth-en arteko gutun-elkartrukea da; haien gutunek bi egileen pribatutasuneko alderdiak erakusten dituzte, eta zintzotasunez beteta daude. Ezin besteko liburua da Europaren bilakaera ulertzeko; 84, Charing Cross Road eleberria. Zinemara eraman zuten liburu labur hau ezin bestekoa da liburu-dendetan disfrutatzen dugunontzat. New Yorken bizi den Helena Hanff idazlearen eta Frank Doel liburusaltzailaren arteko fikzio bat da.

Euskaraz baditugu ere Ramon Saizarbitoriaren Martutene, metaliteraturaren eredu; Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak; Bernardo Atxagaren harribitxi literario hauxe, Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian; Hitzezko txalupak Josu Martínez eta Alfonso Etxegarairen arteko gutun-elkartrukea da; Harkaitz Canoren Twist, berriz, euskaraz zein gaztelaniaz aurkituko duzu. Horiek guztiak e-liburutegiko e-books mailegu-plataforman aurkitu ahal izango dituzu.

Hautaketa hau ixteko, hona Mariama Bà-ren Hain gutun luzea, gaztelaniaz, frantsesez zein euskaraz; Las desventuras del joven Werther Goethek idatzia ; Vasili Grossman egile errusiar handiaren bi liburu dira era hautaketan Vida y destino eta Una vida entera; El síndrome de Chejov , Miguel Angek Muñozek idatzia; Querido Diego te abraza Quiela, Elena Poniatowskak idatzia eta askenik injustiziaren kontrako aldarria. J’accuse , Nik Salatzen dut  liburuaz ari naiz: Emile Zola idazlearen liburuan, garai hartako Frantzian, Alfred Dreyfus kapitainaren kontrako antisemitismoa salatu zuen, froga faltsuek eramanda, Dreyfusek gerra-kontseilu bat jasan behar izan baitzuen, judua zela eta. Kazetariak, idazleak, pertsonak, oro har, behar ditugu, altxa daitezen eta, gezurraren aurrean, “jar dezagun egia martxan” esan dezaten. Dreyfus birgaitua izan zen.

Post honetan, Chejov versus Shakespeare proiektuaren ia liburu guztiak azaldu dizkizuet, baina 2016an aurrerago, gainontzeko proiektuetako liburuez hitz egingo dizuet.

Gure hiriburutzari egin zaion kritika bat hiriburu kontzeptuala izatea da eta, ia ezinezko dirudiela atzeman ezin diren gai eta kontzeptu zabalak murriztea, adibidez, bakea, gerra, bizikidetza, besteen errespetua, desberdinaren errespetua, zubiak eraikitzea

Hiriburutza honetarako irakurgaien hautaketa ere eztabaidagarria da. Badakigu asko falta direla, denak ez daudela, baina daudenak liburu bikainak dira, liburu-dendariek, liburuzainek eta argitaratzaileek hautatuak. Horietako libururen bat irakurtzea bada lorpen txiki-handi bat. Gainera, irakurgaiek beste irakurgai batzuei buruz hitz eginarazten digute eta, horrenbestez, “herritarren partaidetza” eztabaidagarri hori nahi dugu, gure erabiltzaileen konplizitatea, urte honetan handitzen joan eta 2016 liburutegia osatu ahal izatea.

Liburutegi-txartela beste edozein identitate-agiri baino garrantzitsuagotzat daukatenentzako proposamenak dira.

Hiriburutzaren “2016 irakurketa“ proiektua hainbat jarduerarekin osatuko da, adibidez, “Donostiako literatur mapa”. Kale-mapa horretan, gure hirian gertatzen diren eleberriak bilduko dira, baita liburu-denden eta liburutegien helbideak, eta donostiar egileak. Gainera, liburu-denden biltzar bat egingo dugu maiatzean eta, bertan, omenez jantzitako liburu-dendari eta liburu-dendak izango dira; bukatzeko, idazleen arteko elkarrizketak egingo ditugu, ikuspegi literario desberdina dutenen arteko elkarrizketak. Suspenseari lekua utzi behar zaionez, ez dizuet detaile gehiagorik emango.

Eta zuek zein aukeratzen duzue Shakespeare edo Chejov? 2016ko zerrendan ez dago Shakespeare baina irakurri ezazue. E-liburutegian dituzue hamahiru liburu.

Fikzioaren izterrakYo acuso /Emile ZolaIrakurketa 2016 apalategia

DSS2016 AmaranC01581 (3)

De Nobel a novel

Aqui y ahora0001

escanearParadero desconocidoChejov

11

Abe / 2015

Liburutegia paradisu gisa

Autorea:

Treinta escritores que fueron bibliotecarios

Historian zehar idazle garrantzitsu asko liburutegietako zuzendari izan dira. Errege Liburutegiko edo Liburutegi Nazionaleko zuzendari izatea, kasu batzuetan, jada ospetsu bihurtutako idazlearentzako saria zen.  Beste batzuetan liburuzain gisa lan egitea beharrezkoa zen bizitzeko. Idaztetik bizitzea ez da erraza izan, ez iraganean, ezta gaur egun ere.

Granadako Unibertsitateko Angel Esteban literatura hispanoamerikarreko katedradunak bere liburuariEl escritor en su paraíso (Idazlea bere paradisuan) izenburua ipini dio. Bertan, hogeita hamar idazle ospetsuk liburutegiarekin izan duten lotura aipatzen digu.  Idazle batentzako, batez ere iraganean, liburutegian lan egitea ia paradisuan egotea bezala zen. Haietako askok lana idazle bihurtzeko erabiltzen zuten eta asko irakurtzen zuten. Ohitura horretatik datorkigu gaur egungo liburuzainei ospe txar hori; izan ere, gizarteak oro har uste du lanorduak irakurtzeko erabiltzen ditugula.

Idazle liburuzain batzuek bokazioa zuten eta, idazteaz gain, euren herrialdeetako liburutegi-sistemak antolatu zituzten, katalogoak osatu zituzten, liburutegien sorrera sustatu zuten, literaturako hitzaldi eta solasaldietan hartu zuten parte, bibliografiak idatzi zituzten, liburuak erosiz bildumak osatu zituzten, kudeaketa-lanak egin zituzten…  Beste batzuek euren idazle sena garatu zuten batez ere, baina guztiak irakurle handiak eta liburuen zale amorratuak izan ziren.

Angel Estebanek zein idazle aukeratu ditu?

Estatu Batuetatik, bakar bat aukeratu du. Liburutegi publikoa sortu zen herrialdetik Stephen King dugu. Idazle gisa arrakasta lortu aurretik, Stephen Kingek lana egin behar izan zuen unibertsitatera joan ahal izateko, eta Maineko unibertsitateko liburuzaina izan zen.

Hego Amerikan liburutegi nazionaletako zuzendari izan ziren idazle ospetsu asko ditugu:  Reinaldo Arenas, liburuzaina Kuban; Jose Vasconcelos Mexikoko Liburutegi Nazionalaren sortzailea eta sustatzailea –gaur egun liburutegiak bere izena darama–;  Jorge Luis Borges eta Paul Groussac Argentinako Liburutegi Nazionaleko zuzendari izan ziren; Ruben Dariok garai batean Managuako Liburutegi Nazionalean lan egin zuen; Mario Vargas Llosa, Limako Klub Nazionaleko liburuzaina izan zen;  Martin Luis Guzman iraultzailea eta liburuzaina Mexikon; Juan Carlos Onetti, Montevideoko udal-intendentziako arteen eta letren dibisioko liburutegietako zuzendaria; gainera, erbesteratu zenean Madrilgo liburutegi publikoak asko erabili zituen; eta azkenik, Ricardo Palma Peruko Liburutegi Nazionaleko zuzendaria. Liburuzain eskale ezizena ipini zioten, bere literatura-ospea hainbat pertsona famaturi liburutegirako dirua eskatzeko erabili zuelako. Guztiak bat datoz Borgesen esaldi honekin: “Pertsona ez da idazten duenagatik, irakurri duenagatik baizik”

Ingalaterran Lewis Carroll –Aliceren abenturak lurralde miresgarrian ipuinaren egilea– eta Robert Burton –bere lanpostua bere eskuetara heltzen zen guztia irakurtzeko erabiltzen zuen idazleetako bat– aurkituko ditugu.

Italian Giacomo Casanova, alajaina. Guztiok dakigu emakume asko limurtu zituela. Liburuan dio zehatz-mehatz ehun eta hogeita bi emakume izan zirela, baina gutxik dakigu horretaz gain Bohemia-n Dux-eko liburutegiko liburuzaina izan zela eta nobelak, poesiak eta libeloak idatzi zituela.

Espainian Benito Arias Montano, Escorialeko liburuzaina; Leandro Fernandez de Moratin, Errege Liburutegiko zuzendaria; Bartolome Jose Gallardo, bibliografoa eta liburuzaina; Juan Eugenio Hartzenbusch, “Los amantes de Teruel” lan ezagunaren egile izan zen poeta erromantikoa, Liburutegi Nazionaleko zuzendaria ere izan zen, ebanista izateaz gain. Liburutegi Nazionaleko zuzendari ere izan zen Rosa Regas-ek anekdota gisa kontatzen du Hartzenbuschek berak fabrikatu zuen mahaia bere bulegora eraman zuela; Marcelino Menendez Pelayo, bere liburutegi osoa Santanderko udalari utzi ziona; eta Eugenio d´Ors, Kataluniako lau probintzietako mankomunitateko liburutegi herrikoien sortzailea, bibliotekonomiako fakultateen sustatzailea, mailegu-zerbitzuaren sustatzailea, arauen idazlea eta abar.  Oposaketa bateko gaien artean Espainian liburutegien eta liburuaren historia ikasi dugunok ezagutzen ditugu gutxi gorabehera.

Frantziatik hauek aukeratu ditu: Georges Bataille, “Ecole des Chartes” ezagunean bibliotekonomia eta artxibistika ikasi zituen;  Georges Perec, liburuzain bitxia; Charles Perrault, Louvre-ko liburuzaina; eta Marcel Proust, liburuzain dandy-a.

Alemaniatik,  Austriatik eta Suediatik:  Johann Wolfgang von Goethe, Weimar-eko liburuzaina izan zen; Jacob Grimm eta Wilhelm Grimm liburuzainak eta haurren literatura alemanaren ikerlariak;  Johann Christian Friedrich Holderlin, liburuzaina bi urtez bakarrik –1804tik 1806ra– Bad Homburg hiri alemanean; eta  Rober Musil, –honek ez zuen gozatu Vienako Technische Hochschule-ko liburuzain lanarekin–.  Lana aspergarria eta beti berdina zela iruditzen zitzaion. “Ezaugarririk gabeko gizona” nobela ezagunaren egileak liburuzain gisa lan egin baino nahiago zuen idatzi. Suediatik August Strindberg.

Errusiatik bakar bat aukeratu du:  Alexandr Solzhenitsyn. Liburuzaina izan zen, baina horren aurretik Lubianka-ko kontzentrazio-esparrutik bizirik atera zen, liburuei eta hango liburutegiari esker. Bertako liburuzainez ez du oso ondo hitz egiten, baina… “Liburutegia Lubiankaren apaingarria zen. Hori bai, liburuzaina nazkagarria zen. Neska ilehoria zen zaldi-itxurako gorpuzkerarekin, eta ahal zuen guztia egiten zuen itsusia egoteko Baina harrigarriena zen liburuak hartzera etortzen ginenean, hamar egunetik behin! gure aginduei jaramon egiten ziela”

“Jaungoikoak poeta egin ninduen, eta ni liburuzain egin nintzen”

Eta idazle liburuzain hauek aipatzen amaitzeko, liburuko emakume idazle eta liburuzain bakarraren inguruan pixka bat gehiago luzatuko naiz.

Gaur egun liburutegietan batez ere emakumeek lan egiten badute ere, aurreko mendeetan lanbide hau gizonezkoena zen. XIX. eta XX. mendeak heldu arte ere itxaron behar da literaturaren munduan emakume idazleek euren lekua egiten hasteko.

Baina generoari lotutako aipamen hau alde batera utzita, ez naiz kuotazalea; poesiaren barruan eta liburuzain-lanbidearen barruan Gloria Fuertesek lekua bere merituengatik dauka . “Todo asusta ” bere poema-liburuan honakoa idatzi zuen: “Jaungoikoak poeta egin ninduen, eta ni liburuzain egin nintzen”

Beti hobe da nagusi bat baino liburu bat edukitzea

Gloria Fuertes jada 1958an egin zen ezagun “Poemas de suburbio” lanarekin, eta “Chicas” aldizkariaren ohiko kolaboratzaile izan zen. Beste emakume-talde batekin batera, paper handiagoa aldarrikatzen zuen gizarte frankistan. Gloria liburuzain egin zen dirua behar zuelako.

Madrileko Miguel Angel kaleko Nazioarteko Institutuan ingelesa eta blibliotekonomia ikasi zituen, eta ikasketak amaitu ondoren, Institututik hurbil zegoen liburutegi batean aurkitu zuen lana.

Bulego batean –ez zuen batere gustukoa lekua– lan egitetik bere nagusiak liburuak ziren leku batera pasatu zen lan egitera. Ironiaz hau aipatzen zuen: “Beti hobe da nagusi bat baino liburu bat edukitzea”.

Irakurleei liburuak gomendatuz liburuzain gisa lan egin zuen garaia oso zoriontsua izan zen beretzat. Auzoko jende asko maiz hurbiltzen zen liburutegira eta Gloria erakundearen aurpegi atsegina zen. Ez zen liburuak gomendatzera eta inork eraman ez zitzan zaintzera mugatzen, baizik eta bere ohiko sinpatiarekin liburuen boterearekiko sentitzen zuen berotasuna helarazten zuen. Bilerak eta solasaldiak sustatzen zituen, eta liburuekiko zuen zaletasuna erakunde osoari kutsatu zion.

Phyllis Turnbull-en laguna

Phyllis Turnbull Nazioarteko Institutuko irakasle iparramerikarra bere laguna izan zen 1971n hil zen arte.

Phyllisek bere lagunari Fullbright  beka lortu zion. Beka horri esker Estatu Batuetako unibertsitateetan gaztelaniako eskolak eman ahal izan zituen. Gloriak unibertsitate mailakoak ez ziren bibliotekonomiako ikasketak egin zituen, eta horren inguruan ironiaz hau zioen: “Unibertsitatean sartu naizen lehen aldian bertan eskolak emateko da”. Oso pertsona apala izan zen beti.

Hortaz, liburuzain izan ondoren Pensylvania eta Virginiako unibertsitateetan irakasle izan zen. Ameriketako unibertsitateetako liburutegiek harritu zuten gehien. “College haiek berehala eskuratzeko moduko liburu pila zituzten, lan berriak gastuei erreparatu gabe erosten zituzten, profesionaltasunez eta errespetuz zaintzen zituzten, eta sailkapenean zein maileguan oso antolakuntza-sistema modernoa zuten”. Hirurogeiko hamarkadan egon zen unibertsitatean irakasle.

Aitorpenen garaia

Estatu Batuetatik Espainiara itzuli zenean Institutuan irakasle gisa lan egiten jarraitu zuen, baina beti liburutegiari lotuta, haurrei liburutegiekiko zaletasuna helarazi nahi zielako. 1965ean Gipuzkoa Saria jaso zuen “Ni tiro, ni veneno, ni navaja” liburuarengatik, eta Lazarillo saria “Cangura para todos” ipuin-liburuarengatik. Hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera literaturatik bizi ahal izan zen. Hirurogeiko hamarkadan jaiotakoetatik nork ez ditu ezagutzen “Un globo, dos globos, tres globos” eta “La cometa blanca” telebistako programak? Gloriak bertako gidoietan hartu zuen parte.

Bere poesia-lanez gain, Gloria Fuertes liburutegiak sortzeko egindako lanarengatik eta bere obraren garrantzi pedagogikoagatik da ezaguna. Irakurzaletasuna haurrengana heltzeko ardura handia sentitzen zuen. Haurren nagusi bakarrak ere liburuak izan zitezen nahi zuen. Horregatik Barajas-ko gaztetxoentzako zentro eta liburutegi publikoak idazlea omendu du haur-aretoari bere izena ezarriz, eta horregatik zenbait ikastetxek bere izena daramate. Gerraostean Espainia bezalako pobreziaz betetako herrialde batean Gloria analfabetismoaren aurka borrokatzen hasi zen; zeregin horretan, bere dirua eta liburuak oparitzera heldu zen.

Duela gutxi arte, Liburutegi Nazionaleko  zuzendaria idazlea izaten zen. Hala ere, liburutegietako zuzendariak, oro har, jada ez dira pertsona ezagunak. Unibertsitateetan bibliotekonomiaren irakaskuntzak lan hau “profesionalizatu” du. Liburuzain-lana liburuak irakurtzearekin lotzen zuen topiko hori ere apurtu da. Zenbait kasutan, eta hori kezkagarriagoa da, gutxi irakurtzen duten liburuzainak daude. Liburuzain-lanbidearen etorkizuna enigma bat da. Gaur egun fakultateetan zer irakatsi behar da?

Liburua pasadizo interesgarriz betea dago. Estilo arinean idatzita dago. Kapitulu bakar bat edo guztiak irakur daitezke. Ez bakarrik gure lanbiderako, baita liburutegia zer izan den eta idazle asko bertan lan eginez paradisuan zergatik sentitu ziren ere hobeto ulertzeko ezinbestekoa da

12

Aza / 2015

LIBER 2015: liburuaren ekosistemako profesionalen urteko topaketa

Autorea:

El libro y su marco normativo0001Aurten urriaren 9an izan nintzen Madrilen egindako LIBER azokan. Egun interesgarria izan zen benetan, argitaratzaileen stand batetik bestera ibiltzeaz gainera, “El libro y su marco normativo: presente y porvenir” liburuaren aurkezpenean ere izan bainintzen. Bertsio elektronikoan eskura daiteke,” Laboratorio de ideas sobre el libro” webgunean, eta, jakina, Creative commons 3.0 lizentzia du (by-nc-nd).

Honako gai hauek aztertzen dira liburuan: liburuaren prezio finkoa, merkeago edo stockeko prezioan saltzea liburuak, argitalpen-kontratuen erregulazioa, jabetza intelektualaren eskubideak urratzea, aipuaren legezko muga, kudeaketa-erakundeak, liburutegiak eta jabetza intelektuala.

Txostenaren aurkezpenean” Laboratorio de ideas sobre el libro” guneko hainbat kidek hartu zuten parte: Ana del Arcok, Violeta Arnazike, Antonio Muñoz Vicok eta Alberto Vicentek. Guztiak ere jabetza intelektualean eta argitalpen digitalean adituak.

Txostenean liburuaren sektorearen egungo erregulazioari buruzko lan-saiotik ateratako ondorioak jasotzen dira. Saio horretan liburuaren hainbat sektoretako hamasei adituk hartu zuten parte, eta guztiak ere bere ibilbide intelektual oparoarengatik hautatu zituzten. Lan-saio hori 2014ko maiatzaren 10ean egin zen eta “focus group” moduko bat izan zen.

Zein izan ziren ondorioak?

Prezio finkoari buruz. Bere legezko disfuntzioak gorabehera, prezio finkoa liburu-saltzaileen sare independentea ez desagertzeko eustorma moduko bat da. Liburu-dendak desagertzen ari dira eta horrek sektoreko eragile guztien arteko premiazko eztabaida eskatzen du.

Liburuak merkeago saltzeari buruz. Liburuak merkeago saltzearen kontua kasuz kasu aztertu behar da, badira eta idazleek eta argitaratzaileek ezagutzen ez dituzten legezko aukera batzuk. Adibide bat: edizio bat merkeago saltzea bi urte igaro aurretik.

Interneten egile-eskubideak urratzeari buruz. Errealitate bat da eta aurre egin behar zaio, bai legezko neurri eraginkorren bidez, bai ekintza-planak garatuz,  institutu, unibertsitate eta eskoletan lan intelektualaren eskubideei buruzko kontzientzia sortzeko. Aldi berean, industriak hobetu egin behar du eskaintza digitala.

eBookei buruz. Industriak oraindik ere bigarren mailan uzten du eBooka, eta paperezko liburua ustiatzeko modutzat hartzen du. NUBICO formulaz eta autoedizioaren negozioaz hitz egiten da. Legeari buruzko zalantzak sortzen dira bigarren eskuko liburu digitalen salmentaren inguruan.

Argitalpen-kontratuari buruz. Oraindik ere babes handia du sektorearen aldetik. Hala ere, legegileak beharrezko diren aldaketak sartu behar ditu negozio-modu berriak jasotzeko.

Aipuaren legezko mugari buruz. Aipua, legezko egile-eskubideen salbuespen gisa ulertuta, zabaldu eta malgutu egin behar da. Espainia da puntu honetan legeri murriztaileena duen EBeko herrialdetako bat. Helburu literarioa duten aipuek legezko estaldura izan behar dute.

Kudeaketa-erakundeei buruz. Erakunde hauek kontrol publikoa izan behar dute, eta legeak horien administratzaileen erantzukizun pertsonala erregulatu behar du.

Azkenik, liburutegiei eta jabetza intelektualari buruz. Legeek babestu egin behar dute liburutegien funtzio soziala, eta kontuan izan behar dute irakurketaren hedapenean betetzen duten eginkizuna eskubideak eta betebeharrak ezartzen zaizkienean.

Beharrezko liburua da, liburuei buruzko legezko gaiak sakontasunez ezagutu behar baititugu. Bosgarren kapituluan iturri bibliografikoak, legeria eta jurisprudentzia daude.

Hitzaldia entzuteaz gainera, booktubers izenez ezagutzen direnei buruzko esperientziak entzun ahal izan nituen Mataderon (Madrid) lan egiten duen Sánchez-Ruipérez Fundazioaren ordezkari baten eskutik. Booktubers esaten zaie irakurtzen dituzten liburuei buruz hitz egiten duten nerabeei. Youtube plataforma erabiliz gomendioak beste gazte batzuei egiten dizkieten gazteei, alegia. Izango al du arrakastarik formula horrek?

Liber 2015. presentación del Marco normativo del libro

Liber 2015

Liber 20151

Liber2015booktubers

Liber20153

Liber2015 Edelvives

30

Ira / 2015

Liburutegiaren eguna : liburutegi publikoaren alde

Autorea:

Bibliotecas una historia ilustrada

Liburutegiaren eguna liburutegi publikoen lana, zerbitzuak eta zereginak aldarrikatzeko ezarri zen. Helburutzat du gizartea irakurketaren garrantziaz kontzientziatzea eta liburuzainen lana omentzea. Urriaren 24a aukeratu zen liburutegien eguna ospatzeko.

1997an sortu zuen ekimena Haur eta Gazteen liburuaren Lagunen Espainiako Elkarteak, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioarekin lankidetzan.

2015. urtean gauden honetan, ez dizuet prestatzen ari garen programari buruz hitz egingo; Donostiako Liburutegi Nagusiaren aldeko alegatua egingo dut oraingoan. Kezkatuta nago gure buru politikoek eta bertako kazetariek ahaztuta baitute Donostiako Udal liburutegi nagusia. Goibel jartzen naiz 1874an sortu zen gure liburutegia, Euskadiko lehen liburutegietako bat dena, ahaztu egin dutela ikusita. Joan den urtean 140. urte bete zirtuen.

Donostiako herritarrei berdin zaie liburutegiak Udalaren mendekoak diren, edo Foru Aldundiaren mendekoak diren, edo Tabakaleraren kasuan gertatzen den moduan, hiru erakundeen mendekoak diren (Udala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza). Herritarrek zerbitzu ona jaso nahi dute. Funts bibliografiko berriak liburutegian aurkitu, filme bildumak, musika bildumak, aldizkari kopuru zabala, e-bookak. Horretaz aparte jarduera literario eta kulturalak, Interneterako konexio ona, instalazio onak  altzari egokiak eta garbiak , baita liburutegiak ordutegi zabala edukitzea ere.  Halaber, zerbitzu atsegina eta eraginkorra jaso nahi dute.

Tabakaleran mediateka irekiko dela abenduan kontuan hartuta, hiriko liburutegi guztiek mugitu behar dugu eta lanari ekin behar diogu.

Udal-sarearen zuzendari naizen aldetik, egin beharreko berrantolamendu horren baitan gure eraikina ez ahazteko eskatu nahi dut. Liburutegia eraikin bakar batean kokatzeko beharra aldarrikatu nahi dut. 1999tik behin-behineko egoeran gaude eta gaur egun espazioarekin erlazionatutako arazoak ditugu.

Era berean, udal-sarearen barruan hiriko liburutegi nagusiari dagozkion zeregin espezifikoak aldarrikatzen ditut.

Zeintzuk dira liburutegi nagusiaren zereginak?

Hiriko liburutegi nagusiak lurraldeko eta hiriko irakurketa publikoaren gune izan behar du, baita Udalaren ondare dokumentalaren eta bibliografikoaren erreferente ere.

Liburutegi nagusia tokiko sareko liburutegi nagusia da eta berari dagokio sareko gainerako liburutegien buru izatea, koordinazio-lanak betetzea eta laguntza eskaintzea. Bi maila bereiz daitezke bere zereginen artean:

Herritarrei eskainitako zerbitzu publikoa izatea, alde batetik

Barruko lana egitea bestetik, sareko gainerako elementuei begira.

Hauek dira zeregin nagusiak:

  • Tokiko sareko liburutegi-zerbitzuen buru izatea eta horiek koordinatzea, hiria ardatz hartuta
  • Hiriko zerbitzuen eskaintza bermatzea
  • Baliabideak optimizatzea eta prozesuen eraginkortasuna areagotzea ahalbidetuko duten zeregin teknikoak eta administratiboak zentralizatzea
  • Sareko langileak eta giza baliabideen mugikortasuna kudeatzea, beharrezkoa denean
  • Baliabide ekonomikoen eta materialen kudeaketa zentralizatzea eta koordinatzea
  • Liburutegien irudi eta komunikazio-politika indartzea
  • Webeko eta sare sozialen edukien ekoizpena, mantentzea eta eguneratzea koordinatzea. Bera izango da edukien edizio elektronikoaren arduradun teknikoa.
  • Beste liburutegi batzuetara sartzeko nodo izatea
  • Eta inguruko liburutegien berezko zereginak, bere hurbileko eragin-esparruan eskaintzen dituen zerbitzuen ondorioz sortutakoak, garatzea.

Bartzelonako Diputazioko Esther Omella, Jordi Permanyer eta Enric Vilagrosak zuzendu dute hiriko sareei buruz egin den azterlan argigarrienetako bat. Nire asmoa ez da azterlan osoa garatzea, sarean eskura baitaiteke.

Beharrezkoa al da zinez liburutegi nagusi, liburutegi publiko, izango den eraikin bat?

Makina bat azterlan egin dira etorkizuneko liburutegien ikuspegi estrategikoei buruz eta ez da inoiz zalantzan jarri eraikin fisiko baten beharra. Blog honetan argitaratutako beste post batean jada aipatu nuen moduan, bitxia bada ere, Interneten garaiotan eraiki da liburutegi gehien. Iparraldeko herrialdeei begiratu besterik ez dago: Finlandia, Holanda, Danimarka eta Britainia Handia, Idea Store delakoekin; Frantzian ere liburutegi handiak eraikitzen jarraitzen dute.

Etorkizuneko liburutegiak nolakoak izango diren inork ez badaki ere, etorkizunari aurre egiteko modu desberdinak daude eta aditu guztiak bat datoz ondorengo puntu hauetan:

  • Lehenik eta behin, liburutegiak argi zehaztu behar ditu bere zeregina eta helburuak, bere izaera espezifikoa eta erabiltzaileen beharrak. Hortaz, “Berrantolatzea eta pentsatzea” da lehen urratsa
  • Bigarrenik, joerak aztertu behar dira, munduaren ikuspegi esplizitu bat eduki behar da
  • Analisi kritiko bat egin behar da, Google, Netflix , Amazon eta sortuko diren beste erraldoi digitalekin alderatuta alderdi sendorik ote duen jakiteko
  • Bere itxura fisikoa eta birtuala zaindu behar du
  • Banakako pertsonei eta erkidego osoari erantzun behar die.
  • Zenbait liburutegi bere zeregina zabaldu duten sorkuntza-liburutegiak izango dira eta sorkuntzarako leku bihurtuko dira
  • Etorkizuneko liburuzain guztiek prestakuntza egokia dutela eta Interneteko informazio-iturrien ebaluazioan eta erabileran esperientzia dutela ziurtatu beharko da

  • Liburuen bilduma fisikoak eduki beharko ditu liburutegiak. Artxibo-liburutegiak. Ez dago liburua desagertuko dela adierazten duen zantzurik. Inoiz baino liburu gehiago argitaratzen da, nahiz eta liburu-dendetan gero eta gutxiago irauten duten.
  • Etorkizuneko beharrak aldatu egingo dira formari dagokionez, baina ez edukiei dagokienez: informazioa emateko, banakakoa indartzeko eta erkidegoa sortzeko izango dira. Liburutegia informazioaren gizartearen alderdi ahulei erantzuteko konponbide gisa aurkezten da. Informazioa berdintasunezko baldintzetan eskuratzeko berme izango da.

  • Amaitzeko, liburutegiaren eraikina gizarteak edo hiri batek liburuari, kulturari eta jakinduriari ematen dion garrantziaren isla da. Liburutegiak ezin du birtuala bakarrik izan. Espazioaren zati bat da berez. Liburutegi erabilgarria oroimena da, askatasunaren bermatzaile da, espazioan eta denboran ainguratuta dagoen leku bat da.

Sare donostiarrak argi ikusi du beti zerbitzuak garatzeko eta balio-aniztasuna eskaintzeko beharra. Askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzten liburutegiak behar dira, trenkadarik gabeko espazioak behar dira. Liburutegiek ahalegin handia egin beharko dute teknifikazio-maila altua lortzeko eta sarean sarritan sortzen den informazio-zaratan gidatuko gaituzten eta kualifikazio-maila altua edukiko duten langileak edukitzeko.

Sistemaren buru izango den liburutegi nagusirik ezean, ez dago udal-sarerik. Auzo-mailako liburutegiak daude, baina hirikoa izan behar duen liburutegi-politika jarraitzeko, hiriko ikuspegia eta ikuspegi estrategikoa edukitzeko “Liburutegi Nagusia” behar da.

2015ean “Liburutegiak komunitate sortzaile” lelopean Tabakalera Ubik-ek, Koldo Mitxelenak eta udal-sareak antolatuta ospatuko dugun liburutegiaren egunak, legegintzaldi honetan liburutegi berri bat eraikitzeko eta hiriko liburutegi-politika berrantolatzeko boterea dutenen arreta bereganatzeko balio behar du.

Amaitzeko, Liburutegi Nagusia Donostian dagoen Espainiako Bankuaren eraikinean kokatzeko proposamena egin nahi dut. Gurea ez da hutsik dagoen Bankuari kultur erabilera ematea proposatzen duen lehen hiria. Ba al dago banku batentzat erabilera hoberik? Proposamena da baina badaude noski beste aukerak.

Eusko Jaurlaritzari esan nahi diot bibliografia-funtsetarako, teknologia berriak ezartzeko eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak ematen dituen moduan, Euskadin liburutegiak eraikitzeko laguntzak eman beharko lituzkeela. Askotan udalerriek ezin izaten diete aurre egin liburutegi publikoen eraikinen kostuei. Espainiako Kultura Ministerioak “Estatuko liburutegi publiko” asko eraiki ditu, eta Eusko Jaurlaritzak, ahal du berdin jokatu.

Berri on bat dugu, urriaren 3an Carlos Blanco Aguinaga liburutegia irekiko dute Irunen. Zorionak bertako liburuzainei ¡

Bibblioteca Municipal Plaza de la Constitución

Banco de España de San Sebastián

120_2037

120_2036

Sala Del Duque de Mandas

24

Eka / 2015

Arte-ilustrazioaren berrogeita hamar urte

Autorea:

Cincuenta años de ilustracion erderaz 001Cincuenta años de ilustracion

Irudigintza kaleko artea da, bizi dugun unearen isla. Ilustratzeak hezitzen, komunikatzen, informatzen, inspiratzen, limurtzen du. Gizakiak hatzez eginiko lehen marrazkiak istorio bat kontatzeko lehen urratsak dira, bakoitzaren historia islatzeko ahalegina, hain zuzen.”

Gaur egun, irudigintza digitalaren garaian egon arren, ohiko irudigileek zer eskaini handia dute zenbait arlo erabat desberdinetan: publizitatea, haur liburuak, marrazki bizidunak, komikiak, musika disken azalak, etabar.

Uhin berriaren irudigileek ( horrela deitzen baitzaio gaurko aroari), pantaila batean marrazteari erabat ohiko deritzote, ordenagailudun gela batean jaio eta bizi baitira. Dena den, munduaren argazkia egiteko era berriak asmatu nahian jarraitzen dute. Mundu mailan jarduten dute; nahi duten lekuan ezar dezakete haien bulegoa.
Informazioz gainezka gauden garai hauetan, ilustratzaileek ikusmenaren lengoaiaren bitartez komunikatzen saiatzen dira.
Zergatik aukeratu dut Lawrence Zeegen eta Caroline Robertsen,”Irudigintzaren azkenengo berrogeita hamar urte” liburua?

Bada, Donostiako Liburutegi Nagusiko euskal haur eta gazte liburuen dokumentaziogunea Asun Balzolaren ilustrazioen gordailuzain delako, eta bera izan delako 60ko hamarkadatik gaur arteko ilustrazioaren historia biltzen duen liburu honetarako aukeratua. Asun Balzola liburuaren 156. orrialdean aurkitzen dugu, hirugarren atalean, egileek diseinuaren hamarkada deritzoten tartean.

Jatorrizko liburua, Laurence Kingek argitaratua, ingelesez dago. Gaztelerara Laura Fernándezek itzuli, eta Planeta taldeko Lunwerg argitaletxeak argitaratu du.

Liburu honetan,” Irudigintzaren azkenengo berrogeita hamar urte”  Euskadin, bakarrik Asun Balzola aukeratu dute. Bere lanetik hiru haur liburu aukeratu dituzte: “Munia and the red shoes”,” Munia and the day things went wrong” eta “Munia and the orange crocodile “. Asun Balzola Bilbon jaio zen; haur literaturaren zale sutsua izan zen.

Koinzidentzia bada ere aurten Asun Balzola aukeratua izan dela ” Argien aldaketa, Espainiako Irudigintza 70eko hamarkadan” erakusketarako. Madrilen izango da 2015eko urriaren 6tik, 2016ko otsailera, Marrazketa eta ilustrazio ABC museoan

Nola dago egituratua liburua.?

Bost ataletan banatua: lehenengo atalak” idealismo utopikoaren” garaia jasotzen du, 1960.urtea. Lehen garai hori gizarte aldaketen garaia da. Estreinekoz irudigilea ez dago merkatal etekinei erabat loturik. Garai honetan aukeraturiko espainiar bakarretako bat aipatu behar dut: Víctor Moscosso eta bere ” Neoizko arrosa” lana.

Bigarren atalak” nahigabearen hamarkada” islatzen du. Hedonismoaren ondoren krisialdia iritsi da; optimismoa desagertzen da eta errealismo ilunean murgiltzen. Aipatzekoa da Philip Castlen afixa ” Laranja mekanikoa” filmerako egina ; halaber aipatzekoa da Raymond Briggs, haur eta helduentzako marrazkidun liburuak egiten
lehenengotarikoa izan baitzen.

Hirugarren atalean lehenago aipaturiko “diseinuaren hamarkada “aipatzen da. Garai horretakoa nabarmentzekoa da “ Quentin Blake” haur liburuen irudigilea. “Dantzan ari den Igela” eta Roald Dahl-en zenbait liburu ilustratu zituen, besteak beste. Andrzej Klimowski ilustratzaileak Milán Kunderaren ” Laughable loves”-en irudiak egin zituen, Faber and Faber-ek argitaratua. Haur liburuen irudigilea dugu ere Nikolaus Heidelback.

Laugarren atalari “egunsenti digitala” deritzo. Hemen, Mariscal aipatzea ezinbestekoa da; bera izan baitzen olinpiadetako maskotarik errentagarrienaren sortzailea. Sara Fanelli-ren haur liburuak ere aholkatzen dizkizuet: liburu azalen egile espezializatua, eta askenik Jeff Fisher irudigilea..

“Azken uhina” deritzon azken atal honetan, aipatu behar ditut ere Gary Taxali, ” This is silly” haur liburuaren sortzailea , eta Marion Deuchars.

Ezinbesteko liburutzat jotzen dut irudigintza gizarte inguruaren arabera aztertzeko, eta komunikazioaren industrigintzaren barruan kokatzeko. Gozatu beraz liburu honetan azaltzen diren 372 ilustratzaileekin

Euskal Irudigintza?

Gure liburutegi sareak betidanik lagundu dio euskal irudigintzari. Nola? Hamazazpi urte daramatzagu liburuaren egunerako orri-markatzaile bat sortzeko eskatzen diogula euskal irudigile bati. Ondorengo hauek izan dira:

  • 2015ean Leire Salaberria
  • 2014an Maite Gurrutxaga
  • 2013an Eider Eibar
  • 2012an Iban Barrenetxea
  • 2011n Aitziber Alonso
  •  2010ean Iraia Okina
  • 2009an Juan Luis Landa
  •  2008an Josemari Alemán Amundarain
  •  2007an Belén Lucas
  • 2006an Iñaki Martiarena “Mattin”
  •  2005ean Xabier Egaña
  • 2004an Antton Olariaga
  •  2001ean Mikel Valverde
  • 2000ean Angel Dominguez
  • 1999an Asun Balzola
  • 1998an Elena Odriozola
  • 1997an Jon Zabaleta

Orri-markatzaile bildumagile askok postaz eskatzen dizkituge orri-markagailu hauek. Beraz bidalketa haur irakurri ondoren sareko orri-markagailuak nahi badituzue posta elektronikoz eskatu.

Asun Balzolaren fondoa Donostia Haur LiburutegiaAsun Balzola planeroaMunia and the Red_shoesOrange_crocodile_resolucion

Munia ant the day things went wrong

17

Api / 2015

Garai bakoitzerako liburu bat

Autorea:

Para cada tiempo hay un libroAlberto Manguelek berriro ere harritu gaitu bere liburu berriarekin. Liburuei buruz jarduten du oraingoan
ere; idazle, liburuzain, irakurle…irakurketari buruz egiten du hausnarketa.

Testuaren edertasuna
aipatzekoa da: poetika aldetik eta oraingoan argazkien originaltasunagatik ere.

Hamabi hausnarketa labur dira, izenbururik gabekoak. Testuen artean Alvaro Alejandro artistaren argazkiak tartekatzen dira.

Argazkiek, txuri-beltzez, lotzen dute irakurketa egoera anitzekin: gizon bat txirrindaren gainean irakurtzen, beste bat euripean, liburu baten orriak komunean, liburuak zuhaitzetan, baita hizkiak ere; estatua irakurlea; sagutegiak harrapatu duen liburua; kafe hondarrak; liburu hitza hizkuntza anitzetan... Denetara 61 argazki dira.

Egoera bakoitzerako liburu bat dago, baina Manguelek erruki dio egoera larri batean liburu egokia aurkitzen ez duenari. Admunsen gizajoak, hego poloa arakatu zuenak, ez zuen zorte onik izan. Gau izoztu haietan, gauero-gauero liburu bera irakurri behar izan zuen. Gaudens Doktorearen tratatu jasanezina: “Haren bakardade eta sofrikarioan bere Magestate Sakratuaren erretratua”

Manguelen liburuan, Oscar Wilde, Doris Lessing, Thomas Love Peacock, Dante, Madame Bovary, Truman Capote eta beste hainbat idazle agertzen zaizikigu orrialdeetan zehar Mangueli lagunduz irakurketaren plazera definitu nahian.

Dena den, ni liburuzaina naizenez liburutegieekin zerikusia duen pasarte baten bila aritu naiz. Eta bila eta bila, aurkitu ere egin dut: oso istorio polita da, Sarajevoko liburutegia, Haggadah eta liburuzain ezezagun prestu bati buruz.

“1992ko abuztuaren 25ean, serbiar gudarosteek berariaz Sarajevoko Liburutegi Nazionala bombardatu zuten. Milioi bat liburu eta ehundaka mila eskuizkribu inguru suntsitu zituzten. Salbatu zituzten altxor gutxi batzuen artean dago hebrear eskuizkribu iluminatu bat, Sarajaveko Haggadah.
Duela bost mende, Juduak Espainiatik bota zituztenean, ihesian atera zen irakurle batek salbatu zuen liburu hori.
Bigarren mundo gerran Haggadah Sarajevoko liburuzain musulman batek salbatu zuen. Naziek erre ez zezaten ezkutatu zuen.

1999an, Serbiarrek Sarajevo erasotu zutenean, milaka musulman kanporatu zituzten Kosovotik, haien artean idazkera hebrereaz idatzitako izkribu bat zeraman emakumea.
Emakumeak ez zuen hizkuntza hura ulertzen, baina Macedonian sartzean, modu txarrean hartu zuten eta berak judutar komunitateari erakutsi zien zeraman idatzi hori.
 Dirudienez, orri hori erakutsi zuen unea magikoa izan zen. Paper hori eman omen zioten Haggadah salbatu zuen liburuzain musulmanari Israelgo gobernukoek esker moduan, hura salbatzeaz gain, yugoslaviar judutar askori bere etxean aterpe emateagatik ere.

Emakume hura gehiegikeri etnikoen biktima zen. Israelgo gobernuak babesa eman zion berari eta familia osoari. Aitak salbatu zuen baten semeak egin zion harrera. Emakumeak esan zuen ” ‘Nire aitak bihotzak eskatzen ziona egin zuen, ez zuen ezer espero horren truke

Haggadaharen historiari buruz berriki idatzi dute eleberri bat. Geraldin Brooksek idatzia da, hain zuzen ere, “ liburuaren zaindariak” izenekoa; erraz irakurtzen da.

Sarajevoko setioa eta Balkanetako gerra dira azken urteetako gertakaririk gogorrenetakoak. Ezin ditugu ahaztu, hori baita injustizia jasaten dutenei egin diezaiekegun kalterik handiena. Europako gainontzeko herrialdeak , askotan bezala, beranduegi iritsi ziren, egindako sarraski etnikoak ekiditeko.

Garai edo une bakoitzerako liburu bat dago, eta Manguelek dioen moduan ” Ez dakit zein liburu izango ditudan aukeran nire azken bidaian” baina, liburuak ditugun bitartean, ez dago ahantz ez daitekeen traidorerik ezta disgusturik ere. Ez dut uste traidoreek irakurtzen dutenik. Ala, oker ote nago?

09

Ots / 2015

Amsterdameko Schiphol aireportuko liburutegia

Autorea:

SchiBiblioteca del aeropuerto de Schipholphol aireportuko liburutegiaDosdoce enpresaren “Kultur komunikazioa bloga” da interesgarrienetariko bat gure lanbidean. Beti dago eguneratua.

2013ko irailaren 9an ” Aireportuetako liburutegiak” izeneko posta irakurri nuen lehen aipaturiko blogean, baina, duela gutxi arte ez nuen izan aukerarik hor aipatzen diren aireportuetan geldialdia egiteko: ez Helsinkin, ezta Schipholen ere. Horiek baitira Europan liburutegia duten aireportu bakarrak; hala zioen, bederen, post horretan. Ordutik baliteke besteren batean ere izatea. AEBetan ohikoa omen da liburutegi txokoa aurkitzea aireportuetan. Beraz, handik ibiliz gero bidal diezagukezue argazkiren bat.

Joan den urtean, 2014an, Schipholen ( Amsterdamen) egin nuen eskala, eta bertan, ohiko denda, jatetxe eta kafetegiez gain, liburutegia topatu nuen. Hangoak dira blogeratu ditudan hiru argazkiak. Lotura egiterakoan, berritze lanengatik une honetan itxita dagoela jakin dut:” Due to rebuilding airport library is closed”

Han aurki daitezkeen liburuek holandar kulturarekin zerikusia dute. Tabletetan, musika entzun, bideoak ikusi edota informazioa bila dezakezu; aurikularrak daude, besteak ez molestatzeko. Paperezko liburuak ere, jakina, egon badaude. Amsterdameko museo, antzerki, historia eta leku interesgarriei buruzko informazioa aurki dezakezu. Altzairuak modernoak eta erosoak dira. Aulkiak eta sofak dituzte.

Lilburutegizale ez direnak, ziur aski, esango dute: Zertarako liburutegi bat aireportuetan?. Kultur Komunikazioa blogean azpimarratzen da amerikarrek denbora luzea igarotzen dutela aireportuetan. Bertako liburutegietan dohako wifia eskaintzen zaie, eta halaber, mailegutza elektronikoa egiteko aukera. Horrela liburutegietako mailegutza dinamizatu daiteke, liburutegi nagusietako gune bat bailitzan aireportuko liburutegia. Schipholekoa, hain zuzen, holandar liburutegi sarekoa da; zenbait mezenesen laguntza jasotzen du.

Liburutegiko sarrera afixak ongi etorria egiten digu: ” Welcome to the Schiphol airport Library” . Dohako zerbitzua dela gogorarazten da, eta erlaxatzeko gunea. Amaitzean, liburuak dauden horretan uzteko eskatzen zaigu, besteek ere haietaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Britainia Handian liburutegi batzuk itxi dira; beste leku batzuetan berriz, aireportuetan ireki. Noizko liburutegi bat Loiuko aireportuan? Bertan, euskal kultura ezagutarazteko aukera izango genuke. Baita, gure liburutegien erakusleiho izateko, eta mailegu digitala mugiarazteko. Euskadiko liburutegien zerbitzugune bat izango litzateke.

Nik, neuk oso gustuko dut ideia/burutazio hori…Schphol aireportuko liburutegia

Schiphol aireportuko liburutegia

27

Urt / 2015

Arkitektoak eta liburuzainak : XXI. mendean ere liburutegiak eraikitzen

Autorea:

Biblioteca de Li-yuan 001Biblioteca de Delft 0012015. urteko lehenengo posta liburutegien eraikinei eskainiko diot. James W.P. Campbell arkitektoaren, “ Liburutegia: munduko ondarea” liburuak pentsarazi dit berriro liburutegien diseinuaren eta arkitektuen garrantziaz, liburutegiak eraikitzerakoan. Gaur egun, azpimarratzen da arkitektoen eta liburuzainen arteko elkarrizketa beharra, baina, ez da beti horrela gertatu.

James W.P. Campbellek, Will Pryce argazkilariak, Donostiako Nerea argitaletxeak eta Carlos Herrero Quirós itzultzaileak plazaratu dute formato handiko liburu eder hau. Oso argitarapen ona da, kalitatezko papera du eta 202 argazki. 69€tan dago salgai; garestia badirudi ere, ez da; bizitza osoan gozatzeko liburua baita. Moden gainetik dago. Opari egokia da kultura, argazkigintza edota irakurketa maite duen edonorentzat. Hala ere, beti liburuen garestiaz ari diren horientzat, Donostiako liburutegi sarean eskura dago.

Liburutegien arkitekturak Campbellen interesa piztu zuen, Oxforden ikasle zen garaitik. Horren lekuko 321-324 orrialdeetan aurki daitkeen bibliografia bikaina. Baina, berak dioen bezala, liburua falta zen“, eta berak idaztea erabaki zuen. Horretarako, dagoeneko zuen bibliografiaz gain, autoreak 82 liburutegi bisitaldi egin ditu, 21 herrialdetan.

Liburutegien arkitekturaren historia hasieratik biltzen duen liburu hau, arkitektu batek egina da eta bere ikuspegia jasotzen da bertan. Atal bakoitzak izenburu adierazgarri bat du. Erdi Aroko liburutegiak hiru hitzetan laburbiltzen dira: klaustroak, kodizeak eta kutxak;  XVI.mendea beste hauekin: armairuak, kateak eta apalategi-ikasmahaiak ;  XVII.ean harresiak, kupulak eta gelaxkak;  XVIII.ean aingeruak, freskoak eta ezkutuko ateak; XIX.ean burdinezko apalategiak, hormigoia eta katalogoak;  eta azkenik, XX.mendean argindarra, hormigoia eta altzairua. Ez da, beraz, liburuzainen oposaketa liburua.

Eraikitzen al dira liburutegiak liburu digitalaren garaian ?

Bai, jakina. Duela urteak, batzuek liburuaren heriotza aldarrikatzen zuten, eta liburutegien itxiera (batzuk zoritxarrez itxi dira) honezkero liburu digitala baino ez genuela izango zioten… Baina, iragarpen horiek ez dira bete. Inoiz baino liburu gehiago inprimatzen dira, eta liburutegi moderno eta diseinu berritzaile dunak eraikitzen dira.

Campbellek azkenengo atalean ,” Liburutegien etorkizuna aro digitalean”, egiten duen hautaketatik, bi aukeratu ditut beraien diseinuarengatik: Liyuango liburutegia (2012) eta Utrechtko Unibertsitatekoa (2004).

Liyuango liburutegia Li Xiadoong arkitektoaren proiektua izan da. Beiyingen iparraldeko inguru menditsu batean dagoen Jiaojiche herrian dago. Liyuan eraikina estaltzen duen egurrari omen deritzo. Eraikina erreka baten ondoan dago, txikia da eta areto bakarra du. Ingurunearekin bat egiten du. Kanpotik ikusita ez dirudi liburutegi bat, liburuaren 315 orrialdean dago argazkia  eta post honen lehenengo argazkia.

Askotan kritikatzen ditugu arkitektoak, nik neuk: haien diseinuak ez direla funtzionalak,ez dutela behar adina hitz egiten liburuzainekin.. Baina, onartu behar dut, batzuetan gure planifikazio arauak hautsi arren, emaitza bikaina, harrigarria izan daitekeela, arkitektuaren talentoa islatzen da edertasunak eta funtzionaltasunak bat egiten dutenean.

Utrechteko Unibertsitateko liburutegia. Liburutegia kanpotik ikusita kutxa itxurako arkitektura diseinuzko pieza bat da. Wiel Arets, liburutegiaren arkitektua, haurtzarotik izan da liburuzale. Horregatik eman dio daukan belar itxura liburutegiari. Kokaturik dagoen inguruarekin bat egiten du.
Koloreen erabilera ere deigarria da. Lehenengo solairua dena zuria, eta beste guztia beltza, kubo formako eserleku guztiak eta informazio erakusmahia izan ezik, gorrigorriak baitira.

Argazkiak liburuaren 296-299 orrialdetan.

Eta Euskadin, zer? Eraikin al dira liburutegiak azken hamarkadan?

Bai, noski. Bilboko Alhondiga (2010) Philippe Starck arkitektoarena; Deustu Unibertsitateko liburutegi berria (CRAI)(2009) Rafael Moneo arkitektua ospetsuarena; Juan Carlos Guerra eta IBM arkitektoak Bizkaiko Foru Aldundiko liburutegiaren eraikina handitu eta berritua; Donostiako Unibertsitateko Carlos Santamaría liburutegia (2011), Ander Marquet Ryanek diseinatua; eta Arabako Campuseko unibertsitate liburutegia, Koldo Mitxelena, Aldundiko José Luis Catón arkitektuaren lana (2010).

Aurten (2015) Tabakalera eraikina, Mediateka barne irekiko da. Arkitektoak Jon eta Naiara Montero.

Gure liburutegi sarean, Aieteko jauregian, kultur etxea eta liburutegia, Donostiako (2010) Aitzpea Lazkano eta Carlos Abadías arkitektoek eraiki zituzten, eta haien lana Arquitectua Viva argitarapenean aipatu zen. Badut jarraitzerik gure liburutegien eraikinak eta arkitektoak aipatzen, baina, horretarako liburu bat argitaratzea merezi duela uste dut.

Hasieran aipatu dudan liburuak, Liburutegia: munduko ondarea izenekoak, argi uzten du liburutegiak amets egiteko lekuak direla, hausnartzeko edota irudimena askatzeko.
Arkitekto batzuk beraien haurtzaroa dute gogoan liburutegia eraikitzerakoan. Beste batzuek gaztaroan aurkitzen dute inspirazioa, edota liburuekiko masitasunean; beste batzuk dokumentazioari eta egungo lehengaiei ematen diete garrantzia… Gizakiak irakurketari balioa ematen dion bitartean, horretarako aterpelekuak eraikitzen jarraituko du. Liburutegia deituko ote zaien edo paperezko liburuak izango dituzten,ezin jakin, baina izan, izango dira irakurtzeko leku horiek.

Bukatzeko, ez legoke txarto arreta jarriko bagenio Mafaldaren laguna Felipek dioenari:” Ez al litzateke ederra mundua liburutegiak bankuak baino garrantzitsuagoak balira.”

Post-data. Bidalketaren bigarren argazkia. Delfteko liburutegiarena da (1997). Paretaren kolor urdina du ezaugarri

17

Abe / 2014

“Saltykov-Schedrin liburutegi publikoa” Leningradoren setioan

Autorea:

Escritos de mujeres desde el sitio de Leningrado 001Leningradoren setioak 1941eko irailaren 8tik, 1944ko urtarrilera arte iraun zuen.

Filme asko egin dira gertakari horretan oinarriturik, eta haien heroitasuna azpimarratuz. Egun, aldiz, gero eta gehiago azpimarratu nahi da emakumeek egina gerratan. Soldaduak frontera joaten ziren, eta emakumeak hirien ekonomia, industria eta eguneroko bizimoduaren sostengu ziren.

Leningrado setiatua egon zen bitartean emakumeen hiri bihurtu zen: haiek egiten zituzten eguneroko lanak, eta baita hiriaren defentsa hegazkinen erasoetatik ere.

Niretzat erabateko ezustekoa izan da Cynthia Simmons eta Nina Pelrina autoreek jasotzen dituzten lekukotasunak, “ Leningradoren setioaren emakumeen zenbait testigantza” liburuan. Testigantza horien artean Saltykov-Schedrin liburutegiak egindako lana eta bertako liburuzain batzuen testigantza jasotzen da.

Horregatik, nire blogaren ildoari jarraituz, Saltykov-Schedrin liburutegiko liburuzainek egindako lana azpimarratu nahi dut. Batzuetan errealitateak fikzioa gainditzen du.

Liburuzainek lanean jarraitu zuten: memoria gordetzen, fondoak eskuratzen, kartelak, katalogoak eta zerrendak egiten… Ezinbestekoa izan zenean fondoen lekualdatzea antolatu zuten, eta, jakina, informazio iturri lana ere egin zuten; halaber, kontsolagarri izan ziren irakurkeentzat liburutegia irekia mantendu baitzuten bonba erasopean ere, gosez, hotzez,, desesperazioz, heriotzaz eta heroitasunez beteriko hiri batean.

 

LIlia Solomovna Frankfurt

Liburutegiaren egunerokoaren testigantza Lilia Solomovna Frankfurt emandakoa da. Bera zuzendaritzaren laguntzaile aditua zen.Gerra garaiko argitalpenen bilduma egin zuten, eta 60.000 inguru argitalpen bitxi, eta 100.000 arte grabatu babestu zituzten.

Eskuratze arloan ere eragin zuen gerrak. Leningradon, gerra garaian, argitaratzen zen guztia zerrendatu zuten. Gezurra badirudi ere, bigarren eskuko liburu eta argitalpen bitxien salmentak gora egin zuen.

Liburu saltzaileak ezinean aritu ziren, eta liburutegiak jasotzen zituen  funts bibliografiko guztiak. Liburuzainen lan itzela ikusarazteko zenbait datu: liburutegiak 58.892 liburu eskuratu zituen, 112.640 akuaforte, eta 48.411 rublo inbertitu zituen eskuizkributan.

Horretaz gain, artilleriaren erasoak eta suteak zirela eta partikularren askoren liburu bildumak arriskuan geratu ziren: ura, sua… Liburutegiaren langileak haiek salbatu eta gorde zituzten. Lan hori burutzeko indar handia behar zen: leihoetatik ateratzen zituzten, hondakinetatik atera, soinean, besoetan, eramateko liburutegira. Denbora luzea pasa omen zen, kotxe bat izan zuten arte.

Nola arduratu ziren irakurleez lehergailuen erasopean?

Lehenengo gerra egunetan, erabiltzaileentzat ohiko ziren zortzi aretoen ordez, bakarra antolatu zuten. Gela horrek kokagune anitz izan zituen: sarreran hasieran, gero eskuratze gelan. Milaka liburu eta katalogo eraman zituzten areto horretara.

Alarma antiaereoak jotzen zuenean, irakurleak babeslekura eramaten zituzten liburuakirakurtzen jarraitzeko. Aretoa labeska batez berotzen zuten.

Lilia Solomovnak dioenez, argindarrik gabe geratu ziren 1942ko urtarrilaren 26an, eta ordutik aurrera ez zuten berogailurik izan. Horregatik, bizitzak aurrera egiten zuen eremu bakarrera joan behar izan zuten guztiek: zuzendariaren bulegora, beheko sua eta keroseno faroltxoa baitzeuden. 1941eko eta 1942ko neguetan, irakurleenganako arreta faroltxoekin egiten zen, eta kerosenoa amaitu zenean, apaletan liburuak aurkitzeko egur zati bati sua emanda egiten zuten.

Halere, liburutegiak ez zuen huts egin egun bakar batean ere. Irakurle mota aldatu zen. Ikasle eta ikertzaileen ordez , gudaloste gorriaren komandanteak, medikuak, estrategak, hizlariak eta funtzionariak joaten ziren. Askoz azkarrago erantzuten ziren eskaerak, ahal zen guztia egin zen liburua izan zedin arerioaren aurkako arma.

Zenbait datu berriro: 41.000 erabiltzaile jaso zituzten eta milioi eta erdi liburu baino gehiago mailegatu zituzten.

Liburuzainek egokitu zuten eraikina aireko erasoez babesteko. Horretarako talde berezia bat antolatu zuten. Talde horretako 102 kideek barrakoietara joan ziren bizitzera txandaka liburutegia babesteko eta zaintzeko, inolako ordainik gabe. Batzuk, noski, hil ziren.

Setioan jarraitu zuten bibliografiak egiten eta artikuluak jasotzen. “ Leningrado aberrigerrapena” izeneko katalogoan, eta baita Voltaire liburutegikoa ere.Ez dakit jakingo duzuen Voltaireren liburutegia, ia 6.902 dokumentu, Caterina II.aren eskuetara joan zela, hortik Inperioaren liburutegira eta, azkenik, Saltykov-Schedrin liburutegira.

Cynthia Simmonsek eta Nina Perlinak garrantzizko zedarria den liburu hau idatzi dute. Emakumezkoen ahozko testigantza ugari jaso dituzte: emakume artistenak, medikuenak, etxekoandreenak, langileenak, intelektualenak…

Egunerokoak modan daude, baita emakumeen istorioak eta historia ezagutzeko ikuspuntuak ere.

Liburu honek gogorarazten digu liburutegien eta artxibategien garrantzia gerra garaian. Egiazko memoria dira, eta lagungarriak zaizkigu “Egia” ezagutzeko unean dokumentuak deskatalogatu direnean.

Post data. Saltykov-Schedrin liburutegia gaur egun Errusiako Liburutegi Nazionala da, Europako garrantzitsuenetarikoa. Mijail Saltykov-Schedrin, Tolstoiren garaiko idazlea izan zen, San Petesburgon jaioa eta ” Golovliov familia” eleberriaren egilea.

.

26

Aza / 2014

Berrikuntzak liburutegietan, bat-batekotasuna ala planifikazioa?

Autorea:

BBerrikuntzak LiburutegietanZenbait hitz modan jartzen dira, adibidez, berrikuntza hitza. Geureganatzen ditugu eta adiera desberdin eta anitzak ematen dizkiegu. Batzuetan modan egoteko baino, ez ditugu erabiltzen, haien esanahia ondo ezagutu gabe bada ere. Besteetan manipulatzen ditugu.
Adiera anitzeko hitzak izan ohi dira.

Gainera, berrikuntza hitzari liburutegi eransten badiogu, gutako gehienei berrikuntza
teknologikoa datorkigu bururura: QR kodigoak, errealitate areagotua, sare sozialak, mailegu elektronikoaren plataformak, NFC ( Near field communication) teknologia,
Raspberry pi-a etabar luzea… Termino horietako asko ingeles hutsean erabiltzen dira, “cloud computing” edo “Hodei konputazioa” (euskarazko wikipedian aurkitu dut) esate barerako, eta ez ditugu itzultzen gaurkotasunaren eta ingeles hizkuntzaren kolonialismoaren adierazle dira eta.

Berritzaileak al gara liburutegitan? Nork iragarriko zukeen duela urte batzuk?

Ironiak alde batera utzita, Maribel Riazak ,” Berrikuntzak liburutegietan” liburuaren egileak, gure lanbidearekin loturiko alderdi berri guztiak era bikainean arakatzen ditu.

Berrikuntza hitza ondo definitzeaz gain, sorkuntza ez dela berrikuntza argitzeaz gain, nire ustez, garrantzi handiko beste zerbait egiten du: berrikuntzaren planifikazioaz hausnartzen du.

Nire interesa pizten duen bakarra ez da berrikuntza teknologikoa, beste bat baizik, hau da, liburutegi ereduari, edota liburutegi sareari ezarri behar zaion berrikuntza. Prozesuen berrikuntzaz ari naiz, erabiltzaileekiko harremanenaz, lan-taldearen pentsaerarenaz, eta, nola ez, liburutegiko zuzendariari dagokion berrikuntzaz.

Eusko Jaurlaritzak liburu elektronikoen on line mailegu plataforma berritzailea, jarri duen honetan, beta eman beharko genioke planifikazio lanari eta, Euskadin nahi dugun liburutegi sistema edo liburutegi sarea egituratu eta planifikatu: funtzionamendua, giza eta ekonomia baliabideak, Aldundietako liburutegien parte hartzea

Ez dugu helburu lan-taldeak sortzea, benetako planifikazio egitea baizik eta dagokionari. Tranpa egitea da pentsatzea denon iritzia berdina dela.

” Euskadiko liburutegiaren berrantolaketa” litzateke, hain zuzen, berrikuntzarik onena. Bitartean Maribel Riazaren liburua irakurtzea gomendatzen dizuet eta baita ere “El profesional de la Informacion” bildumako beste aleak ere. Laburrak, argiak eta erabatekoak dira.

Post-data. Kasualitatea izan da berrikuntzaz hitzegitea eta jakin dut, datorren abenduaren 16an Guggenheim Bilbao Museoan, aurkeztuko dutela “Berrikuntzaren gidaliburua 2014”, Liburuaz aparte solasaldia honako izenburuarekin Susperraldia bultzatzen duten pertsona berritzaileak”