26

Eka / 2014

Irakurketa isilekoa da

Autorea:

La lectura es secreto 001Donostian uztailean ospatzen den liburu eta diska azokaren bezperatan, udararen
bezperatan… irakurtzeko garaian… Kaxilda liburu dendaren erakusleihoan, “Irakurketa isilekoa da” liburua aurkitu dut.

Izenburuak jakinmina piztu dit; Rosa Chacelen, egilearen irudiak azalean liluratu nau. Sartu eta liburua erosi dut, jakiteko eta zuei kontatzeko, zertaz ari den Rosa Chacel idazle ospetsua, irakurketa isilekoa dela dioenean.

Liburua artikulu bilduma bat da. Liburu berriak, idazle ospetsuei buruzko saiakerak: Baudelaire, Juan Gil Albert, Octavio Paz, Racine, José Donoso, Julián Marías, Ortega y Gasset…eta hitzaldiak biltzen ditu.

Irakurketa isilekoa da eta munduko feria.

Rosa Chacelek artikulu hau 1985ean argitaratu zuen. Liburu azokak, liburuak erostea-ez erostea, zinemaren eta telebistaren abantailak idatzizko hitzaren aldean…ditu mintzagai.

Orduko kezka horiek indarrean jarraitzen dute gaur egun, baina, mehatxua ez da zinema, esta telebista ere, tsunami digitala baizik. Irakurlegarenoi kezkatzen duguna da jendeak hain gutxi irakurtzea. Ez al da ba egia, Azorinek dioena? Hau da, “ Irakurtzea bizitzea da, eta ez dago benetako bizitzarik libururik gabe” Baina, 2014an, errealitatea bestelakoa da, ba omen dago benetako bizitzarik libururik gabe.

Rosa Chacelen ustez, liburuek balio handia dute, hobeto esanda liburuak. Jende guztiak daki liburuak zer diren. Haien garrantzia erakusten dute antolatu ohi diren azoka inportante horiek. Diru asko mugitzen da bertan, autoreak eta editoreak biltzen dira; zuek, bertaratzen zaretenak ere, denbora eta arreta eskeintzen dizkiozue liburu azokei. Beraz, ez dut horretaz hitz egingo, nik liburua bera hartuko dut hizbide, edozein liburu, liburu guztiak, liburu bakarra: une honetan esku artean duzuna”

Gure gaur egungo gizartean, irakurketa mota berriak ditugun honetan: sarean, partekatua, irakurketa klubak, aholku blogak (Lecturalia, Entrelectores, etab)… Esaldi horrek, “irarkuketa isilpekoa da”, adierazten du irakurketa ere beste zerbait dela: bakardadea, hurbiltasuna, lasaitasuna… Rosak dio “ Liburua , irakurketa isilekoa da. Liburuak berehalakoan eskaintzen digu bere edukia, eta gure buru barruan eragiten du, irudimenaren indarra piztuz. Buruan dagoen guztia zentzumenen bidez iristen zaigu. Zenbat eta jakintza handiago orduan eta irudimen handiago

Liburu azokak.
Liburu azoken zeregina liburuak ibiltariaren eskura jartzea da. Duela mende bat ekin zitzaion antolatzeari. Kaleetan zehar, liburu zahar eta berrien standen artean paseatzen dugularik, bukinistek deitzen dizute. Jarraitzen dugu betiko eztabaidetan:zenbat irakurtzen den, zer den irakurtzea… Liburuak erosi ala mailegatu… Alferrik ari gara! Benetako irakurleek bietatik egiten dute.

Udan sartu berriak garelarik, jarraitu Rosa Chacelen aholkua “Liburu asko erosi bai, baina erositako liburu horietatik, mesedez batzuk sakonki irakurri.. Irakur itzazue bakarrik zuentzat idatziak bailira bezala, zeren benetako idazlearen idazlumaren jomuga zuek zarete”

Bukatzeko, Donostia Kulturako webean duzu aurtengo irakurtzeko udako liburu gida, euskarri digitalean. Hitzaurrean, Félix de Azuaren hitzak jarri ditugu: Nik ez dakit zein Eleberri diren onak eta zein txarrak. Nire ustez, hori Denborak baino ez daki, hura baita esaten duena orain hau, bihar hori”

Liburuzainek ez zaituztegu inoiz aukera batera edo bestera behartuko guk gure liburutegiak eskeintzen dizkizuegu, udan ere irekita dituzue.

30

Uzt / 2013

Liburutegiak eta aisialdia

Autorea:

Malmö (Suedia) liburutegiaAurten, laugarren urtez udari begira, Donostiako liburutegiek gida digital bat  argitaratu dugu udan irakurtzeko liburuak proposatuz. Jendea udan irakurtzera  animatzea dugu helburu. Inkesten arabera irakurtze ezaren arrazoietako bat, eta nagusia, ” Irakurketa ohiturak eta liburuen salmentak, 2012an”  inkestak dioenaren arabera, denbora falta da. Udan, hain zuzen, badugu denbora.

 Udan ere badugu liburutegira joaterik. Liburutegiak, orokorrean, irekita egoten dira; egia da bai, ordutegia murritzagoa dela, eta krisialdia dela eta murrizketa gehiago etor daitezkeen beldurrez gaudela. Donostian, abuztuan,
liburutegi zerbitzua lau liburutegitan mantentzen da: Liburutegi nagusian, Aieten, Amaran, Grosen eta Altzan Tomasene baserrikoan.

Erabiltzailearen perfila pixkat aldatzen da: ez dago ikaslerik, eta erabiltzaileek udara osorako liburuak hartzen dituzte; baina, badute astirik apalategien artean lasai ibiltzeko. Garaia honetan, literaturaz gain, bidaia gidak dira eskatuenak.
Bidaiatuko duzuen horiei liburutegiak bisita ditzazuela aholkatuko nizueke.
Liburutegiak herrialdearen erakusleiho izan baitaitezke. Liburutegizainok hori
egiten dugu, baina edozeinentzat gustagarria izango delakoan nago.

Udara honetan liburutegiek aisialdian duten funtzioaz hausnartzen hasi naiz. Halaber, astirotasunaren alde positiboaz. Astirotasuna, jakina, irakurketarekin lotzen dugu, eta era berean, liburutegi berarekin. Liburutegiak leku lasaiak dira eta kontsumo aisialdiaren aurrean alternatiba on bat. Beti ere, arkitektonikoki ondo eratua badago.

Ez dut uste irudi batek mila hitzek baino balio handiagoa duela, baina bai,
irudiek hitzak osatzen, laguntzen dituztela. Postean Malmoko (Suedian)
liburutegiko
irudi bat erantsi dut..

 Aisialdia

Bertrand Russellek esan zuen: “ Aisialdia modu adimentsu batean betetzea da zibilizazioaren azkenengo gaia”

Carl Honoréren liburuaren, ” Astirotasunaren goratzarrea“, bederatzigarrenengo atalean, egileak zenbait aisia moduak aztertzen ditu: lorezaintza, irakurtzea, eskulangintza, jostea (puntoa…)

Zalantzarik gabe, esan dezakegu, irakurketa jarduera lasaia dela eta modaz kanpokoa.
Irakurketak abiadurarekiko kultoari aurre egiten dio; hausnarketari denbora eskeintzen dio; bizitzaren erritmoa moteltzen… Hala ere, gaur egun, liburu salmentak behera egiten dituzten arren, badira liburua besapean hartu, hondartzara edo mendira abiatu eta  irakurtzeari ekiten diotenak.

 Carl Honorék Harry Potterren arrakasta ekartzen digu gogora. Askoren harridurarako liburu sail horrek Play Stationaren belaunaldia bereganatu zuen. Beraz, irakurtzeak badu lehiatzerik eramangarriarekin, twitter-arekin… Liburuak berak du zereginik, eta batez ere, hezitzeko borondateak. Zein heziketa mota nahi dugu gure gazteriarentzat? Hau da, irakurtzearen aldeko jarrera aktiboa hartu behar dugu, adibidez: egunero ordu erdin tresna teknologiko guztiak itzaliko dira.

Irakurketa aisialdian

Urtero begiratzen ditut editoreek argitaratzen dutena liburuen salmenta eta irakurtze ohituerari buruz. Azkenengo datuak baikorrak
dira. Orokorrean, 2011rekin erkatuz, irakurle kopuruak gora egin du, batez ere irakurketa digitala dela medio: %58 (2012an), %52 (2011n). Irakurketa digitalak biltzen du: ordenagailukoa, eramangarrikoa, agenda elekronikokoa eta E-.Reader-koa. Gehien irakurtzen direnak dira: webak, blogak, foroak eta ondoren egunkariak.

Biztanleriaren multzo batek bakarrik aisialdian irakurtzen omen du. Horietako gehienek Unibertsitate ikasketak dituzte, %80; oinarrizko ikasketak dituztenak %30 dira.

Beste datu batzuk, bizilekuaren neurria kontuan hartuz, gehiago irakurtzen da leku handietan txikietan baino. Lanean ari direnek eta ikasleek gehiago irakurtzen dute. Halere, badirudi irakurtzen duten erretiratuen kopuruak ere gora egin duela.

Udan liburutegia aisialdi lekua izan al daiteke? Irakurtzera bertata joaten al da?

Eskuarki, gehienok liburutegiak ikasketarekin eta heziketarekin lotzen ditugu. Funtzio horiek, hor daude, eta oso garrantzitsuak dira; baina, zer gertatzen da liburutegiaren aisia aldearekin?

Liburutegia ez da normalean aukeratzen irakurtzeko leku bezala. Gehienek etxean irakurtzen dugu. Liburutegian mailegatzen da, baina ez dute liburutegia denbora pasa lekutzat hartzen. Nire ustez, arrazoi hauengatik:

Ordutegiak.

Udarako ordutegiek zabalagoak izan beharko lukete benetan funtzio hori eman nahiko bagenie liburutegiei. Bilboko Alhondiga, eta beste zenbait leku Espainian, igande goizez irekitzeak erakutsi digu ordutegi zabalagoak bezero etortzea areagotzen duela.

Bildumen garapena

Liburutegira edukien bila joaten gara: dokumentuak, musika, DVDak, zinema, liburuak, aldizkariak, egunkariak… Erabiltzaileak udan erakarri nahi baditugu, gure eskeintza zaindu, egokitu behar dugu: azkenengo bestseller-ak, bertako bildumak, zaletasunekin zerikusia dutenak, hemeroteka, Play jokoak…

2012an  inoiz baino dokumentu gutxiago erosi da liburutegientzat, eta hala ere, bisitari kopurua handitu da. Ez nago batere ados garrantzia kentzen diotenekin aurrekontuetako murrizketei. Ez dut uste liburutegientzako aurrekontuen murrrizketaren arazoa konpon daitekeenik Euskadiko sareko liburutegien arteko mailegutzarekin. Liburuak mugitzeari ondo deritzot, baina, liburutegi batera joan eta hiru egunetan zain egon behar badut liburu bat eskuratzeko, pentsatzekoa da.

Bildumak eguneratzerakoan ezinbestekoa da hiru gai hauetaz ez ahaztea: zinema, musika eta joku eta bilduma elektronikoa. Ez gara aukera gai izango inoiz aisialdirako ez badugu benetako kalitatea eta ugaritasuna eskeintzen arlo guztietan.

 Bazkide agiri bakarra

Agiri bakarra sortzeak kultur jarduera desberdinetarako: liburutegia, zinema, musikaldiak, jatetxeak, liburudendak…ekartzen du liburutegien inklusioa
aisialdirako eremu tradizionaletan.

Tekonologia  berriak

Liburutegiak Interneten sartzeko aukera ematen duen heinean, izan daiteke bidea informazio iturri izateaz gain aisialdi emaile izateko ere. Interneten erabileraren arauak estuegiak izateak ez du horretan lagunduko. Erabiltzaileak aukera izan behar du txateatzeko, posta irekitzeko, musika entzuteko, filmak ikusteko… Ikasteko lekua baino zerbait gehiago izan nahi badugu, udal zerbitzu informatikariekin adostu behar dugu aisialdi digitala eta formakuntzaren arteko elkarbizitza egokia.

Gure Interneten zerbitzuaren gabeziak, pertsonal faltaren, aurrekontu eskasen,eta bertako langileriaren formakuntza faltaren ondorioak izaten dira gehienetan.

Teknologia enpresek ez gaituzte ikusten teknologia berrien erakusleiho bezala. Eusko Jaurlaritzak apostu horrekin jarraitu beharko luke, Kz guneak eta antzekoak liburutegietan eskeiniz. Abuztuan, gero eta erabiltzaile gehiago geratzen da bere hirietan.

Jarduerak

Donostian , gure liburutegi sareak beste sasoietako ohiko jarduerak antolatzeari uzten diogu, jaiek eta bestelako jaialdiek hutsune hori betetzen baitute. Gure hiria, hiri turistikoa da. Hor ditugu: uztailean jazzaldia,  abuztuan musika Hamabostaldia eta irailean nazioarteko Zinemaldia. Bi liburu azoka egoten dira: bat uztaileko lehenengo hamabostaldian, eta bestea irailean. Gogorarazi ere, Urgull bezalako ingurune paregabean udako liburutegia zabaltzen dugula… San Telmo Museoa, Itsas Museoa…

Iparraldeko herrialdeetan ohikoa da, zaratatsuak badira ere, udan zenbait jarduera antolatzea liburutegian bertan.

Beraz, bukatzeko, liburutegia izan daiteke aisialdirako lekua, ikasteko, formatzeko eta ondarea gordetzeko eremua izateaz gain. Izan, bagara, nolabait, baino asko dugu hobetzeko.

Etorkizuneko liburutegietan arkitekturak, altzariek eta seinaletikak berebiziko garrantzia izango dute. Etxean, egongelan, irakurtzea gustatzen zaigu; denok dugu gustuko erosotasuna eta diseinua. Bada, eraman ditzagun liburutegietara! 
Liburutegi espazioak, museo baten ondoan, edota kirol  edo kulturgune baten ondoan dagoenak, kultur ekintzak eta eduki eguneratuak eskainiko ditu, eta  halaber, espazio hori teknologia berrien erakusleiho izango da..

Aprobetxatu uda presarik gabe ibiltzeko, irakurtzeko, irakurtzean beti ikasten baita zerbait, eta kanpora ateratzen bazarete ea liburutegiren bateko argazkirik egiten duzuen.

28

Eka / 2013

Ametsezko liburutegia

Autorea:

Egun, liburuzain guztiak etorkizuneko liburutegia irudikatzen ari garela, liburu elektronikoaren mailegutza plataforma imajinatzen, espazio antolatzen ohiko apalategirik gabe, geure burua informazioaren bitartekari bilakatzen…; une egokia deritzot Alberto Manguelek “Ametsezko liburutegi” ari buruz dioena gogora ekartzeko.

Alberto Manguel Donostiatik oihartzunik gabe pasa zen. Luisa Etxenike idazleari esker izan genuen aukera hori. Baina, komunikabideek ez zuten apenas horren berri eman.
Orduko hitzaldiak bere beste liburu batean izan zuen oinarri : “ Liburutegia gauean”. 2008ko urriaren 23an egon zen Donostian. Manguelek irakurketa, liburutegiak, irakurgaiak, izan zituen mintzagai.

2013ko ekainaren 13an 2012ko Espainiako olerkigintza Saria, Antonio Carvajal ere oharkabean pasa da gure hiritik; kazetariek ez dute haren berririk eman. Bai batean, bai bestean, Donostia Kulturaren komunikazio sailak bere eginbeharra ongi bete zuen. Baina, zein kultura mota interesatzen zaie medioei? Zorionez, Antonio Carvajalek argi utzi zuen ez duela ospea helburu, adituen onarpena baizik.

Ba al dago ametsezko liburutegirik?

Alberto Manguelek deskribatzen digun ametsezko liburutegia. “Errege Gorriaren ametsa” liburuan, bat egiten du alde askotan nire ametsetakoarekin. Manguelekin ehuneko ehunean ados ez banago ere, blogera ekarriko dut bere liburuaren atal hori, eta euskaratzen saituko naiz. Atal horren izenburua da: ” Ametsezko liburutegia definitzeko zenbait ohar”. Esaldi laburrez, era  poetikoan ematen ditu oharrak. Azken finean, liburutegiak gustuko dituela eta irakurketaren historian aditua dela jasotzen dugu.

Nire ametsezko liburutegia utopia bat da: Donostiako udal liburutegi berria eraikin bakar batean ikustea.

“Ametsezko liburutegia definitzeko zenbait ohar”

1. Ametsezko liburutegia irakurle batentzat bereziki egina dago. Irakurle guztiek sentitu behar dute beraiek direla aukeratuak.

2.  Ametsezko liburutegiaren atearen gainean Rabelaisen lelo bat dago idatzia. ” Lys ce que voudra” ” Irakur ezazu nahi duzuna”

3. Ametsezko liburutegia birtuala zein materiala  da. Teknologia guztiak onartzen ditu, euskarri guztiak, testu mota guztiak.

4. Ametsezko liburutegia sarbide errazekoa da. Ez eskailera garairik, ez lur irristakorrik, ez ate nahasgarririk, ezta zaintzaile beldurgarririk irakurle eta liburuen artean.

5. Ametsezko liburutegiak eserleku eroso baina irmoak ditu, besoentzako eta guzti, eta bizkaralde makurrak, Frantziako Liburutegi Nazionaleko Labrouste areto penagarrikoak bezalakoak.

6. 1250ean, Fournivaleko Richardek ametsezko liburutegia ” hortus conclusus” batekin konparatu zuen, hau da jardin itxi batekin.

7. Ametsezko liburutegiaren hormak adreiluzkoak edo egurrezkoak dira. Baditu, halaber, beirazko leiho ederrak bista ederrak eskeintzen dituztenak. Liburutegia ez da inoiz “hortus” guztiz “conclusus “.

8. Ametsezko liburutegiak batez ere liburuak ditu, baina ez bakarrik liburuak. Bertan biltzen dira ere mapak, koadroak, objektuak, musika, ahotsak, filmak eta argazkiak. Irakurtzeko lekua da, terminoaren adierarik zabalenean.

9. Ametsezko liburutegian irakurleak eskura ditu apalategiak. Ezustekoren bat aurkitzeko parada eman behar zaio irakurleari.

10. Liburutegi honetan apalak altuera egokian egongo dira beti, ez altuegi ez baxuegi.

11. Ametsezko liburutegian ez du inoiz egingo ez bero handirik ezta hotzik ere.

12. Ametsezko liburutegiak etiketatu gabe antolatzen du.

13. Ametsezko liburutegian ez dago behin-betiko atalik.

14. Ametsezko liburutegiaren mapa bere katalogoa da.

15. Ametsezko liburutegian janaria, edaria eta fotokopiagailuak ugari eta eskura errazak izango dira.

16. Ametsezko liburutegia isolagarria zein gainezkatua da; intimoa eta harreman sozialetara irekia; hausnarketarako, zein elkarrizketarako prestatua; lasai eta oparoa; eruditoa eta galderazalea; askoren desesperazioz josia eta irakurtzeke dagoenaren itxaropenaz jantzia.

17. Ametsezko liburutegiak litekeen liburu ororen promesa gordetzen du.

18.  Ametsezko liburutegian liburu bakoitzak beste baten egiten du oihartzun .

19. Ametsezko liburutegia etengabe berriztatzen den betirako antologia da.

20. Ametsezko liburutegiak ez du inoiz ixten.

21. Ametsezko liburutegian zirriborroak egin daitezke liburuetan.

22. Ametsezko liburutegia era berean jendartekoa eta ezkutukoa da. Klasiko ezagunenak eta ia inork ezagutzen ez dituenak gordetzen ditu.

23. Ametsezko liburutegian irakurleak ezarritako ordena hankaz gora jarri behar du.

24. Ametsezko líburutegiaren liburu kopurua aldakorra da. Alexandriako liburutegian zazpiehun erroilu omen zeuden; Jorge Luis Borgesen liburutegian bostehunera ez ziren iristen; Birkenau konzentrazio esparruko liburutegiak zortzi baino ez omen zituen, baina balio neurtezinekoak.

25. Hormaz, apalez eta liburuz osaturik badago ere, ametsezko liburutegia gure irudimenean dago; gogoan duguna da.

26.  Ametsezko liburutegiak jarraipenezko testua iradokitzen du; ez du hasiera argirik, ezta amaiera asmagarririk ere.

27. Ametsezko liburutegian ez dago debekaturiko libururik, ezta aholkaturikoak ere.

28. Ametsezko liburutegia hurbilekoa egiten zaio bai San Jeronimori, bai Noam Chomskyri.

29.  Ametsezko liburutegian irakurle guztiak, beti, ongi etorriak sentitzen dira.

30. Ametsezko liburutegiko orrialde bakoitza lehenengoa da. Ez dago azkenengorik.

31. Paul Valeryren burmuineko kutxak bezala, ametsezko liburutegian ondorengo izenak dituzten sailak daude: une egokiagoan ikastekoa;inoiz horretaz ez pentsatzekoa;
alferrikakoa bertan sartzea; aztertu gabeko edukia; zentzurik ez duten gaiak; bigarren bizitzan bakarrik azter daitekeen altxorra; premiazkoa; arriskutsua;delikatua; ezinezkoa; utzi; gordea; beste batzuk har dezaten ardura!; zaila, etab.

32.  Ametsezko liburutegiak Babelen madarikazioa desegiten du.

33.  Ametsezko liburutegiak gizarteak irudikatzen duenaren sinbolo da. Gizartea, bere burua ezagutzeko, liburutegien mende dago, horiek baitira gizartearen memoria.

34. Ametsezko liburutegia infinitoraino has daiteke, ez baitu toki fisikorik behar; eta jakintza guztien ezagutza eskain dezake, denbora fisikori ez baitu behar.

35.  Antigualeko hezurtegietan irakur zitekeen: ” zeure burua ikusten duzun eran ikusten dut nik neurea; ikusten nauzun eran ikusiko duzu zeure burua”. Antzekoa esan dezakegu liburutegi idealari buruz eta bertako irakurleez.

36. Ametsezko liburutegia ez da hezurtegi bat.

37.  Antzina liburutegiak apaiz egipziarren ardura ziren. Haiek hildakoen arimei liburuak ematen zizkieten, hildakoen erreinuetan lagungarri izango zitzaielakoan. Ametsezko
liburutegiak funtzio hori ere betetzen du, arimak gidatzeko sortea da.

38.  Ametsezko liburutegiak era berean, berritu eta mantendu egiten du. Ametsezko liburutegia arina da.

39. Zenbait liburu haiexek dira beraiek ametsezko liburutegia. Melvilleren Moby Dick,Danteren Divina Comedia, Chateaubrianden “ Las memoires d’ outretombe”

40. Ametsezko liburutegian ez da iparrorratzik behar. Bere itxura fisikoa bada ere bere egitura intelektuala.

41. Ametsezko liburutegiaren arkitektoa, beste edozerren gainetik, ametsezko irakurlea da.

42. Edozein tiranoren ezinezko helburua ametsezko liburutegia suntsitzea da.

43. Irakurle guztien ezinezko helburua da ametsezko liburutegia berreraikitzea.

44.  Ametsezko liburutegiak ( liburutegi guztiek bezalaxe) zuretzat bereziki idatzia izan zen lerro bat gordetzen du.

Gaur egun, etorkizun igarleek horrelako galderekin etengabeko erasoan ari zaizkiguralik: zertarako liburuz josiriko liburutegiak? Zergatik alferrik galdu leku preziatuak paper inprimatu multzo infinituak gordez?, onuragarri egiten zaigu Alberto Manguel bezalako irakurzale eta liburutegi zaleek idazten dutena irakurtzea.

Irakurle bakoitzak aurki dezala bere ametsezko liburutegia

23

Uzt / 2012

Irakurri : hamaika idazki literario irakurtzeari buruz

Autorea:

Aurtengo Donostiako liburu eta disko azokan, bi liburu erosi nituen: Ramon Saizarbitoriaren “Martutene”, eta ondorengo hau, Irakurtzen: hamaika idatzi literario irakurtzeari buruz. 2008an Meettok argitaletxeak plazaraturiko liburua dugu hau, euskaraz jatorriz  idatzia eta gero erderara itzulia.

Hamaika euskal idazlek bere liburuekiko, irakurtzearekiko bizipenak aitortzen dizkigute; irakurtzeko grina nola piztu zitzaien kontatzen digute; beraien ezinbesteko liburuen zerrenda ematen digute… Zenbait pertsonen irakurtzeko beharra ere aipatu dute.

Hamaika kontakizun dira, oso literarioak, eta nolabait, irakurtzearen garrantzia sakralizatzen dute. Gaur egun irakurtze digitala dela eta etengabeko eztabaidan gaude. Nicholas Carrek dioenez , pantailan ez omen dugu arretaz irakurtzen, surfeatzen omen dugu, entretenitzen omen gara loturak, linkak direla medio. Beste batzuk, berriz, Clay Shirkek esaterako, esaten dute nahikoa dela, gogaituak gaudela
irakurtze sakon eta arinez aritzeaz eta entzuteaz.

Nire ustez, orain eta lehen, beti egon dira irakurtzeko maila eta estilo desberdinak.

Oso gomendagarria da liburua. Niri gehien gustatu zaidan narrazioa, “Liburu ibiltariak” Felipe Juaristirena. Eta zuri zein?

22

Ira / 2011

Mamuz beteriko liburutegiak

Autorea:

Jacques Bonenetek frantsesez idatzitako liburuaren izenburua da; Davis Staceyk gaztelerara itzuli du. Liburutegiekin, literaturarekin eta paper-liburuekin loturiko pasadizoz josia dago. Umore eta bitxikeriz beteta.

Lehenengo istorio xelebrea 11. orrialdean aurki dezakegu. Bertan kontatzen du, Fernando Pessoa idazlea, 1932ko irailean, Cascaisko Condes de Castro Guimaraes Museoan liburuzain-mantentzaile lanposturako aurkeztu zela. Ez zuen lortu, baina merezi du irakutzea epaimahaiari idatzitako gutuna.
9. atalean, 120. orrialdean, liburuaren izenburuaren zergatia azaltzen digu. Frantsesez, “mamu” hitzak beste adiera bat du, gaztelerak ez duena; onderongo hau da: ” liburuaren ordez jartzen den paper edo kartoia”.