26

Ots / 2018

Gutxiago irakurtzen dugu aro digitalean? Beste modu batean irakurtzen dugu?

Autorea:

Reading in a digital age

Aurkezten dizuedan “Reading in a digital age txostenean, irakurketaren analisi bat egiten da aro digitalean. Inork ezin du ukatu zeharo aldatu dela irakurketa. Duela hogei urte besterik ez, formatu inprimatuak bakarrik irakurtzen genuen: liburuak, egunkariak, aldizkariak, txosten akademikoak, testuliburuak, unibertsitateko eskuliburuak.

Gaur egun, irakurketaren eremuak izugarri ugaritu dira. Web orriak, blogak, tweetak, posta elektronikoko mezuak, facebookeko mezuak eta liburu elektronikoak irakurtzen ditugu. Barry W. Cull liburuzain kanadarrak adierazi bezala “Testuek gainezka egiten duten mundu bat da Internet. Alfabetizazio maila oso handia duen gizarte batean gerta liteke hori.”

Lehen begiratuan, egoera hobezina antza, liburuetara heltzea inoiz baino errazagoa den gizarte batean bizi baikara. Oso zabalduta daude doako liburutegi digitalak; liburu elektronikoen mailegu-plataformak doan ditugu eta nahiko ondo hornituta daude liburutegi presentzialak. Horrek eraman gaitzake pentsatzera aro digitalean dena direla irabaziak, dena direla abantailak.

Eta, hala eta guztiz ere, hor dabil adituen, liburuzainen, liburu-saltzaileen eta irakurleen artean irakurketa digitalaren inguruko eztabaida. Gutxiago irakurtzen dugu? Sakontasunetan sartu gabe irakurtzen dugu? Pisa Euskadiren azkeneko txostenak adierazitako emaitza oso txarra izan da, eta kontuan hartu beharrekoa ere haurrek bi urte dituztenean gehitzen direla tabletak eta ordenagailuak gure ikasgeletan. Hala, zer ari da gertatzen irakurmenarekin? Zer ari da gertatzen haurrekin, handikiro jaioberri digitalak deitzen zaien horiekin?

David M Durantek, berrogeita zazpi orrialdeko txosten honetan eta zazpi orrialdeko bibliografia batean, irakurmena eta neuroplastizitatea aztertzen ditu. Irakurketa linealaren eta irakurketa digitalaren arteko bereizketa aztertzen du bertan; eta irakurketa tradizionalarekin –inprimatua– parekatzen du irakurketa lineala. Eta beste termino bat ere erabiltzen du: irakurketa tabularra. Aditu desberdinen iritzia biltzen du, eta baita ere Europako eta Ipar Amerikako zenbait unibertsitatetan irakurleekin egin diren azterlanak eta haien iritziak. Gainera, liburu elektronikoen salmentek izan duten goraldiaz hitz egiten digu, halako goraldirik izan ez bada ere.

Egilea, esan beharra dago, irakasle elkartua eta liburuzaina da J. Y. Joyner liburutegian, Greenvillen, Ipar Karolinan

TITULAR BATZUK

Gogoan izan behar dugu irakurmena landu egin behar den trebetasuna dela, jaiotzetik ez datorkiguna. Ez da sortzetikoa. Ikaskuntza bat da. Irakurketaren fenomenoa neuroplastizitatearekin dago lotuta. Maryanne Wolf eta Mirit Barzillai adituen arabera,Plastizitatea neurona-sareak eratu eta berritzeko gaitasun bat da, ikusmenetik, ezagutzatik eta idazketatik abiatuta”. Hau da, garunak berritzeko duen gaitasunari esker irakur dezakegu. Beraz, zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta errazago. Aldiz, zenbat eta gutxiago, orduan eta zailago, ahalegin handiagoa eskatzen baitu. Ikusten al dugu justukoa, behartzen zaiena bakarrik irakurtzen duten haurrekin dugun arazoa? Zeren zain gaude erremedioren bat jartzeko? Irakurketa planak ezarri edo besterik gabe ikasgelan irakurri eta irakurri? Behartu behar al da irakurtzera?

 

Berdin irakurtzen al dira irakurketa lineala –inprimatua– eta digitala –tabularra–? Berdina da Tolkien irakurtzea, tweet bat irakurtzea, eta informazioa bilatzea?

Galdera horiei guztiei egileak ez die erabateko erantzuna ematen, baina hori bai, esan egiten digu irakurketa inprimatuak eta irakurketa digitalak neurona-sare desberdinak garatzen dituztela.

Duke University-ko irakasle Katherine Hayles adituaren arabera, irakurketa lineala –inprimatua– oso prozesu sofistikatutzat hartzen da, analisia, hausnarketa eta barneratzea eskatzen dituena. Asko irakurtzen denean, prozesu horrek segundo-milaren batzuk besterik ez ditu behar; gutxi irakurtzen denean, ordea…

Irakurketa digitala –tabularra– testu laburretan fokatzen da. Izan ere, beti esan ohi didate blogean gutxi idazteko, webean inork ez dituela testu luzeak irakurtzen. Hortaz, ez da berdin irakurtzen. Aditu, eszeptiko digital eta prodigital guztiak datoz bat horretan.

Irakurketa digitala azalekoagoa da irakurketa inprimatua baino?

Alderdi honetan iritzi desberdinak daude. Badira irakurketa digitalaren eszeptikoak eta beste batzuk ia desberdintasunik ikusten ez dutenak bi irakurketa modu horien artean. Azterlan ugari egin dira horren inguruan.

Bat aipatzearren, Alemaniako Johannes Gutenberg Unibertsitatean, 2011n, azterlan bat egin zen formatu digitalean irakurtzeko eta e-reader edo Tableten irakurtzeko adimenak egiten duen ahalegina alderatzeko. Azterlan hori berrogeita hamar pertsonarekin egin zen. Gazteak eta helduak. Ez zen benetako desberdintasun nabaririk ikusi.

Eta bitxia eta nabarmentzekoa da gazteak eta helduak bat zetozela liburu inprimatua nahiago zutela adieraztean.

Sara J. Margolin-ek ere ez zuen desberdintasunik aurkitu 2013an egindako azterlanean. Hala ere, Norvegian, STavanger-eko Unibertsitatean, hirurogeita hamabi norvegiarrekin egindako azterlan batean desberdintasun nabarmenak ikusi ziren irakurketa digitalaren azalekotasuna eta irakurketa inprimatua alderatzean.

Irakurketa digitala nabarmen ari da gora egiten?

Hasiera batean,gora  egin zuen baina momentu honetan igoera gelditu da.

Baina gaur egun ziurtatu daitekeenez, irakurketa digitala ez da gazteek gogokoen dutena. Haietako askok nahiago dute liburu inprimatua irakurri. E.book-en irakurketa geldialdian da orain.

Ondorio batzuk

Nire ustez zaila da erantzun zehatzak ematea irakurketarekin eta joera berriekin zerikusia duen guztiaren inguruan. Dena den, esan daiteke irakurketa digitala geratzeko etorri dela. Txosten hori funtsezkoa da. Irakurtzea gomendatzen dizuet.

Egileak dioenez, gaitasun bikoitzeko adimen bat eraikitzen ari gara, hau da, “Bi literate Brain” bat. Hortaz, lanean jardun beharko genuke irakurtzeko bi moduak –inprimatua eta digitala– dagozkien neurona-prozesuekin gure gazte eta haurren burmuinean garatu ahal izan daitezen.

Eta adierazgarria da haurtzaroan izaten diren irakurketa arazoen aurrean “Slow Reading” (irakurketa geldoa) bezalako mugimenduak sortzen ari direla Estatu Batuetan. Mugimendu horrek, Estatu Batuetan oso aktiboa denak, irakurketa inprimatua zaintzearen garrantzia aldarrikatzen du, irakurketa modu horri denbora eta espazioa eskainiz, eta esan beharra dago liburuzainak direla gehienbat mugimendu horretako kideak.

Haurrek bi modutan irakurtzen ikas dezaten lortu behar dugu. Modu lineal geldoak –inprimatuak– ezin du desagertu. Jakina, digitala hemen da eta geratu egingo da. Hala, egunean hogeita hamar minutu gutxienez, literatura modu inprimatuan irakurtzea lortu behar dugu.

Beti defendatu izan dut irakurketa digitala, irakurketa inprimatuaren gehigarritzat hartuta. Orain kezkatzen nauena da, liburutegiko zuzendari naizen aldetik, hainbat haurrek irakurketa inprimatuaren aurrean gogo handirik erakusten ez dutela ikusteak. Lanean jardun behar dugu haur horien gurasoei gogorarazteko “irakurketa ahalegin bat dela”, irakurriz ikasten baita irakurtzen.