01

Aza / 2016

Halloqueen

Autorea: nerea

Fantasiazko eta beldurrezko zinemaren astearen ekuadorrera helduz eta halloweeneko gaua ospatuz, saio intentsibo batekin egin genuen topo atzo. Ekitaldiari hasiera eman zion pelikula Geoff Redknap Kanadiarraren Ikusezina (The unseen) izan zen. Gaiaren originaltasuna azpimarratuz eta pelikularen izenburuarekin jolastuz esan beharra dago lan hau ez dela ikustera ohituta gauden parametroetan sartzen. Aukera ausarta bezain egokia izan zen, gidoi eta istorio biribil batetik haratago, aktoreen zerrenda guztiz aproposa zuelako.

Hasiera interesgarri batetik abiatuz eta gaueko oihartzun edo eztabaida sorrarazi zituen bigarren luzemetraiari eutsi baino lehen, Iván Sáinz-Pardoren Save laburmetraia izan genuen ikusgai, denboraz laburra baina nolabaiteko egonezina sortarazten duen horietakoa. Labur honen ostean Winding Refn-en The Neon Demon filmaren txanda izan zen. Sitgesko festibaletik hainbat iruzkin eta iritzi entzun dira film honen inguruan, eta beharbada hori izan da arazoa. Edo baliteke filmaren funtsa muturreko sentsazioak sortaraztea izatea, horregatik leku batean maitatua edo oso gustokoa izan dena horren gorrotatua izan da beste batean. Behar bada, eta ziurrenik genero berdineko film festibalen ikusleen izaera tokian tokikoa da kasuistika ezberdinak direla medio.

Argazkia: Floro Azqueta

Argazkia: Floro Azqueta

Azken finean film honetan edertasuna eta azalekoa edo superfiziala da garrantzia duen bakarra, eta denbora da bi pilare horiek iraultzen dituen etsaia. Zoriontasunak ez du lekurik, agian glamour guzti horren azpian ezkutatzen da, baina kasurik ziurrenean, hilda dago eta berpizteko esperantzarik gabe. Mundu honetan mamu gisa ez pasatzearren, perfekzioaren etengabeko bilaketa eta norberaren hutsuneak betetzeko beharrak bultzatuta norbera zer egiteko gai den ikus dezakegu , eta horren ondorioa bakarra eta iluna da, heriotza. Ni pertsonalki ez nintzen iritsi istorioan sartzera, pelikularen gaian bezala azalean gelditu nintzen baina azpimarragarria da bisualki daukan indarra.

Gau luze honen hirugarren filma, eta niretzat gaueko oparia izan zena, Colm McCarthyren Melanie. The Girl with all the Gifts izan zen. Erdi gizaki erdi hildakoen inguruan eginiko filma, baina gaiak sortutako mugak gaindituz errepikapenean erortzen ez dena. Azkenaldian zoombie-en inguruan eginiko lanik interesgarrienetarikoa. Film hau genero honetako besteengandik ezberdintzen duena daukan inteligentzia morala da, non munstroak eta gizakiak gorputz berean harrapaturik dauden.

Argazkia: Floro Azqueta

Argazkia: Floro Azqueta

Gaurkoz hemen amaitzen dut, nekea zela medio ezin izan bait nuen ezer gehiago ikusi. Hala ere aipamen berezia egingo diot Queen Kong laburrari, Monica Lisa Stambrinirena, nahiz eta pertsonalki ez ikusi arren, merezi duen laburra dela esan didatelako, eta benetan bereizgarria den ukitu femenino batek girotzen duelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude