03

Nov / 2016

Arazoak 2,… azaroak2

Autor:

Atzoko saioa, asteazkenekoa hain zuzen ere, animaziozko film laburren maratoi batekin hasi zen. Mota askotariko gaiak, formatu edo genero ezberdinetan aurkeztuak eta animazio metodo ezberdinak eskaintzen zizkiguten maratoi hau osatzen zuten bederatzi filmek. Post honen izenburuari helduz topatzen dudan lehengo arazoa labur guztiak aipatu eta post labur bat idaztea da, beraz aurretiaz eskatzen dizuet barkamena luze joango naizelako. Guztietan lehena, James Cunninghamen Accidents, Blunder and Calamities izan zen. Aita zarigueia batek lotara joateko ipuin bat kontatzen die bere umeei, non animaliarik arriskutsuena gizakia den, umore beltzez eta ironiaz hornitutako lan hau dibertigarri eta oso ikuserraza suertatzen da.

Belle comme un coeur

Belle comme un coeur

Jarraian, Gregory Casaresen Belle comme un Coeur izan genuen. Izenburuak ongi asko laburtzen du filmaren gaia edo hobeto esanda planteatzen duen gatazka, barneko edertasuna vs kanpoko edertasuna. Neskatila zatar batek bere itsura dela eta burlak jasaten ditu bere eskolakideen eskutik, mutiko batek soilik errespetatzen du. Halako egun batean neskak azti batekin egiten du topo eta honi bere aurpegia eraldatzeko eskaera egin ondoren bere aurpegia ederragoa den heinean bere bihotza ilun eta maltzurragoa bilakatzen da.

Arratsaldeko hirugarren laburra Anna Solanas eta Marc Ribaren Cavalls Morts izan zen. Gerra garaian girotutako istorio gogorra kontatzen du, bere inguruan gertatzen dena ulertu ezin duen ume baten begiradatik. Istorio honetan heriotza, gerra, erbesteratzea eta haurtzaroa nahasten dira ikuslea harrapatuz eta gizakiaren alderdirik ilun, ustel eta krudelena azaleratuz. Honen ostean Florian Babikianen Garden Party filmean etxe eta jauregi bitartean dagoen luxuz beteriko eraikinaz jabetzen da anfibioen talde batSen primarioenei jarraitzen die igel eta zapo talde honek, hala nola sexua eta elikadurari. Horrelako goi mailako bizitzaren oinarrian dagoen ahulezia eta sinpletasuna azaleratzen zaizkigu, hainbat luxuk gizakiaren animali sena piztu arazten dutela azpimarratuz. Rodrigo Orozcoren La hora de los Sueños izan zen hurrengoa. Istorio honetako protagonista, Leonor, gaixorik aurkitzen da ezin duelako gehiago margotu, horregatik ametsen orduaren zain dago, arazo guztiak konpontzen diren momentuaren zain. Laburmetrai honek desiratzen diren gauzak bete gabeko planetan uzten dituzten pertsonez hitz egiten du. Fantasia edozein tokitan existitzen da eta dena erreala bihurtzen da pentsatze hutsagatik.

Lora D’Addazioren Juliette filmak pertsona beraren barruan dauden bi izaerak agertarazten dizkigu. Kanpokoa dena, munduari erakusten dioguna eta argitsua, eta barrukoa dena norberak ere ezagutzen ez duena eta bakoitzaren etsaik beldurgarriena dena, iluna eta zitala. Vincent Gallagherren Second to none anbizioaren inguruko film labur dibertigarria da. Non zerbait eskuratzeko nahiak aurrean dauzkazun pertsonak, nahiz eta odol berdinekoak izan, oztopo bezala ikusarazten dizkizun. Morgan Millerren There´s too many of these Crows istorioan gizartea beleen plaga batez mehatxatuta dagoen bitartean, ironiko hauekin amaitzeko saiakeretan bele adina gizaki akabatzen dituzte. Malakiasen Voodoo Ritesen inguruan ezer gutxi esateko. Ez dut iruzkin gehigarririk egingo ez bai dakit nondik hartu ere.

Argazkia: Iñigo Royo

Argazkia: Iñigo Royo

Saio honen ostean Sadako vs Kayako filma aurkeztuz oholtzaren gainean izan genuen Kōji Shiraishizuzendaria. Aski argi gelditu zitzaigun lotsarik ez duen gizona dela eta bere saltsan zebilela publikoari hainbat algara ateraz. Film honek Japoniar beldurrezko zinemako bi mitoak elkartzen ditu, 1998ko The ring pelikulako Sadako eta 2003ko The grudge filmeko Kayako. Film entretenigarria eta beldurra baino umorera gerturatzen gaituen hainbat keinu dituena. Azpimarragarrienak filmeko “heroia” bezala aurkezten zaizkigun bi pertsonaiak dira, bata espirituak gorputzetik kanporatzeko gai den gizon bakarra, pertsonaia erlijioso bat baino gehiago super heroi barregarri bat ematen duena. Bestea, bere laguntzailea den eta “gauzak” ikus ditzakeen neskatila itsua, zeinak bere makila aurrean duen lurra nahasteko besterik ez duen erabiltzen. Badirudi mundu honetakoak ez diren izpirituen presentzia nabaritzeaz gain mundu honetakoak diren objektuak saihesteko boterea ere duela.

Izenburuan aipatutako bigarren arazoa azken filma ikusi ez izanak sortarazten didana da. Babak Anvariren Under the Shadow filma hain zuzen ere. Aurten festibal honetan estreinatu nahi zenez erritmora ezin ohitu nabilela dirudi… Beraz ikusi zenutenak zuen iritzia ematera gonbidatzen zaituztet!

Los comentarios están cerrados.