02

Nov / 2017

Film Berezi Horietakoa

Por Maria Lizarraga Garmendia

Atzo ere arratsaldetik gau arte pelikulez eta film laburrez gozatzeko aukera eskaini zuen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28.Asteak. Ez hori bakarrik, “Poltergeist” (1982) film klasikoa proiektatu zen Victoria Eugenia antzokian eta Mikel Pagadi, Maite Bidarte eta Angel Aldarondo filma komentatuz joan ziren ikusleen artean eserita. Gidoilarien, film laburren eta telebistaren munduan jarduteak pribilegio hori eman zien. “Poltergeist” (1982) zeinen film mamitsua den ohartzeko beste aukera bat, finean.

IMG_4410
Nire kasuan, aukera guztien artetik “Evolution” (2015) hautatu nuen, eta ez naiz damutzen. Victoria Eugenia antzokian ikusi nuen oraingoan eta Antzoki Zaharrarekin konparatuz, beste giro bat nabarmentzen zen. Elegantziarik falta ez duen antzokian giro lasaiagoa antzematen zen: ez zegoen oihu edo komentario ozenik, espazio huts gehiago zegoen eta patxadak inguratzen gintuen. Noski, fantasiazko eta beldurrezko jaialdia izanik, ez zen lo hartzera iristeko patxada.

Eta zer esan “Evolution” (2015) filmari buruz? Pelikula berezi horietakoa da. Berezitasun hori izan daiteke hainbeste sari irabaztearen erantzule. Film motel horietakoa da, oso erritmo lasaia eta pausatua duena. Elkarrizketa luzeak, sakonak eta potoloak ez dira filmaren ezaugarri; aitzitik, hitz gutxi elkarbanatzen dira pertsonaien artean. Istorioa ez dago musika ozenarekin eta indartsuarekin apainduta, eta irudiak (ederrak izan arren, paregabeak) ez dira azkarrak eta dinamikoak. Baina ideiez eta ideologiez blaituta dagoen filma da; marko teorikoa du atzean. Eta hain da adierazgarria pelikularen argumentua ez duela erritmo bizirik eta azkarrik behar; ez duela elkarrizketa potolorik behar; ez duela musika aztoragarririk behar; irudien mugimenduak ez duela zertan azkarra izan.

IMG_4421
Soilik emakumeak eta haurrak bizi diren herri bat eta itsasora bistak dituen ospitale bat. Horrek atentzioa eman badizu edo interesgarria iruditzen bazaizu, ikusi filma, eta pentsatu.

Los comentarios están cerrados.