Pozaldiak

Aurrera doa abuztua, eta hementxe jarraitzen dugu, hala behar du eta. Eta gainera, gozatuz eta pozaldi bat edo beste hartuz. Oraingoan, ikus-entzule helduentzako euskal antzerkiaz ari naiz. Gauza jakina da euskarazko ekoizpenek, haurrentzat direnean, erantzun ona edo oso ona izan ohi dutela ikus-entzuleen aldetik. Badira ekoizpen interesgarriak, kalitatezkoak eta arte-sentiberatasun handikoak. Produkzio horietan, arte- eta hizkuntza-helburuak parean doaz garrantzi aldetik. Euskara erakargarri garrantzitsua da antzokiak betetzerakoan. Zailagoa da antzokia betetzea euskarazko proposamenak ikus-entzule helduei zuzentzen zaizkienean.

Horregatik, asko poztu ohi gara gauzak ondo ateratzen direnean eta esparru horretan ere pixkanaka ikus-entzuleria bat sortuz doala ageri denean.

Lehen pozaldia Lingua nabajorumen eskutik etorri zaigu, % 80ko salmenta izan baitu Klub aretoan abuztuan eskaini diren hamar emanaldietan. Patxo Telleriak (Max Saria euskal testurik onenari) eta Mikel Martinezek osatutako bikoteak ezin hobeto hartzen dute elkar. Gai dira euskaraz konplexutasun eta adimen maila handiz aritzeko eta jokatzeko. Maila harrigarriraino iristen dira hizkuntzari zukua ateratzen. Beren estiloa sortu dute euskal antzerki umorezkoan.

Bigarrena Hiruren estreinaldia izan da; Juan Carlos Rubioren testu bat, Txalo Producciones-ek ekoitzia. Hiru emakume lagun minek oso bizi-esperientzia desberdinak izan dituzte, baina berrogeita hamar urte betetzera doaz, eta bakarrik daude. Ama izateko gogoa sortu zaie, eta ezin gogo horri eutsi. Horretarako, gizon bat behar. Lortuko al dute desira gauzatzea? Antzokia beteta Donostian. Askoz salmenta handiagoa, estreinaldi batean izan ohi diren gonbidatu-kopurua baino. Ez ahazteko moduko arratsaldea. Lan ondo egina, ikus-entzuleen artean oso ondo funtzionatu zuena. Komikotasun handiko uneak iristen dituzte. Izan ere, euskal antzerkiaren munduan ez dira edonor Loli Astoreka, Miren Gojenola eta Ana Elordi aktoreak; eta haiekin batera, Zuhaitz Gurrutxaga. Eszena-zuzendaritza Begoña Bilbaori dagokio, makina bat halakotan zaildutakoa bera. Arrakasta izateko traza guztiak ditu. Zorionak!

Hirugarren pozaldia, hain zuzen ere, Zuhaitz Gurrutxagaren eskutik datorkigu; Futbolisto baten konfidentziak ikuskizuna dakarkigu, berriki euskarazko bertsioan estreinatua. Aise moldatzen da agertokian, lotsagabe. Gai da bere buruari barre egiteko, eta ikus-entzuleei tarte alai atsegina eskaintzeko. Giro lasaia eta hurbila sortzen du jende artean. Zuhaitz Gurrutxagak, Realeko jokalari ohiak, jauzi egin du kiroletik agertokira. Modako aktorea da. Jendeak taula gainean nola moldatzen den ikusi nahi du. Egia esan, ez du baloirik kanpora botatzen, eta eskaintzen du jokorik, eskaintzen duenez. Ongi etorri.

Kasu horietan guztietan, jendeak ondo erantzun du, etorriz eta txaloak eskainiz. Ondo hartu da pozaldi eszeniko horien eskaintza. Garaiotan, ondo neurtu behar dira gauzak, eta pentsatu aldatuz doazela, eta ari dela eratzen, gorpuzten, ikus-entzuleria bat, antzerki-proposamenak euskaraz gozatu nahi dituena. Eta ikus-entzuleek hala nahi badute…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.