Haurrentzako tailerra

Etxean haurrak direnean, pozak ugaritu egiten dira. Nola ez ba? Ez da izaten aspertzeko astirik. Noiznahi gertatzen da zerbait, pasadizoren bat. Pasadizo bat, gero behin eta berriz kontatuko duguna, besteak asper-asper eginda utzi arte; pasadizo bat, umeen CV txikitatik osatuz joateko gaia emango diguna bat-batean. Umea bakarra denean, askoz errazagoa da edozein senide edo laguni “uztea”, baina bat baino gehiago direnean… orduan gauzak bihurritzen hasten dira, eta zailagoa da boluntarioak aurkitzea bikotea afaltzera, zinera edo antzerkira joan dadin…

Horretarako jarri zen martxan “haurrentzako tailerra” deritzoguna: aita-amei laguntzeko antzerkira etor daitezen inoren beharrik izan gabe. Victoria Eugenia Antzokiak, dagokion logoa daramaten funtzio guztietan, haurrentzako tailer bat antolatu du, emanaldia bitartean haurrak antzokian egon ahal izan daitezen. Modu sortzaile batean egon daitezen. Ikasiz. Ez da haurtzaindegi bat. Tailer bat da, Artearekin, Antzerkiarekin zerikusia duen jarduera bat planteatzen duena… jolasean eta gozatuz ikastea, haziz eta heziz, sozializatuz. Bitartean, helduak ikuskizunaz gozatzen.

Beharbada, ez dugu eman horren berri behar bezain ongi. Beharbada, ez da ulertu zer-nolako eskaintza planteatzen dugun. Orain arte baino gehiago erabil dadin nahi dugu, jendea aukera honetaz balia dadin; guk zerbitzua handitu behar izatea nahi dugu. Horretan jarraituko dugu, interesgarria iruditzen zaigulako. Beharbada, denbora gehiago eman beharko dugu ezagutu dadin eta ahoz aho zabalduz joan dadin jendearen artean. Izango dugu egonarria, azkenean erabili egingo baita.

Ez al duzue hala uste? Tailerra 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat dago pentsatua; eta 20 haurrentzat, gehienez ere. Ikuskizuna hasi baino 30 minutu lehenago hasten da, eta amaitu ondoren 15 minutuz egoten da irekita. Prezioa oso egokia eta doitua da. Lehen haurrak 5 euro ordaintzen du; bi badira, bigarrenak 3 euro besterik ez ditu ordainduko. Bi haur, 8 euroren truke; ez dago batere gaizki. Informazio gehiago nahi izanez gero, galdetu antzokietako leihatiletan.

 

2 comentarios

  1. Y luego nos preguntan a los donostiarras q por qué estamos tan orgullosos de ntra ciudad… pues por noticias como estas!!!!

  2. Me parece una iniciativa muy interesante. De momento mis hijos son demasiado pequeños para participar, pero esperó que esta opción siga en pie dentro de unos años…