Buskers Festivals

Poesia eta umorea dira Buskers Festivals-en protagonista Europa osoan barrena. Artistek beren lana eskaintzen dute jaialdiok egiten diren hirietako bazter eta gune publikoetan, egunero ordutegi zabal baten barruan. Jendea eta jendea, ikusleria, hirietako kaleak mukuru betetzen. Asko, arretagabe, axolagabe; beste batzuk, interesatuta; eta sektoreko profesional batzuk, berriz, talentu bila.

Kontua ikus-entzuleak ugaritzea da. Ikus-entzuleak ez dira ikus-entzule, eta esker onaren erakusgarri benetakoz bete behar dute txapela: euroz, dolarrez edo libraz; horiek dira kaleko musikari eta artisten burtsako baloreak, eta burtsa hori inoiz ez da ixten. Jakin behar baita buskers festivals-etan artistei erakundeek ez dietela ordaintzen. Horregatik, oso modu berezian preziatzen da ikus-entzuleen eskuzabaltasuna.

Denetik dago busker festivals-ak antolatzeko moduan. Oro har, eragin handia du ikuskizunaren tamainak. Esan bezala, artistei ez zaie ordaintzen, eta maila desberdinak daude haien tratamenduan. Batetik, artista gonbidatuak ditugu; horiei ostatua, mantenua eta bidaiarako laguntza ematen zaie. Jaialdi osoan han bertan egotera behartuta daude. Bestetik, hor ditugu artista akreditatuak: hitzarmen bereziak dituzte otorduetarako eta lo egiteko. Antolatzaileek erabakitzen dute zenbat egunez egongo diren jaialdian. Eta, azkenik, hor ditugu off artistak ere, beren kontura etortzen direnak.

Europako alde askotan dira buskers festivals-ak: Neuchatel (Suitza), Suiraca (Serbia), Tolosa (Frantzia), Dublin (Irlanda), Bartzelona…

Italian, Ferrara Buskers Festival delakoa, 800.000 ikus-entzule, kaleko arteari buruz munduan den gertaerarik garrantzitsuenetako bat da. 1987an sortu zen, kaleko artistaren irudiari balio handiagoa emateko eta ikusgarriago bihurtzeko berez eta historiaz oso aberatsa zen hiri bat, zeina Gizadiaren Ondare baita, gainera. Jaialdiak espero diren helburu guztiak bete eta gainditzen ditu urtero-urtero, eta eragile handia bihurtu da hiriaren ekonomian, gero eta emanago baitago kultur turismora (3 ikusletatik 1ek dio Jaialdiari esker ezagutu duela Ferrara).

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=WQRXm3aXhTM[/youtube]

Arrakasta horri esker, Ferrarak mimesi efektua egitea lortu du, eta Italia osoko beste 200 puntutara zabaldu du ekinbide hori.

Suitzan, Europa osotik etorritako ikusle askok gozatzen dute munduan zehar egiten den bidaia hunkigarri bat, soinu ezagun eta exotikoen bila, Berna Buskers Festival delakoan. Beste batzuk zantzuen jolas zirraragarrian murgiltzen dira, performancerik original eta ausartenak aurkitzeko, edo artistarik irudimenez aberatsenak eta harrigarrienak.

[youtube]http://www.youtube.com/watch?v=n5pAFWMP8ew[/youtube]

Jaialdiak, bere antolamendu bereziari esker, askotariko kultur emanaldiez gozatzeko bidea ematen du “borondatezko” diru baten truke. Agertokiak kalean eta doan izateak hurbiltasunik handiena bermatzen die ikusleei. Bertako edo inguruetako artista eta talde profesionalek jardungo dute, Suitzako alde guztietakoak eta atzerrikoak. Musika, dantza, antzerkia, komedia, txotxongiloak eta bestelako arte-ikuskizunak, soinu akustikoa nahiz anplifikatua dutenak, agertoki txikietan, hori guztia Bernako hirigune historiko bitxian, zeina Munduaren Ondare izendatu baitu UNESCOk.

Eta batez ere festa amaiezinak izaten dira, festa mugikorrak, mila norabidetan hedatzen direnak, bazter eta kantoi bakoitzean ustekabea emateko gai: alaitasunezko ibai bat, lilura, harrigarria, Italiako leku historiko ederrenetako kaleak eta plazak harten dituena, eta magia sortzea lortzen duena Bernan, “maitagarrien ipuin batetik sortutako” hirian. Eta buskers festivals direlakoek sortzen duten liluraren adibide batzuk besterik ez dira horiek. Jaialdiok ulertzeko modu bat dira. Beharbada, ez modurik esportagarriena. Inoiz ez naiz egon artistek ez kobratzearen alde. Jaialdiok, ordea, hala ulertzen dute. Hori da haien ulertzeko modua, besterik gabe.

Buskers Festivals argitaratua Artezblai aldizkarian

Los comentarios están cerrados.