dFERIA: mugaldean zehar

Hastear da dFERIA. Lau egun hauetan zehar, berrikus ditzagun, egin dezagun gogoeta mugez, mugaldeaz, kristalezko sabaiez. Mia dezagun nahierara, nork geure neurrira, hain jatorri eta izaera desberdineko ikuskizun eta arte-kontzeptuen inguruan. Egin dezagun geure ibilbidea; edo, beharbada, inor animatuko balitz, goza ditzagun hogeigarren edizio ondo bete honetarako programaturiko proposamen guztiak banan-banan.

Gauza jakina da 2014ko edizioko gai nagusia Mugak dela. Oso zabal definitu genituen mugak: politikoak, artistikoak, psikologikoak, fisikoak, gizakienak… Iragazkiak, trabak, oztopoak, sentipenak… Zeharkatu ezin dena, edo nahitaez zeharkatu eta gainditu behar dena. Batzuetan, mugak begi-bistakoak dira, zain eta muin defendatzen dira; beste batzuetan, berriz, ikusezinak dira, baina oso eraginkorrak, begi-bistakoak baino eraginkorragoak. Ikuspegi desberdinetatik egin nahi izan dugu gogoeta muga kontzeptuaz.

dFERIAk antzerkiak eta dantzak osatutako programazio orekatua dakar. Euskal sorkuntzaren errealitatea ezagutzeko aukera ematen digu, Estatukoari leihoa irekitzeko aukera, eta nazioarteko zenbait proposameni sarrailatik begiratzekoa. dFERIAko jarduera paraleloek, are harago ere iristen baitira, aukera paregabea ematen digute hurbiltzeko eta bete-betean sartzeko arte eszenikoetan, modu desberdin, hurbilago, barnerago, sakonago batean. Azkenik, pozik gaude euskarak leku zabalagoa duelako feria honetan; hartara, norberak nahi duen bezala gozatu ahal izango du, eta kanpotik etorritakoek ere hartaz ohartzeko aukera izango dute.

Gogoko izango duzuelakoan; gozatuko duzuelakoan. Parte hartzearen bidez, etorkizuna bermatzen diogu. Eskerrik asko.

Los comentarios están cerrados.