Muxua

Lorenzok 15 urte ditu. Eskolan, Antonioz maitemintzen da, eta Antoniok ez daki nola erreakzionatu Lorenzoren sentimenduaren aurrean. Irakasle bat, Elena, egoera horren lekuko da, baina egoerak ihes egiten dio, ez daki nola kudeatu. Horren guztiaren erdian… musu bat, eromenari bidea libre uzteko gai. Tanttaka Ivan Cotroneo idazle italiarraren eleberria egokitzen eta eszenaratzen ausartu da.

MUXUA

Ivan Cotroneo napolitarra gidoilaria, zine-zuzendaria, itzultzailea eta idazlea da.1990ean, alde batera utzi zituen Zuzenbide ikasketak, eta Erromara joan eta gidoigintza ikasten hasi zen Centro Sperimentale di Cinematografia-n. Muxu bat literatur bitxi bat da, egileak berak zinera ere eraman duena.Un baccio ezinezko maitasun baten historia dramatiko bat da.Irakurlea harrapatzeko gai da, hain da indartsua; irakurlea hunkitzeko, astintzeko, txunditzeko gai.Nork aurreikus zezakeen zer gertatuko zen? Nork pentsatu behar zuen muxu bat keinu, ekintza, indarkeria irrazional bihurtuko zela? Krimen bakoitzaren atzean inoiz ez dago errudun bakar bat. Hiru ahotsetarako eleberri honek maitasun, gorroto eta indarkeriazko historia bat kontatzen du.

 Muxua hil honen 23an estreinatuko da euskaraz, Donostian. Hiru ahots, hiru bakarrizketa, hiru protagonista, hiru ikuspuntu gurutzaturik, historia anker bat kontatzeko emozioen zintzotasunetik eta inolako moralkeriarik gabe. Gauza askotaz ari da obra, gizarteak oraindik ere konpontzeke dituen alderdi asko jartzen dira auzitan: homofobia, bullying-a, eskolaren ezina halako problematikei irtenbide egokia emateko. Fernando Bernués da Muxuaren zuzendari eszenikoa. Haren hitzen arabera, hirietako arnaskerak sor ditzake, edo ez, ingurune bizigarri egokiagoak arazoak konpontzeko eta argitzeko.

Historia honetan, ezer ez da zuri, ezer ez da beltz. Pertsonaia bakoitzak bere oinazea, bere samina darama, eta ezintasun bat bere bizitzarako irtenbide egokiak aurkitzeko eta bizitzen jarraitzeko. Nola lagundu besteei, geure buruari laguntzeko gai ez bagara? Historia egunerokotasunaren bideetatik dabil. Cotroneok asko kontatzen du oso gutxirekin. Muxu bat enpatia falta islatzen duen ispilu bat da; ispilu bat, aurrez aurre jarri eta zer gertatzen den ulertzeko zailtasuna islatzen duena; besteak eta, beraz, geure burua ulertzeko zailtasun islatzen duena. Aurreiritziez, gizartearen presioaz, zuzentzat jotzen denaz, lotsaz, maitatzeko beldurraz, ihesaz… ari da. Hain da zaila gauzak 55 minutuan kontatzea! Hain da zaila gauzak ondo kontatzea!

Muxua sinpletasuna da, sentiberatasuna, poesia…Aktore taldea Mireia Gabilondok eta bi aktorek osatzen dute, Ander Iruretagoienak eta Haritz Morrásek, biak ere esperantza gazteak, lehen lan profesionalari ekiten diotenak. Muxua hurbileko antzerkiaren ildo artistikotik doa; antzerkirik gabeko antzerkia da, proposamen hurbila, autore-antzerkia ohikoa ez den gune eszeniko batean, baldintza teknikoak denik eta minimoenak direlarik. Baina hori ez da hartu behar axolagabekeria edo eskasiatzat. Tanttaka ibilia da ildo horretatik lehenago ere, eta halaxe sortu zen Blackbird, hura ere Victoria Eugenia Antzokian estreinatua.Muxuak gaztelaniazko bertsio bat izango du; 2015ean estreinatuko da. Jarrai diezaiogun produkzio honi, edo, bestela, gaztelaniazko bertsioari. Espero dut eta desio dut arrakasta izatea, horrelako proposamenak oso beharrezkoak baitira, oso garrantzitsuak. Tira, ba…

muxu bat.

artezblai.com aldizkarian argitaratutako artikulua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.