“Arrastoak” antzezlanak irabazi du XV. Donostia Antzerki Saria

Dejabu Panpin Laborategiak aurkeztutako lana martxoaren 27an eskainiko da Victoria Eugenia Antzokian. Arrastoak antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko XV. Donostia Antzerki Saria.

WEB BANNER ARRASTOAK SARIA

Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da, 20:00etan, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria emango da eta ondoren lan irabazlea eskainiko da.

Talde irabazleak 10.000 € eta Iñigo Arregiren serigrafia bat jasoko ditu. 8.000 € orain eskuratuko ditu eta gainerako 2.000 € jasotzeko, 2017. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan berri bat eskaini beharko du Donostian. Horrez gain, ikuskizun berri hori prestatzeko (proba saioak egiteko eta abar) bi aste egin ahal izango dituzte iparraldeko Harri Xurin dagoen produkzio gunean gastu guztiak ordainduta. Harri Xuri produkzio gunea sormena lantzeko eta sustatzeko gunea da eta bertan leku berezia eskaintzen zaio euskarazko sorkuntzari.

Donostia Antzerki Saria ematen duen epaimahaiaren esanetan “kolektiboko kideek ausardiaz eta sendotasunez heldu diote gaurkotasuna galtzen ez duten zenbait auzi garrantzitsuri, hauen artean nabarmenena nor garen eta nondik gatozen galderei erantzuten saiatzearena. Sormenez beteriko lana da, oso mamitsua. Maila metaforikoa erabiltzen dute oso modu bizian.”

Epaimahaiaren ustez “Trebetasun handiz eratu dituzte argumentu konplexuak eskatzen zituen eszena guztiak. Baliabide eszenikoen erabilera oso poetikoa nabarmentzen da: argia, musika, itzalekin egindako jokoak, panpinen erabilera, bere gorputz espresioa eta mugimenduekin egindako joko guztiak, … Elementu gutxi erabili dituzte (altzari txiki batzuk, leiho antzeko lauki bat, oihal zuriak, … ) baina dramaturgia aberatsaren zerbitzura egon dira guztiak eta ezin hobeto egokitu dira irudi plastikoen edertasunari eta eszenen arteko aldaketa bizkorrei.”

Bestalde, Urko Redondo, Miren Alkala, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxagak egindako interpretazio lanak goraipatu ditu epaimahaiak, eta zuzendaritza kolektiboaren lana nabarmen ageri dela adierazi du.

Gainera, antzezlana beraz gain, detaile guztiak zaindu dituztela nabarmendu nahi du epaimahaiak, eta esku programa bera ere dotoreziaren “erpin mailara” iristen dela aipatu du.

Laburbilduz, gogoeta sorrarazten duen oso lan hunkigarria eta poetikoa da, publikoarengana zuzenean iristen dena.

Zorionak !!!

Los comentarios están cerrados.