06

Ots / 2012

Northlanders 1. El regreso de Sven, Brian Wood eta Davide Gianfelice

Autorea: maite

Brian Wood; Davide Gianfelice
Northlanders #1. El regreso de Sven
Planeta de Agostini, 2009
202 páginas. 15,95 €
ISBN 9788467478013

Harrigarria nahiz gomendagarria honako komiki hau, Northlanders (Ipartarrak) izeneko bildumari hasiera ematen dioena. Bertan, Erdi Aroko bikingoen inbasioak dira kontagai, lehenengo ale honek Eskandinaviar lurralde izoztuetan murgilduko gaituelarik. Sven protagonista, urteetan munduan zehar ibili ondoren, jaioterrira bueltatuko da, kendutako oinordetza berreskuratzeko asmoz. Ezpatak, odola eta basakeria gainezka izango dira istorioaren atze-oihal. Ardatza, berriz, Svenen barne eraldatzea, non eta hasierako harrokeria eta azalkeria alde batera utzita, heldutasunera salto egingo duen.

Brian Wood gidoilari estatubatuarraren lana sutsua eta basatia bada, Davide Gianfelice marrazkilari italiarraren irudikapenak bat egiten du modu ezin hobean. Antzeko istorioen hats epiko eta dinamikoa ikaragarri ongi islatzen du berak. Eta horretarako ez du kolore gorri biziko tanta bat bera ere aurrezten, ez horixe.

Astakirtenen istorioa, bai, baina mamiduna. Eta edozeinentzako egokia ez bada ere, abentura historikoen komikizaleak pozez txoratzen utziko dituena.

Rubén Vidal Aranguren

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude