30

Mar / 2012

San Sebastián: palacios, parques y jardines, Fermín Muñoz Echabeguren

Autorea: Anele

Fermín Muñoz Echabeguren
San Sebastián: palacios, parques y jardines      
Erein, 2012
196 orrialde. 12€
ISBN 9788497467414

Fermin Muñoz Echabeguren-en liburu zoragarri honek Donostiako zortzi berdegunen istorioa kontatzen digu, horietako bost, Pierre Ducasse lorazainak diseinatuak izan ziren. Ducasse, 1875ean azaldu zen Donostian, aurretik Zarautzen lorazaintzan ibilia zen, Narros markesaren jauregian. Beste hiru parkeak gure egunetakoak dira.

Ducasse frantsesa izan arren, lorategiak diseinatzerakoan ingeles estiloan oinarritu zen. Berari zor zaizkio, besteak beste, Kontxa pasealekuko tamarindoak.

Ibilbidea Aiete-ko Jauregian hasten da eta bertako istorioa kontatzen digu hastapenetik Kultur Etxearen irekiera arte 2010ean.

Beste leku enblematiko bat Miramar Jauregia izango da, jauregiarekin batera Kontxako tunela eraiki zen eta baita Loretopeko kai txiki ere errege-erreginaren familiarentzat.

Cristina-Enea-ko lorategi edo baso txikia ere Ducassek diseinatuak izan ziren. Jauregia, Fermin Lasala Collado, Mandas-eko dukeak eraiki zuen eta zuzeneko oinordekorik gabe hil zenez, Donostiako hiriari eman zion etxaldea. Hainbat urtetan ardura gabe egon eta gero berritze lanak oso eztabaidatuak izan ziren. 2009.an Europako Kontseiluak bigarren paisaia onenaren saria eman zion.

Gipuzkoako Plazari buruz Muñoz-ek horrela dio:
“En el jardín creado por Ducasse no faltó el detalle, su riachuelo, sus cascadas en miniatura, su puente rústico, así como los peces de colores, patos, y cisnes que lo adornaban”. Hemen ere ez zen polemika falta eta bozketara eraman zuten plaza burdinesiz inguratzea ala ez.

Alderdi Eder 1880an diseinatua izan zen. Garai hartan parkeak zirkua eta errusiar mendia zeuzkan eta horrek eguzkiaz eta haizeaz babesten zuen. 1911n, Kontxako pasealeku berria eraiki ahal izateko suntsitzea erabaki zenean eztabaida handia sortu zen.

Lorategi berrien artean ditugu, berriz, Lau Haizeta, 1991n diseinatua, Iñigo Segurola paisajistaren eskutik. Eskualdeko parkea da, Donostia, Errenteria eta Astigarraga-ko lurrak barne hartzen ditu, guztira 6,5 km karratuko hedadurarekin. Bestalde, Araba Parkea. XX. mendeko erdialdean eraiki zen eta bere birmoldaketarako hiritarren iritzia kontutan izan zuten, baita haurrena ere. Parke berria 2002an inauguratu zen. Azkenik, Larratxo Parkea dugu, 2000an inauguratua eta gune berde aparta auzoarentzat, bere lau zelaigune haurrentzako joku, begiratoki eta paselekuekin.

Liburua eskuragarri dago Donostia Kulturako liburutegietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude