04

Abu / 2015

Beruna patrikan, Ander Izagirre

Autorea: rubenvidal

Plomo-cunbierta_lomo_1_fotoBeruna patrikan, Ander Izagirre
Libros del K.O., 2015
259 orrialde, 14,90€
ISBN 9788416001361

Uztaila Tour sasoia da. Siesta luzeak eta Xabier Usabiaga edo Perico Delgadoren marmar amaigabeak. Txitxarrak kanpoan kri-kri eta gu sofan etzanda gronf-gronf. Tarteka begi bat ireki eta txirrindulari ezezagun baten hortz estutuak edota mingain luzea ikusi, buelta eman eta lo zerraldo segitu. Gauzak horrela, azkenean Tour erdia, edo bi heren, galtzen dugu eta gero ezin gure ezaguera mugagabeaz tabernan harropuztu. Lasai, lagunok, horretarako dakartzagu gaur aurkezten eta gomendatzen dizuegun liburua, Beruna patrikan, Ander Izagirrek sinatua.

Izan ere, bertan, lotan galdutako Tourreko pasarterik onenak eta ezezagunenak irakurri eta ikasi ahal izango ditugu. Itzuliaren hastapenetatik hasita ia-ia atzorarteko kontuak izango dira hizpide. Lehenbiziko Tour ero eta heroikoak, non karreristek bospasei etapetan Frantzia zeharkatzen zuten, goiz, arratsalde eta gauez, zaleek karreterak iltzez ereiten zituztelarik. Bartali edo Coppiren arteko berebiziko lehia, zein baino zein sudurra handiago. Tom Simpsonen heriotza Mont Ventoux martetarrean, anfetaminez eta koñakaz itota. Eddie Merckxen aro antropofagoa eta Luis Ocañarekin izandako hiltzeko moduko borroka. Bernard Hinault eta Greg Lemonden arteko belaunaldi-liskarrak. Miguel Indurain handiaren aro loriatsu bezain ahaztezina. Lance Armstrongen garai aspergarri eta makurra. Eta azkenik, azken urteetako lasterketa txundigarri eta gorabeheratsuak.

Beraz, udako irakurketarik aproposena duzue hauxe, baldin eta siestatik jeikitzeko gai zareten. Benetan pasarte atsegin, freskagarri eta epikoak Ander Izagirre kazetari eta txirrindulari ohiak ekartzen dizkigunak. Eta bonus-track bezala, idazleak berak txirrindularitza utzi zueneko benetako arrazoia. Hemendik aurrera, Tourreko historiaren inguruko taberna ika-miketan ez irabazteko aitzakiarik ez duzue izango. Zuek ikusi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude