15

Abe / 2015

Roma victoriosa: cómo una aldea italiana llegó a conquistar la mitad del mundo conocido, Javier Negrete

Autorea: rubenvidal

ROMAVICT:Maquetación 2.qxdRoma victoriosa: cómo una aldea italiana llegó a conquistar la mitad del mundo conocido, Javier Negrete       Esfera de los libros, 2011                            424 orrialde 22 €                         ISBN 9788499701097

Erromatar inperioa aspaldiko eta garrantzirik gabeko kontua dela badirudi ere, bere historia gertutik ezagutu ezkero gaur egungo hainbat eta hainbat gertakarik garai hartakoak gogorarazten dizkigute. Europar kultura, eta orokorrean mendebalde osokoa, latindarrenean oinarrituta dagoelaz haratago, badira egungo arlo politiko eta militarrean zenbait joera aintzinako senatarienak diruditenak, demagun gerrak justifikatu eta deklaratzeko garaian. Horrexegatik, garai zaharreko kontuak ikasteak ez du zertan modaz kanpoko zerbait izan behar, ezta alferrikakoa ere. Aldiz, bizitzea tokatu zaiguna ulertzen lagundu diezaiguke.

Helburu horretan, Javier Negrete idazle madrildarra bidai lagun ona izan daiteke. Filologia klasikoan hezia, fantasia, ukronia eta eleberri historikoak landu ditu, luze eta sakon. Dagoeneko kontuan hartzeko modukoa da bere idazki zerrenda, hala nola, La hija del Nilo, Salamina, Tramóreako saga, Atlántida eta beste asko. Ez hori bakarrik, berak aitortua, aintzinako guduen berregiteetan parte hartzaile sutsua ere bada. Horrek, bere idazkien nondik norakoak argituko digu.

Gure gaurko gomendio honetan, Roma victoriosa: cómo una aldea italiana llegó a conquistar la mitad del mundo conocido, horixe bera landuko du, hau da, zeintzuk izan ziren ibilbide horretako mugarririk nabarmenenak. Hasteko Tiberreko hiriaren jatorri xume eta ilunak, biolentziaz beteriko kondairen lanbroetan murgildutakoak. Ondoren, nola hiritar haiek, bere izaera agresibo eta harroa (edo harroputza, askotan) behin eta berriro erakutsiz, inguruko herri latinoak menderatu, Pirro errege grekoaren inbasioa ekidin, Mediterraneoz bestaldeko bizilagun kartagotarrekin borrokatu eta azkenik ekialde hurbiletik etorritako erasoak ezereztu zituzten arte.

Pasaeran, historiako pertsonairik entzutetsuenak ezagutuko digutu. Hara non Romulo eta Remo, aipatu Pirro bera, Publio Kornelio Eszipion “Africanus” edo Anibal handia, zeinak Alpeak gurutzatu eta ia Erromako ateetara bertara iritsi zen. Hauek denak, esan bezala, kondaira eta egi historikoaren ikuspegietatik – zenbaitetan aldenduak- erakutsiko dizkigu Javier Negretek. Ibilbide odoltsu honen mugarriek beti ere gudu eta borroka ospetsuekin harremana estua dute eta hauei lotuta gure idazleak ezaguera teoriko eta praktiko ezin hobeak azalduko ditu. Bereziki, gudaroste, estrategia eta panoplia ezberdinen nondik norakoak aztertu eta erromatar armadaren nagusitasunaren gakoak azalduko ditu.

Baina ez izutu. Nahiz eta (oso) azkenerako guduen deskribapena pittin bat errepikakorra suertatu, Javier Negreteren estiloa didaktiko eta atsegina da (gogoan izan bera bigarren hezkuntzako irakaslea dela). Protagonisten azpikeri eta pasioetan barna sarturik, noizbehinka iruzkin ironiko, anakroniko eta batzuetan umoretsuak ere tartekatuko ditu, idazkiari aire fresko eta informala emanez. Kultura latindarreko bitxikeri eta anekdota ugari ere ditu hizpide. Guzti horrek irakurketa biziki dinamikoa izaten eta, horrekin konforme ez, garai hartako mundua hobeago ezagutzen lagunduko digu. Are gehiago, analogiaz, berriro diot, egungoa ere.

Oharra: Abentura ez da hemen amaitzen, bigarren zati bat ere badago: Roma invicta: cuando las legiones fueron capaces de derribar el cielo. Guztiz gomendagarria ere bai, baina hori, beste istorio bat da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude