02

Abu / 2019

Surf bilduma berria Okendo Kultur Etxeko Liburutegian

Autorea: arantxa

Okendo Kultur Etxeko Liburutegiak surfaren inguruko interesgune berri bat sortu du, liburu eta aldizkari bilduma zabal batekin eta bere generoan bakarrenetakoa.

Urteak pasa dira Okendo Kultur Etxean Surfilmfestival ospatzen hasi zenetik eta orain ekimen hau zabaldu egin da hilero programatuko diren surfa, itsasoa, natura eta bidaiekin lotuta dauden hainbat jardueraz eta liburutegi iraunkorrarekin, bertako liburuak literatura eta kirola gaiak jorratzen dituzte nagusiki. Proiektu honek hemengo eta kanpoko belaunaldi ezberdinetako surflarien arteko harremanak sendotu nahi ditu.

Eragileak

D’enak Ohana Surf Kluba izan da ekimen honen bultzatzailea eta Donostia Kulturaren babesa jaso du. Okendo liburutegiak Zurriola hondartzatik daukan hurbiltasunak, egokitasuna eman dio surf interesgunea hemen kokatzeko.

Xabi Zirikiain, Loreak Mendian etxeko sortzailea, izan da altzarien disenatzailea eta bertan surf ohola ere badago, txokoari ikusgarritasuna emanez. Baita ere bi arbel daude non klubaren kideek hainbat ohar idazten dituzte noizbehinka: surfaren esparruan ekarpenak egin dituzten hainbat pertsonari buruzko erreferentziak: bidaiariak, surf ohol egileak… edo momentu horretan erakusgai dauden liburuei buruzko aipamenak.

Liburuen hautaketa D’enak Ohana Klubeko zenbat kidek egin dute eta nazioartean lehen mailako egile eta kirolariak idatzitako liburuak osatzen dute bilduma, gehienak ingelesez direlarik.

Eskaintza handiagoa

Kirol honek auzoan eta hirian daukan arrakasta kontutan hartuta, Okendo liburutegian betidanik erosi dira surfeko liburu eta aldizkariak baina orain, ekimen honi esker, asko handitu da. Gaur egun 70 liburutik gora daude: 49 surfa kirola moduan aztertzen dituztenak (34 ingelesez, 12 gazteleraz, 2 euskaraz eta 1 alemaniaraz), 29 literaturakoak dira: bidaia liburuak, biografiak… hauetatik 16 ingelesez, 11 gazteleraz eta 1 euskaraz.

Haur liburu eta ikusentzunezko batzuk ere badaude.

Bilduma honetako liburu asko, bertako banatzaileeen artean eskuratzea oso zaila da eta hortik futsaren interesa. Horien artean surfaren historia jasotzen dituztenak aipatuko ditugu: Surf photography of the 1960s and 1970s, The complete history of surfing: from water to snow, La historia del surf en España: de Magallanes a los 80… Surflarien biografiak jasotzen dituzten liburuak ere badaude.

Bitxikeri gisa, aipatuko dugu, orain dela aste batzuk New Yorkeko surfalari batek bisita egin zuela eta Wax aldizkari biurtekariaren 7 ale oparitu zituela liburutegira, honekin batera Mar gruesa aldizkaria ere gehitu berria izan da Liburutegiko bildumara. Patagonia argitaletxeak ere dozena bat liburu eman ditu dohaintza moduan eta behin katalogatuta mailegagarri egongo dira.

Surf liburutegia eskuragarri eta mailegagarri dago liburutegi sareko erabiltzaile guztientzat eta bat bakarra da mailegatu ezin dena daukan tamaina bereziarengatik: Surfing: 1778-today, Jim Heimann. Taschen argitaletxea.

Ekimen arrakastatsuak

Interesatuei bilduma hurbiltzeko asmoarekin, joan den uztailaren 25ean, 40 liburu eta 2 aldizkari Zurriola hondartzara jaitsi ziren. Gros Indarra Surf txiringito ondoan kokatu ziren eta hondartzan irakurri ahal izan ziren, arrakasta handia izan zuelarik ekimen honek. Hilaren 8an berriro errepikatuko da jarduera eta liburuak Zurriola hondartzara eramango dira.

Azkenik, gai honen inguruan interesa duzuen guztioi, Grosera etortzea gonbidatzen zaituztegu Okendo Kultur Etxeko surf liburutegia ezagutzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude