17

Mar / 2020

Solos, Bruno Gazzotti

Autorea: elenaoregi

Solos

Testua: Bruno Gazzotti

Irudiak: Fabien Vehlmann

Dibbuks, 2014

160 orrialde

ISBN 978-84-15850-30-4

Herri Ametsa Ikastolako DBH 2 B gelatik baita ere, beste abentura eta fantasiazko komiki bat gomendatu nahi digute: Solos bildumaren lehenengo liburukia, Frantzian arrakasta komertzial itzela lortutakoa. Bruno Gazzotti eta Fabien Vehlmann-ek sortua, azken hau “hirugarren milurteko honen René Goscinny berria” bezala izendatua izan da. 

Zer gertatuko litzateke egun batean esnatzerakoan, hiriko heldu guztiak desagertu eta haur eta gazte talde bakan batzuk bakarrik existituko balira? Amesgaizto bat ote da dena? Ez dago irrati eta telebistarik eta zirkutik alde egindako animalia basatiak libre dabiltza kaleetan. Horrela hasten da istorio zirraragarri hau. Halabeharrak elkartutako talde gazteak mila abentura biziko ditu errealitate apokaliptiko berri horretan: “labanen jabea” deritzon pertsonaia beldurgarri bat izango dute aurrean babesleku berri bat eraikitzen duten aldiro, edota “marrazoaren klana” deitzen den beste haur komunitate ez hain abegitsuarekin topatuko dira bidean, Saul izeneko beraien liderraren ideal arriskutsuak jarraitzen dituenak.

Hiru zatitan banatua, narrazio bizikoa da liburua, irakurlea hasieratik bukaeraraino harrapatzen duena, intriga eta misterioz josia. Laguntasuna, elkartasuna eta biziraupena bezalako baloreak lantzen ditu, besteren artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude