11

Eka / 2020

Hiru katu kontu, Ricardo Gómez

Autorea: elenaoregi

Hiru katu kontu

Testua: Ricardo Gómez

Ilustrazioak: Mar Ferrero

Ibaizabal, 2017

76 orrialde

ISBN 978-84-9106-393-3

Ibai Ikastolako LH3 A mailan Ricardo Gómezek idatzitako eta Mar Ferrerok ilustratutako Hiru katu kontu gomendatu digute, liburu benetan dibertigarria eta hunkigarria, animalienganako maitasuna sustatzen duena.

Hiru narratzaile ditu liburuak: Klaudia, Dani eta Blai. Hiruen tonuak misterio eta umore ukituak ditu. Klaudia eta Dani anai-arrebak dira eta Blai berriz, etxetik alde egin duen beraien katua. Anai-arrebak triste daude Blai falta denetik eta bakoitzak bere erara, katuarekin izandako harremana eta berarekin bizitako momentu zoriontsuak gogoratuko dituzte.

Klaudiaren ahotsa hiruretan maitagarriena da. Blai katua Dani bere anaiak aurkitu bazuen ere, eta berea bakarrik dela azpimarratzen badu ere, Blaik maitasun handia hartu dio neskari eta harreman honek Dani jeloskor jartzen du. Dani petral samarra da baina bihotz onekoa, eta asko maite du Blai, kalean bakarrik eta euritan blai aurkitu zuenetik. Bere teoria nagusia da Blai bahitu egin dutela. Azken ahotsa Blai berarena da. Katuak berak argituko du bere desagertzearen misterioa. Bere bizitza ezagutuko dugu eta alde egitearen arrazoia: bere bizitzaren bidaian abiatzeko nahia.

Mar Ferreroren zuri-beltzeko ilustrazioak gehigarri ederrak dira eta xehetasun asko dute. Arkatza erabiltzen du teknika gisa eta badira orrialde bateko irudiak zein orrialde bikoitzekoak direnak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude