18

Eka / 2020

Printzesa eta ergela, Antxiñe Mendizabal

Autorea: elenaoregi

Printzesa eta ergela

Testua: Antxiñe Mendizabal

Irudiak: Mai Egurza

Elkar, 2017

46 orrialde

ISBN 978-84-9027-756-0

Ibai Ikastola LH4 A gelatik Printzesa eta ergela liburua gomendatu digute. Antxiñe Mendizabalek idatzia eta Mai Egurzak ilustratua, printzesen ipuin klasikoekin antza gutxi duena.

Kariñe da istorioko protagonista eta narratzailea. Badu jakin-min bat Kariñek txikitatik datorkiona: benetako printzesa bat ote den jakin nahi du. Izan ere, etxean printzesa deitzen diote, polita dela esaten diote eta printzesa izena duela ere bai, baina bera ez dago horren ziur. Izan ere, nortasun handia du Kariñek, eskolan ikusten dituen bidegabekerien aurrean ez da isiltzen, ezta kikiltzen bere lagunak gelako ergelenaren iseken aurrean defendatzeko orduan. Gainera, jaiotzetik masailean orban handi bat duen Kariñe izan al daiteke printzesa? Zerk egiten gaitu printzesa? Horren erantzuna aurkitzen saiatuko da, eta bidean sorpresa bat baino gehiago hartuko du.

Tonu baikor eta umoretsuan idatzia dago. Narrazioan zehar tartekatzen diren akuarelazko ilustrazio koloretsuak oso esanguratsuak dira; egiantzekotasuna eta fantasia uztartuz, istorioa hobeto ulertzeko informazio aberasgarria eskaintzen dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude