07

Abu / 2020

Abuelos de la A a la Z , Raquel Díaz Reguera

Autorea: elenaoregi

Abuelos de la A a la Z

Testua eta irudiak: Raquel Díaz Reguera

Lumen, 2018

81 orrialde

ISBN 978-84-488-4447-9

Ikasbide Ikastola LH5 A gelan Abuelos de la A a la Z gomendatu ziguten. Abuelas de la A a la Z ondoren, Raquel Díaz Reguera aitonen munduan sartu da oraingoan umoretsua bezain maitagarria den liburu honekin.

30 aitona desberdin deskribatu ditu idazleak: gaztetako balentriak kontatzen dituen aitona klasikoa, bohemioa, ipurterrea, bizitzeko gogo itzela duena, etxezalea, parke eta gimnasio maitalea, eta askoz gehiago.

Tartean, orrialde berezi batzuk ere topatuko ditugu, hala nola: aitona guztien oinarrizko kita erakusten zaiguna, meteorologiarekin duten fijazio edo obsesioa azaltzen diguna, aitonen etxeko zapatila desberdinak edo mesanotxeak deskribatzen dituena, aitona bakoitzak erabiltzen duen bizarra mozteko lozioaren usain gozo desberdinen zerrenda… Aitonen konbinazioak ere egiten ditu idazleak: aldi berean footing egin eta gaztetako balentria ederrak kontatzeko gai den aitona; edo sukaldean ari diren bitartean bilobekin dametan edo tribialean jolasten duena… Hunkigarriena agian, aitonak haurrak izan zirenaren azalpena da. Beraien orduko mundua eta gurea zein desberdinak diren ikusarazten digu, beraiekiko enpatia eta maitasuna handituz.

Testu asko du liburuak eta orrialde osoa hartzen du, beste orrialdea deskribatzen den aitonaren ilustrazioak betetzen duen bitartean. Aitonen ilustrazioez gain, bakoitzaren kit pertsonalizatua ere erakusten zaigu, bizpairu irudi edo argazki tartekatuz. Irudiek, fantasia eta egiantzekotasuna nahasten dute eta oso koloretsuak dira. Koloreak dena betetzen du, zuriunerik utzi gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude