02

Mar / 2021

Zein polita den Panama!, Janosch

Autorea: elixabetsubtil

Zein Polita den Panama

Zein polita den Panama!: Panamara joan ziren tigre txikiaren eta hartz txikiaren istoria

Testua eta irudiak: Jonosch

Pamiela, Kalandraka, 2010

48 orrialde

ISBN: 978-84-7681-646-2

Aste honetan Axular Ikastolako LH2ko ikasleek Janoschek idatzi eta marraztutako Zein polita den Panama! album ilustratua gomendatu digute.

Hartz txikia eta tigre txikia oso pozik bizi ziren ibaiertzean, baina euren bizitza erabat aldatzen da hartzak ibaian Panama idatzita duen kutxa bat aurkitzen duenean. Panamatik dator eta banana usaina du. Hartz txikiak, etxera iristean, Panamara joateko ametsa kontatzen dio tigre txikiari. Hortik aurrera, Panama ametsezko lurralde bihurtzen da beraientzat. Beraz, lapiko gorri bat eta kanabera bat hartuta hara joateko bidaia hasten dute.

Panamara joateko bidea zein den ez dakitenez, bidean aurkitzen dituztenei galdezka hasten dira. Saguari, azeri zaharrari eta behiari galdetzen diete baina haiek ez dakite. Gero, erbiarekin eta trikuarekin ere, topo egiten dute, eta tigrea eta hartza etxera gonbidatzen dituzte gaua pasatzera.

Azkenean, bidea aurkitzen lagun diezaiekeen bele batekin topo egiten dute. Zuhaitz oso garai batera eramaten ditu eta Panama ibaiaren beste aldean ikusten dutela uste dute, euren betiko bizilekua dela konturatu gabe. Ilusio handiz, etxe bat aurkitzen dute, egokitu egiten dute eta bertan geratzen dira betiko pozik bizitzen. Beraien etxea zen.

Janoschen ilustrazioak marrazki alaiak eta kolore naturalekoak dira, klasikoak eta planoak, haur estilokoak eta irudiak zein testuak osotasun narratibo bat osatzen dute.

Hartz txikia eta tigre txikia adiskidetasunaren adibide dira. Leku idealaren bila egindako bidaiak heldutasuna eta eguneroko abentura adierazten ditu. Haur eta Gazte Literaturako ipuin klasiko honetan, umorea, baikortasuna eta xalotasuna ageri dira, protagonistek bizi duten abenturan. Protagonistak gizatiartutako animaliak dira, eta hauen bidez adiskidetasunaren goraipamena egiten da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude