05

Urt / 2022

Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguez

Autorea: administrari

Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi

Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguez

Susa, 2021

249 or.

ISBN 978-84-17051-80-8

 

Berriki argitaratu den Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eleberriak emango dio hasiera 2022an Liburutegi Nagusian Iñigo Aranbarri gidatzailearen eskutik egingo den euskarazko literatur solasaldien programazioari. Saioa urtarrilaren 11n izango da, asteartea, arratsaldeko 19:00etan, Alde Zaharreko San Jeronimo kaleko Ekitaldi aretoan.

Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977) idatzi duen lehen eleberria da. Hainbat literatur estilotan idatzi izan badu ere, orain arte ipuingintzan nabarmendu da. Katu jendea (2008) eta Bihotz handiegia (2017) izan dira ezagunenak, bigarrenarekin Euskadi Saria irabazi zuen.

Eleberriaren lehenengo paragrafoan bi protagonista nagusiak ezagutuko ditugu, aita gaiso larria ospitalean eta bisitatzera joan zaion alaba. Aita-alabaren inguruan Errenterian bizi den familia honetako beste kideak azalduko zaizkigu. Istorioak berehala harrapatuko gaitu, bai kontatzeko moduagatik, bai bertan aipatzen diren gaiengatik ere. Alabaren egunerokoaren atalek eta bere hausnarketek patchwork zapi bat osatuko dute aita-alabaren bizitzak islatuaz. Hain zuzen, patchwork zapia jostea izan da idazlearen maisutasuna eta liburuaren orrialdeetan murgilduko gaituena.

Irakurketa partekatu baterako gai zerrenda luzea osatuko genuke, besteak beste: lotsa, amorrua, isiltasuna, maitasuna, hondamendia, hizkuntza eta hitzen erabilera zehatza, gaisotasuna, heriotza, dolua…

Poesiak ere badu bere lekua, Jaizkibel sutan izenburuko paragrafoa aukeratu dugu:

“Jaizkibel sutan. Bizitza osoa daramat mendi hau horizontean, bizitza erdia gurasoen etxetik begira, beste erdia nire etxetik, eta beti iruditzen zait belarrezko bale zahar bera. Hodeiak trabatuta gelditzen dira bertan, gainezka egindako esnea dirudite. Maiz lagunekin edota amarekin telefonoz edozeri buruz hizketan ari garela elkarrizketetan sartzen da, eta nork bere ikuspegitik osatzen du Jaizkibeli begira uste duena: lanbroak zein norabide hartuko duen, hodeien mehatxuak gauzatuko ote diren, eguzkiaren indarrak eutsiko ote dion berotzeko adina.” 60. orria.

Lerro hauen hasieran aipatutako literatur solasaldien programazioan hilabetero liburu bat irakurriko da. Oraingoz martxora bitarteko hiru liburu hautatu dira baina egitarauak ekaina arte jarraituko du eta laister jakingo dira gainontzeko liburuen izenburuak.

Urtarrilak 11, Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguez. Susa argitaletxea, 2021

Otsailak 1, Gurea falangista zen, Alberto Barandiaran Amillano. Susa argitaletxea, 2021. Idazlea bertan egongo da.

Martxoak 1, Bihotza negar eta irri, Maryse Condé. Erein/Igela argitaletxeak, 2021

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude