28

Urt / 2022

Gurea falangista zen, Alberto Amillano Barandiaran

Autorea: administrari

Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi

Gurea falangista zen, Alberto Barandiaran Amillano

Susa, 2021

115 or.

ISBN 978-84-17051-70-9

 

Gurea falangista zen, Alberto Barandiaran Amillanoren liburua komentatuko da Liburutegi Nagusian otsailaren 1eko solasaldian. Barandiaran bera saiora gonbidatua izan da eta Iñigo Aranbarri gidatzaileak liburuaren inguruko elkarrizketa egingo dio. Irakurleek ere elkarrizketan parte hartu ahal izango dute. Saioa otsailaren 1ean izango da, asteartea, arratsaldeko 19:00etan, Alde Zaharreko San Jeronimo kaleko Ekitaldi aretoan.

Alberto Barandiaran Amillano (Altsasu, 1964) kazetari eta idazleak, hainbat genero landu ditu, bereziki kronika liburuak. 2021aren bukaeran Gurea falangista zen kaleratu zuen eta aurrekoak dira Ez zaigu ahaztu (1998), Postkronikak (2009) eta Ez duzu abusatuko (2017), Iñigo Astiz eta Miren Rubiorekin batera idatzia.

Liburuaren izenburuak gerra zibilaren eta oroimen historikoaren testuinguruan kokatzen gaitu. Gerrako parte hartzaileen testigantza idatzi gutxi jaso badugu ere Barandiaranek Bizkaiko frontean hil zen Luis Fernandez Arregi altsasuarraren egunerokoaren berri izan zuen eta eguneroko horretatik abiatuta ikerketa sakonago bat idatzi du. Egunerokoa oso laburra da eta informazioa osatzeko beste hiru liburu erabili ditu: Jose Artetxeren El abrazo de los muertos; Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin eta Jaime Urkijoren Diario de un gudari en el frente de Euskadi. Ikerketa lanean elkarrizketak ere egin ditu eta batetik eta bestetik Pablo Amillanok, amaren aldeko aitona, falangista izan zela deskubrituko du.

“Bai, anaia gerrara joan zen, han hil zen arma eskuan hartuta. Herrian beste batzuk pistola gerrian jarrita ibili ziren, Pablo Amillano, esaterako.

Luis Fernandezen bila abiatu eta aitona bidera atera”. 9. or.

Ondorengo solasaldia martxoaren 1ean izango da, eta Maryse Conderen Bihotza negar eta irri liburua izango da mintzagai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude