06

Api / 2022

Batman: Caballero Blanco, Sean Murphy

Autorea: rubenvidal

Batman: Caballero Blanco, Sean Murphy

ECC, 2020

ISBN 978-84-18225-60-4

The Batman filmaren estreinaldiaren harira, egokia dirudi bere mitologiako azken komikietako bat aipatzea. Kasu honetan, hain zuzen, Batman: White Knight (Zaldun Txuria) aukeratu dugu, 2017an Sean Murphy gidoilari eta marrazkilari estatu batuarrak argitara eman zuena, DC argitaletxean, nola ez. Kritika eta irakurle arrakastaren ondoren, 2018an Frantzian argitaratu zen, Urban Comics zigiluaren eskutik, eta 2019an Espainian, ECC argitaletxearenetik



Sean Murphyk karrera luzea eta sendoa darama komikien munduan, eta sona handia irabazi du hainbat izenbururekin, hala nola Batman/Scarecrow: Year One, Hellblazer, Joe the Barbarian, eta Punk Rock Jesus, besteak beste.

Batman: Zaldun Txuriaren premisak kapadun gurutzatuaren zaletu ugari harrituko du. Joker sendatu eta zentzatu egin da. Ez hori bakarrik, Gotham hiriari egindako kaltea ordaindu nahi dio, eta horretarako bere burua aurkeztuko du alkategai. Batmanek, nola ez, ez dio sinetsiko, eta gaizkile ohiaren jazarpena hareagotuko du, gero eta basatiago, gero eta bortitzago. Hain muturreko ezen Gordon komisarioak berak Zaldun iluna atxilotu beste erremediorik izango ez baitu.

Azaltzen diren gaiak ezagunak egingo zaizkigu, baldin eta Christopher Nolanen The Dark Knight filma ikusi badugu. Hasteko, White Knight / Dark Knight antitesia, alegia, krimenaren aurkako borroka bide legalez ala ilegalez ekitearena. Ondoren, gizarte demokratiko batean Batmanen salbuespenezko jardunarena. Eta, azkenik, heroiaren benetako izaerarena: Kasu honetan zein ote da benetako heroia, Joker ala Batman? Zerk definitzen du heroi bat?

Osagai horiekin istorio interesgarri bezain trinkoa ondu du Sean Murphyk. Batmanen unibertsoko pertsonaia eta tramankulu klasikorik ez da faltako, hala nola Batmobila, Batkoba, Robin, Batgirl, edota mota guztietako superbilauak. Ez da faltako akzio, borroka edota teknologia sofistikaturik. Ezta ere drama, amodio eta tentsiorik. Ez da ezertxo ere faltako (eta akaso hori litzateke bere akatsik handiena, alegia, sintesi eza). Hori bai, horiek denak modu posmodernoan azalduko zaizkigu, eta, halaber, saguzar-gizonaren mitologiaren oinarri eta zutabe guztiak kolokan jarriko dira.

Hau guztiagatik, Batman: White Knight irakurketa zirraragarria eta entretenigarria egingo zaigu, zaletuek gozatuko dutena, eta, batez ere, superheroiak sufritzen ikustea gogoko dutenek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude