21

Eka / 2022

Recursos inhumanos, Pierre Lemaitre

Autorea: elenaoregi

Post honen idazlea: Amaia García

Recursos inhumanos, Pierre Lemaitre

Alfaguara, 2017

389 or.

ISBN 978-84-204-1783-7

Datorren asteartean, ekainaren 28an, Donostia Kulturako Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldiaren azken saioan, Pierre Lemaitreren Recursos inhumanos liburuari buruz hitz egingo dugu: intriga eta kritika soziala uztartzen dituen eleberria, berriki Netflix plataforman serie-formatura egokitua.

Pierre Lemaitre idazle eta gidoilari frantsesa da, Parisen 1951n jaioa. Psikologia ikasi zuen, eta hainbat urtez helduentzako akademietan aritu zen. Bere heziketa literarioa autodidakta izan zen neurri handi batean, eta berandu iritsi zen literaturaren mundura. 2006tik aurrera, idazletzan jardun du, lanbidez, eleberrigile eta gidoilari gisa. Genero beltzaren barruan eman zituen lehen urratsak; erregistro horretan, Camille Verhoeven protagonista duen seriea nabarmentzen da. Bere lehen arrakasta 2013an lortu zuen, Goncourt Sari ospetsua irabazi zuenean Nos vemos allá arriba lanarekin. Jarraipena eman zion, “Los hijos del desastre” trilogia osatuz, Los colores del incendio eta El espejo de nuestras penas-ekin. Lemaitreren liburuak 20 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dituzte, eta bere lana “literaturarekiko mirespen-ariketa iraunkorra” dela dio.

  • Tertuliako programan, Recursos inhumanos “nobela konbentzionalenetako” bat dela esan genezake. Atzeman al duzu “literatura herrikoiaren” berezko elementurik edo ezaugarririk? Eta konbentzionaletik urrunduko duen zerbait?

  • Tramak gizarte-kritikaren osagai argia du: langabezia agertzen da, baina baita desberdintasun sozio-ekonomikoak ere, ongizate-estatuaren amaiera… Zure ikuspuntutik, zer esan nahi digu egileak gai horiei buruz?

  • Polizia-eleberria ez den arren, istorioak aurrera egiteko moduak zerikusi handia du thrillerrarekin: irakurlea airean mantentzeko ahalegina dago, intriga sortuz, birak eta ezustekoak emanez. Suspensea mantentzen duela uste duzu?

  • Estiloari dagokionez, arreta gehien pizten duen alderdietako bat ikuspuntuaren aldaketa da: Delambrek “lehen” eta “ondoren” atalak kontatzen dizkigu, baina “bitartean” beste pertsonaia bati dagokio, Fontanari. Zergatik aldaketa hori?

  • Delambre, nobelako protagonista, etsipenak bultzatuta aritzen da, baina argi eta garbi gaitzesteko moduko erabakiak hartzen ditu. Sinpatia sentitu al diozu? Edo inguruan dituenekin enpatizatu duzu: Nicole, Mathilde, Lucie…?

Recursos inhumanos liburuari buruz hitz egiteko hitzordua beti bezala hilaren azken asteartean izango da, ekainaren 28an, 19:00etan, Liburutegi Nagusiko jarduera-aretoan, San Jeronimo kalean. Sarrera doakoa izangoa da tokiak bete arte eta beste behin solasaldia online jarraitzeko aukera eskaintzen da: horretarako, mezu elektroniko bat bidali behar da alderdiederliburutegia@donostia.eus helbidera. Gainera, azken saioa denez, datorren ikasturterako egitaraua aurkeztuko dugu. Egitaraua posta elektronikoz bidaliko zaie jarduerarako izena eman duten pertsonei eta Liburutegi Nagusian eskuragarri egongo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude