08

Ira / 2022

31 ipuin, Anton Txekhov

Autorea: elenaoregi

Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi

31 ipuin, Anton Txekhov

Itzultzailea: Iker Sancho Insausti

Elkar, 2022

289 or.

ISBN 978-84-1360-194-6

Udako etenaldiaren ondoren, Donostia Kulturako liburutegiek literatur solasaldien programazioari ekingo diote. Lehenengo saioa hilaren 13an izango da, asteartea, arratsaldeko 19:00etan, Liburutegi Nagusiaren Alde Zaharreko Ekitaldi Aretoan Iñigo Aranbarriren gidaritzapean. Hitzordu honetarako berriki argitaratu den, Anton Txekhov-en 31 ipuin liburua aukeratu da.

Iker Sancho Insausti izan da liburuaren itzultzailea eta halaber berak egin du ipuinen hautaketa. Eskertzekoak dira ere liburuan zehar tartekatzen diren oharrak eta hasierako sarrera Txekhov-en datu biografikoekin garaiko testuinguruan kokatzeko mesedegarriak.

Sancho Insausti, Eslaviar Filologian doktorea, gaur egun itzulpengintza irakaslea da EHUren Letra Fakultatean, eta besteak beste, berak itzuliak dira Andrei Platonov-en Lubakia (2009) eta Sergei Doblatov-en Konpromisoa (2008). 2016an Jokin Zaitegi itzulpengintza saria jaso zuen Svetlana Aleksievich-en Gerrak ez dauka emakume aurpegirik liburuarekin.

Anton Pavlovitx Txekhov (Taganrog, Errusia, 1860-Badenville, Alemania, 1904), Errusiako idazle ezagunenetakoa, bereziki antzerkigile eta ipuingilea izan zen eta lanbidez medikua. Medikuntza ikasten ari zela hasi zen ipuinak idazten. Txekhov-en hainbat biografia idatzi badira ere, Irene Nemirovsky 1946an idatzitakoa gomendatuko nuke. Gaztelaniazko bertsioa berrargitaratu berria da Salamandra argitaletxearen eskutik (Irène Némirovsky: Vida de Chejov, Salamandra, 2022).

Iker Sanchok hautatu eta itzulitako 31 ipuinak, kronologikoki ordenatuak agertzen dira liburuan, 1880tik 1900era. Ipuinak irakurri ahala konturatuko gara denborarekin estiloa aldatzen doala. Hasierako ipuinak oso laburrak dira, agian garaiko egunkari eta aldizkarietan argitaratzen zirelako. Txekhov gai arrunt eta egunerokoetan inspiratuko da eta errealismo handiz deskribatuko ditu. Ipuinen irakurketak XIX. mendeko Errusiara hurbilduko gaitu. Umore zorrotza eta kritika soziala, beste bi konstante izango dira. Protagonista gehienak gizonezkoak dira, funtzionarioak, militarrak, lurjabeak, baina ez ditu ahaztuko emakume marjinatuak eta lan baldintza gogorretan lan egiten duten haurrak.

Liburuaren bukaerako ipuinetan berriz, 1894tik 1904ra idatzitakoetan idazkera aldatzen da, ipuinak luzeagoak izango dira hausnarketarako gai ugarirekin. Epe honetakoa da Dama txakortxoduna (1899), nahiz eta hautaketa honetan ez agertu Txekhov-en ipuin ezagunenetako hau Xabier Mendiguren Bereziartuk euskaratu zuen (Anton Txekhov: Ipuinak, Ibaizabal, 1990)

Amaitzeko Liburutegi Nagusian euskaraz programatzen diren solasaldien hitzorduak gogoraziko ditugu:

Irailak 13: 31 ipuin, Anton Txekhov, itzultzailea: Iker Sancho Insausti, Elkar, 2022

Urriak 4: Lagun minak, Jon Benito, Farmazia Beltza, 2022

Azaroak 15: Austerlitz, W. G. Sebald, itzultzailea: Idoia Santamaria, Igela, 2022

Saioak doakoak dira eta edonorentzat irekiak eta irakurri beharreko eskuragarri daude bai liburutegietan edo liburu-dendetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude