28

Ira / 2022

Lagun minak, Jon Benito

Autorea: elenaoregi

Post honen idazlea: Arantxa Arzamendi

Lagun minak: Jon Benitoren hamabost kontu, Jon Benito

Farmazia Beltza, 2022

289 or.

ISBN 978-84-123140-4-5

Jon Benitoren Lagun minak liburua izango da solasgai urriaren 4an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan, Liburutegi Nagusiaren Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo kalea) Iñigo Aranbarri gidatzailearekin egingo den literatur solasaldian.

Jon Benito Aranberri ((Zarautz, 1981) poesia idazten hasi zen eta bi liburu ditu argitaratuak Aingurak erreketan (2001) eta Bulkada (2010), baina ez du narrazioa alde batera utzi eta aurten ipuin eta poemak tartekatzen dituen Lagun minak liburua argitaratu du.

Liburuaren azpitituluan agertzen den moduan argitalpenak 15 atal ditu:

  1. Hamar urte

  2. Lagun minak

  3. Ez ote zait

  4. Hemen, aspaldi honetan

  5. Tetris

  6. Ihes lerroa

  7. Angelu itsua

  8. Interregna

  9. Nora itzuli

  10. Giza kapitala

  11. Adibidez

  12. Maite Agirreren helegitea

  13. Uhartearen altxorra

  14. Espinosa eta hirurok

  15. Finale

Hasierako orrien irakurketan murgildu ahala idazkera berezi bat aurkituko dugu, egilea letrekin jolasean dabilela konturatuko gara, baita aditzekin ere zenbaitetan nahasmena nagusitzeko arriskuarekin. Hala ere liburuaren begirada poetikoak gai batetik bestera eramango gaitu eta lagun minen inguruko hausnarketa egitera bultzatu. Erreferentzia literarioak eta zenbait idazleei egindako oroimenak liburuan zehar tartekatzen doaz.

Liburuaren edizioa, bereziki zaindua, Farmazia Beltza argitaletxearen eskutik dator eta diseinuaren aldetik aipamen berezi bat merezi du. Nabarmentzekoak dira ere Gotzon Garaizabalen azaleko ilustrazioa eta Benitoren sarrerako esker onak eta epilogoko eskaintza.

Urriaren 4ko Lagun minak solasaldiaren hurrengo saioa azaroaren 15ean izango da eta W.G. Sebald idazlearen Austerlitz liburuaz hitz egingo da, Idoia Santamariak itzulia.

Literatur saio hauek doakoak dira, edonorentzat irekiak eta irakurri beharreko liburuak eskuragarri daude bai liburutegietan edo liburu-dendetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude