17

Urr / 2022

El escritor en su paraiso, Ángel Esteban

Autorea: elenaoregi

Post honen idazlea: Amaia García

El escritor en su paraiso, Ángel Esteban

Periférica, 2014

376 or.

ISBN  978-84-92865-92-5

Datorren asteartean, urriaren 25ean, oso saio berezia izango dugu Donostiako Liburutegi Nagusiko gaztelaniazko solasaldian; izan ere, Liburutegien Egunarekin lotuta dagoen programazioaren barne, Ángel Esteban egilea bertan izango dugu, El escritor en su paraíso bere lanari buruz hitz egiteko. 2014an Periférica argitaletxeak argitaratua, liburuzain izandako idazleei buruzko saiakera (edo saiakera laburren bilduma) da liburua.

Ángel Esteban 1963an jaio zen Zaragozan. Filologia Hispanikoan doktorea eta Granadako Unibertsitateko Literatura Hispanoamerikarreko katedraduna da. Duela urte batzuetatik, Estatu Batuetako Delaware eta Montclair State unibertsitateetan ere ematen ditu literatura-eskolak. Mundu osoko 40 erakunde baino gehiagotan eman ditu hitzaldiak, besteak beste, Princeton, Sorbonne, Columbia, UCLA, Trinity College… Esteban idazleei, haien bizitzei eta obrei buruzko dibulgazio-liburu ugariren egilea da. 2002an Cómo trabajan los grandes maestros de la literatura argitaratu zuen (Rául Cremadesekin lankidetzan). 2004an, Stéphanie Panichellirekin, Gabo y Fidel. El paisaje de una amistad. Eta 2008an, Ana Gallegorekin, De Gabo a Mario. La estirpe del boom. Bere lan batzuk ingelesera, frantsesera, polonierara eta turkierara itzuli dira. Gainera, bi poema liburu sinatu ditu eta 2016an bere lehen eleberria argitaratu zuen, La estirpe de Babel.

Ángel Estebanekin izango dugun topaketan, El escritor en su paraíso saiakeran sakonduko dugu, eta, oro har, liburutegien eta literatura sorkuntzaren arteko harreman emankorrari buruz. Beti bezala, dinamika ahalik eta parte-hartzaileena izango da, baina hauek izan daitezke elkarrizketa bideratzeko puntu batzuk:

  • Ideiaren jatorria. Zein momentutan pentsatu zenuen saiakera bat idazle liburuzainei eskaintzea? Zein edo zeintzuk izan ziren proiektuan jorratu nahi izan zenituen lehenengno izenak edo biografiak?

  • Dokumentazioa. Liburuak bibliografía-zerrenda zabala eskaintzen digu, baina zer beste iturri erabili zenituen? Kontatuko al zeniguke irakurketa, bisita edo elkarrizketa interesgarriren baten inguruan?

  • Idazketa-prozesua. Zenbat denbora behar izan zenuen liburua osatzeko? Beste proiektu batzuekin uztartu al zenuen? Nola ematen zenien koherentzia autore eta garai desberdinei buruzko testuei?

  • Egileak hautatzea. Zein irizpideri jarraitu zenion liburuan aztertzen dituzun idazleak aukeratzeko? Informazio faltagatik baten bat baztertu behar izan zenuen? Gaur egun, izenen baten falta sumatzen duzu?

  • Emakume idazleak. Sarritan galdetu al dizute emakume idazleen ordezkaritza urriaz, bakarra baitago (Gloria Fuertes), 30en artean? Zergatik ez dago emakumezko liburuzain-autore gehiago?

  • Mario Vargas Llosaren hitzaurrea. Nola sortu zen lankidetza idazle perutarrarekin? Vargas Llosak zalantzak planteatzen ditu liburutegiek etorkizunean izango duten rolaren inguruan. Ados zaude?

  • Izenburua. Borgesen esaldi famatuari erreferentzia egiten diozula dirudi, “Beti imajinatu izan dut paradisua liburutegiren bat izango zela”. Hasieratik argi izan zenuen ideia hori, edo aurrerago erabaki?

  • Jarraitutasuna. Pentsatu al duzu El escritor en su paraíso lanean jorratutako gaia zabaltzea? Edo idazleen eta liburutegien arteko harremana berriro aztertzea? Zer ikuspegi emango zenioke?

El escritor en su paraíso liburuari buruz hitz egiteko hitzordua, beti bezala, hilabetearen azken asteartean izango da, urriaren 25ean, 19:00etan, Liburutegi Nagusiko jarduera aretoan, San Jeronimo kalean. Sarrera librea izango da edukiera bete arte eta berriro ere saioa online jarraitzeko aukera eskainiko da (horretarako, esteka eskatu behar da liburutegian edo alderdiederliburutegia@donostia.eus helbide elektronikoan). Bestalde, hurrengo saioa azaroaren 29an izango da eta Madres e hijos, Theodor Kallifatidesen biografia nobelatua, izango dugu hizpide.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude