22

Eka / 2012

San Telmo Museoko liburutegia

Autorea: arantza

 

 

 

 

 

 

 

Oskar Morenoren argazkia

Joan den maiatzaren 23an San Telmo Museoan egon nintzen,  aurtengo Literaktum Jaialdia zela eta, Ramón Saizarbitoria, bere azkenengo eleberriaz, Martutene hitz egiten entzuteko aukera aparta izan baikenuen.

Ezaguna izango duzue, ez duela gustuko bere lanaz solastea, baina oraingo honetan, salbuespena egin du eta guk gustora egon ginen.

Edonora joaten naizelarik, liburutegiek erakartzen dute nire arreta. San Telmokoa polita eta atsegina iruditzen zait. Donostiar askok ez dute oraindik museoa ikusi, beraz, joaterakoan, zoazte ere bertako liburutegira.

Zenbait jakingarri

Gure liburutegi sarean zorionekoak gara, liburutegi espezializatuak ditugu eta. Horrela fondo anitzak izan ditzakegu. Horietako bat San Telmokoa da.  2011ko martxoaren 28an zabaldu zuten, museoarekin batera.

2011 urtean 3.000 erabiltzaile bertaratu dira: fondo historikoa edota berria kontsultatzera, mailegu zerbitzua erabiltzera, edo informazio bila.

Instalazioak
Liburutegia eraikin berriko lehen solairuan dago, eta 232 metro karratu ditu. Sarrera nagusitik sar daiteke museoko sarrera ordaindu gabe.

11.500 ale ditu. Ordenagailua entxufatzeko aukera duten hamabi  ikasketa leku, baina Wi-fi konexiorik ez dago. OPAC , hau da, fondoa kontsultatzeko ordenagailu bat ere badago; internet sarrera ere baduena.
Hemerotekak museologia, artea eta etnografiari buruzko 55 aldizkari ditu..
Haurrentzako eremu txikia ere badago.

Erabiltzaileak

Edozein erabiltzaileentzat irekia badago ere, fondo espezializatua izateak giza zientzietako Ikasle eta ikertzaileak erakartzen ditu bereziki. Museologian, artean eta ondarearen mantentze eta berriztapenean espezializatua izan nahi du, ikuspegi zabaletik: etnografikoa, soziala, ekonomikoa, artistikoa eta historikoa.

Ordutegiari dagokionez : 
Astearteetan: 10:00-14:00 eta 16:00-20:00.
Asteazkenetik larunbatera: 10:00-14.00.
Igande, astelehen eta jai egunetan itxita egongo da.
Hitzordua eskatzeko aukera dago.

Dinamizazioa eta digitalizazioa: etorkizunerako lan ildoak.

Liburutegiak museoak buruturiko ekintza guztietan parte hartzen du. Baina, gainera, haur eta helduentzako ipuin kontaketa, liburuen aurkezpenak, erakusketatxoak eta irakurketa gidak antolatzen ditu. Fondoetan espezializatua izan arren, hiritar guztiengandik hurbil egon nahi du.
Beste helburua dokumentuen digitalizazioa da. Museoaren web-ean, liburutegia ikerkuntza eremuan aurki dezakegu. Artxibategi digital arloan museoaren akta liburu guztiak digitalizatuak aurki ditzakegu.

Datozen urtetan,  XVI.mendeko San Telmo Konbetuko historiari buruzko dokumentuak, digitalizatu nahi dira.
Izaskun Aranburu, liburuzainak,  lan handia egin du lehenengo urte honetan, eta etorkizunerako proiektu ugari ditu.

Museoetako liburutegiek baliabide urriak izaten dituzte. Baina, Gasteizko Artium Liburutegiak lortu duen bezala, gurea ere ezaguna egingo delakoan gaude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude