27

Ira / 2012

Larrotxeneko liburutegiaren 25. urteurrena

Autorea: arantza

Biblioteca de Larrotxene en Intxaurrondo San sebastián en 19871986 eta 1987 artean, lehenengo lau udal kulturguneak zabaldu ziren, bertan liburutegia zegolarik. Kulturgune hauek berreskuratutako eraikin historikoetan kokatu
ziren.
Joan den igandean, irailak 16an, Larrotxene baserria zabaldu zuteneko urteurrena ospatu zen. Aste honetan, Okendoko kulturgunean ere ospakizunetan ari dira. Altzakoak joan den urtean izan zuen urteurrena, eta Loiolak ere urrian ospatuko ditu 25 urte.

Post honetara, orduko Larrotxeneko liburutegiko, oroitzapenak dakartzat. Hori izan baitzen nire lehenengo lanpostua, nire lehenengo liburutegia. Udaletxeak, 1986ko apirilean, nire kideak: Isabel Vesga, Arantxa Arzamendi, Susana Soto eta laurok, kontratatu gintuen. Bitxia bada ere, egunkariak plazaratu zuen berria. 1986ko maiatzaren 14ko DEIAn aurki dezakezue. Teknikoki, Udal Liburutegi eta Foru Aldundipean geunden. Garai hartan ez zen liburu mailegu zerbitzurik. Egungo Koldo Mitxelena zabaltzeke zegoen.

Lehen mailegu zerbitzua helduentzako Konstituzioko liburutegian burutu zen. Aitzindariak Arantza Arzamendi eta Susana Soto izan ziren. Idazterakoan malenkonia datorkit, eta gogoratzen dut, garai haietan irakurri nuen liburu eder bat: Simone Signoreten “ Malenkonia ez da izan ohi zena”. Denboraren igarotzea ona eta txarra da.
Gaur egungo liburutegiak, zalantzarik gabe, duela hogeitabost urte genituenak baino askoz ere hobeak dira; baliabide gehiago, tekonologia berriak.. Baina, benetan garai haietako gogoa, ilusioa…paregabeak ziren.

Larrotxeneko liburutegia nire oroimenean.
1986an, eraikin historikoak berreskuratzeko eta kultur etxe bihurtzeko egitasmoa hartu zuen udaletxeak. Horrela sortu ziren auzoetako lehenengo liburutegiak. Garai hartan, Labayen Jauna genuen alkate Donostian.
Udalak Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatu zuen. Ondorioz, liburutegiko fondoak Gipuzkoako Liburutegi Antolaketak hornitzen zituen. Hasierako funts bibliografikoak, eta urterokoak emango zituela agindu zuen Aldundiak. Ikuskaritza teknikoa ere egin behar zuten. Udaletxeak langileak kontratatzen zituen, diru laguntzaren bat ere ematen zuen, kultur etxeetarako liburuak eros zitezen.

1986an kultur etxean hiru langile ginen: Jon Aizpurua zuzendaria, Mikel Arribas jarduera teknikaria, eta, liburuzain laguntzailea. Mikel Arribasi aipamen berezia eskaini nahi diot, zendu baitzen.
Larrotxenen bi urte igaro nituen. Ondoren etorri ziren Ana Arbizu, Ana Elorza, Isabel Vesga, Gurutze Pérez eta gaur egungo Intxaurrondoko talde guztia. Guztiok ahaleginak egin ditugu irakurzaletasuna bultzatzen, eta erabiltzaileei informazio bilatze lanetan laguntzen. Ez zegoen Internet edo Google, baina bai enziklopedia erraldoiak: Espasa, Áuñamendi… Eta lan eta bilduma apartak: Gorosabel, Pulitzer eta Goncourt sariak…
Isaac Asimoven liburuekin zientzia fikzio zaleek gozatzen zuten…

Funtzionamendua
Dena eskuz egiten zen: liburu berrien sarrera erregistroa eta baita ere ISBD katalogazioa, 7,5 x 12,5 zm.ko fitxa estandarretan. Dokumentu bakoitzak bere fitxa zuen fitxategi bakoitzean: egileak, izenburuak, Sailkapen Hamartar unibertsala, eta bildumak.
Post honetan erantsiriko lehenengo argazkian Larrotxeneko Liburutegia eta bere fitxategi handia ikus daiteke. Fitxategia, dena egurrezkoa, Orioko Arin eta Embil lantegian egina zen
Bitxikeririk ere badago: fitxategiak zertarako ziren ere ez zekien arkitektu bat izan genuen.
Mailegu zerbitzuarekin batera beste nobedadea izan zen, fondo guztietarako sarbide askea: liburu guztiak eskura, giltza edo armairurik gabe. Aldizkariak ere eskuz erregistratzen genituen; noski mailegu zerbitzua ere eskuz.
Oraindik gogoan dut materiala saltzen zigun Bartzelonako etxearen izena: WALIP.

Irakurlearen gidan jaso genituen mailegurako arauak. Helduek 500 pzta ordaindu behar
zituzten karneta eskuratzeko, eta 14 urtetik beherakoek 300 pzta.

Hasierako irakurleak
Zein izan ziren lehenengo irakurleak gogoratzeko laguntza handia izan da Ana Arbizu. Haien artean aipatu behar ditut: José Carballo, Mertxe Korta, Amaia Rekondo eta Maialen Zabaleta. Hala ere, nire esker ona guzti-guztientzat izan dadila. Liburutegi honi oso harrera ona egin zitzaion hasieratik. Gaur egungo irakurle sutsu askok garaia hartan hasi ziren deskubritzen irakurtzearen plazerra, era berean jabetzen zirelarik liburutegien garrantziaz.

Eta, zer irakurtzen zen 1986an?
Euskal idazleak: Gotzon Garate,” Goizuetako eskongaiak”; Pako AristirenKcappo; Anjel  Lertxundiren” Hamaseigarren aidanez”; Joxe Austin Arrietaren “Manu Militari; Gabriel Arestiren lanak..., besteak beste.

Atzerritar idazleen artean: Marguerita Durasen “Amorantea” ; Lawrence Durrellen “Avignoneko bostekoa”; Milan Kunderaren “Izatearen arintasun jasangaitza”; Tom Sharperen “Wilt“; “Ganbarako loreak bestseller arrakastatsua, V.C. Andrewsena; Umberto Ecoren Arrosaren izena”; eta, Suskinden “ Perfumea”.

Gazteleraz idatzitako literaturari dagokionez nabarmenak dira: Terenci Moixen ” “Ametsa izan zenik ez esan“; Vázquez Montalbanek idatzitako Carvalhoren bilduma; Isabel Allenderen “Itzalaz eta amodioaz”; García Marquezen ” Maitasuna koleraren garaian”; Jesús Ferreroren “Opium”; Félix Azuaren ” Berberak kontaturiko ergel baten istorioa”.

Jabetuko zinaten horietako batzuk klasikoak bilakatu direla, beste batzuk, berriz, zinema
aretoetara eraman.

Liburutegiaren bilakaera.

Hasierako liburutegi haiek, berehala txiki geratu ziren. Baina aurrera pausu izugarria izan zen hiriko liburutegi zerbitzuen garapenerako. 1992an, Susana Sotok lortu zuen Udaletxearen adostasuna, nazioartean ohiko ziren liburutegi sare mota sortzeko. Azpertu arte gogoaraziko dut gaur egun Liburutegi Nagusi baten beharrean gaudela, eraikin bakar batean.

2002an Intxaurrondo hegoaldeko liburutegia ireki zen, eta Larrotxenekoa haur liburutegi bihurtu zen, helduentzako bilduma bat badago ere. Urte hartan altzari guztiak berritu genituen.

Nostalgiaz ari nintzela esan dizuet; badakizue… oroimenak, kideak…, batzuk joanak dira, baina baikor sentitzen naiz. Krisialdia gorabehera eta murrizketak aurrekontuetan, hala ere, espero baitut beti egongo direla, politikarien artean, liburutegien alde apustu egingo dutenak, horiek baitakite liburutegiek duten garrantzia pertsona aske eta kriteriodunak sortzerakoan. Eta horrelako hiritarrak nahi ditugu XXI. mendean.

Zorionak Larrotxene, Oquendo Casares eta Loiola.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude