30

Ira / 2015

Liburutegiaren eguna : liburutegi publikoaren alde

Autorea: arantza

Bibliotecas una historia ilustrada

Liburutegiaren eguna liburutegi publikoen lana, zerbitzuak eta zereginak aldarrikatzeko ezarri zen. Helburutzat du gizartea irakurketaren garrantziaz kontzientziatzea eta liburuzainen lana omentzea. Urriaren 24a aukeratu zen liburutegien eguna ospatzeko.

1997an sortu zuen ekimena Haur eta Gazteen liburuaren Lagunen Espainiako Elkarteak, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioarekin lankidetzan.

2015. urtean gauden honetan, ez dizuet prestatzen ari garen programari buruz hitz egingo; Donostiako Liburutegi Nagusiaren aldeko alegatua egingo dut oraingoan. Kezkatuta nago gure buru politikoek eta bertako kazetariek ahaztuta baitute Donostiako Udal liburutegi nagusia. Goibel jartzen naiz 1874an sortu zen gure liburutegia, Euskadiko lehen liburutegietako bat dena, ahaztu egin dutela ikusita. Joan den urtean 140. urte bete zirtuen.

Donostiako herritarrei berdin zaie liburutegiak Udalaren mendekoak diren, edo Foru Aldundiaren mendekoak diren, edo Tabakaleraren kasuan gertatzen den moduan, hiru erakundeen mendekoak diren (Udala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza). Herritarrek zerbitzu ona jaso nahi dute. Funts bibliografiko berriak liburutegian aurkitu, filme bildumak, musika bildumak, aldizkari kopuru zabala, e-bookak. Horretaz aparte jarduera literario eta kulturalak, Interneterako konexio ona, instalazio onak  altzari egokiak eta garbiak , baita liburutegiak ordutegi zabala edukitzea ere.  Halaber, zerbitzu atsegina eta eraginkorra jaso nahi dute.

Tabakaleran mediateka irekiko dela abenduan kontuan hartuta, hiriko liburutegi guztiek mugitu behar dugu eta lanari ekin behar diogu.

Udal-sarearen zuzendari naizen aldetik, egin beharreko berrantolamendu horren baitan gure eraikina ez ahazteko eskatu nahi dut. Liburutegia eraikin bakar batean kokatzeko beharra aldarrikatu nahi dut. 1999tik behin-behineko egoeran gaude eta gaur egun espazioarekin erlazionatutako arazoak ditugu.

Era berean, udal-sarearen barruan hiriko liburutegi nagusiari dagozkion zeregin espezifikoak aldarrikatzen ditut.

Zeintzuk dira liburutegi nagusiaren zereginak?

Hiriko liburutegi nagusiak lurraldeko eta hiriko irakurketa publikoaren gune izan behar du, baita Udalaren ondare dokumentalaren eta bibliografikoaren erreferente ere.

Liburutegi nagusia tokiko sareko liburutegi nagusia da eta berari dagokio sareko gainerako liburutegien buru izatea, koordinazio-lanak betetzea eta laguntza eskaintzea. Bi maila bereiz daitezke bere zereginen artean:

Herritarrei eskainitako zerbitzu publikoa izatea, alde batetik

Barruko lana egitea bestetik, sareko gainerako elementuei begira.

Hauek dira zeregin nagusiak:

  • Tokiko sareko liburutegi-zerbitzuen buru izatea eta horiek koordinatzea, hiria ardatz hartuta
  • Hiriko zerbitzuen eskaintza bermatzea
  • Baliabideak optimizatzea eta prozesuen eraginkortasuna areagotzea ahalbidetuko duten zeregin teknikoak eta administratiboak zentralizatzea
  • Sareko langileak eta giza baliabideen mugikortasuna kudeatzea, beharrezkoa denean
  • Baliabide ekonomikoen eta materialen kudeaketa zentralizatzea eta koordinatzea
  • Liburutegien irudi eta komunikazio-politika indartzea
  • Webeko eta sare sozialen edukien ekoizpena, mantentzea eta eguneratzea koordinatzea. Bera izango da edukien edizio elektronikoaren arduradun teknikoa.
  • Beste liburutegi batzuetara sartzeko nodo izatea
  • Eta inguruko liburutegien berezko zereginak, bere hurbileko eragin-esparruan eskaintzen dituen zerbitzuen ondorioz sortutakoak, garatzea.

Bartzelonako Diputazioko Esther Omella, Jordi Permanyer eta Enric Vilagrosak zuzendu dute hiriko sareei buruz egin den azterlan argigarrienetako bat. Nire asmoa ez da azterlan osoa garatzea, sarean eskura baitaiteke.

Beharrezkoa al da zinez liburutegi nagusi, liburutegi publiko, izango den eraikin bat?

Makina bat azterlan egin dira etorkizuneko liburutegien ikuspegi estrategikoei buruz eta ez da inoiz zalantzan jarri eraikin fisiko baten beharra. Blog honetan argitaratutako beste post batean jada aipatu nuen moduan, bitxia bada ere, Interneten garaiotan eraiki da liburutegi gehien. Iparraldeko herrialdeei begiratu besterik ez dago: Finlandia, Holanda, Danimarka eta Britainia Handia, Idea Store delakoekin; Frantzian ere liburutegi handiak eraikitzen jarraitzen dute.

Etorkizuneko liburutegiak nolakoak izango diren inork ez badaki ere, etorkizunari aurre egiteko modu desberdinak daude eta aditu guztiak bat datoz ondorengo puntu hauetan:

  • Lehenik eta behin, liburutegiak argi zehaztu behar ditu bere zeregina eta helburuak, bere izaera espezifikoa eta erabiltzaileen beharrak. Hortaz, “Berrantolatzea eta pentsatzea” da lehen urratsa
  • Bigarrenik, joerak aztertu behar dira, munduaren ikuspegi esplizitu bat eduki behar da
  • Analisi kritiko bat egin behar da, Google, Netflix , Amazon eta sortuko diren beste erraldoi digitalekin alderatuta alderdi sendorik ote duen jakiteko
  • Bere itxura fisikoa eta birtuala zaindu behar du
  • Banakako pertsonei eta erkidego osoari erantzun behar die.
  • Zenbait liburutegi bere zeregina zabaldu duten sorkuntza-liburutegiak izango dira eta sorkuntzarako leku bihurtuko dira
  • Etorkizuneko liburuzain guztiek prestakuntza egokia dutela eta Interneteko informazio-iturrien ebaluazioan eta erabileran esperientzia dutela ziurtatu beharko da

  • Liburuen bilduma fisikoak eduki beharko ditu liburutegiak. Artxibo-liburutegiak. Ez dago liburua desagertuko dela adierazten duen zantzurik. Inoiz baino liburu gehiago argitaratzen da, nahiz eta liburu-dendetan gero eta gutxiago irauten duten.
  • Etorkizuneko beharrak aldatu egingo dira formari dagokionez, baina ez edukiei dagokienez: informazioa emateko, banakakoa indartzeko eta erkidegoa sortzeko izango dira. Liburutegia informazioaren gizartearen alderdi ahulei erantzuteko konponbide gisa aurkezten da. Informazioa berdintasunezko baldintzetan eskuratzeko berme izango da.

  • Amaitzeko, liburutegiaren eraikina gizarteak edo hiri batek liburuari, kulturari eta jakinduriari ematen dion garrantziaren isla da. Liburutegiak ezin du birtuala bakarrik izan. Espazioaren zati bat da berez. Liburutegi erabilgarria oroimena da, askatasunaren bermatzaile da, espazioan eta denboran ainguratuta dagoen leku bat da.

Sare donostiarrak argi ikusi du beti zerbitzuak garatzeko eta balio-aniztasuna eskaintzeko beharra. Askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzten liburutegiak behar dira, trenkadarik gabeko espazioak behar dira. Liburutegiek ahalegin handia egin beharko dute teknifikazio-maila altua lortzeko eta sarean sarritan sortzen den informazio-zaratan gidatuko gaituzten eta kualifikazio-maila altua edukiko duten langileak edukitzeko.

Sistemaren buru izango den liburutegi nagusirik ezean, ez dago udal-sarerik. Auzo-mailako liburutegiak daude, baina hirikoa izan behar duen liburutegi-politika jarraitzeko, hiriko ikuspegia eta ikuspegi estrategikoa edukitzeko “Liburutegi Nagusia” behar da.

2015ean “Liburutegiak komunitate sortzaile” lelopean Tabakalera Ubik-ek, Koldo Mitxelenak eta udal-sareak antolatuta ospatuko dugun liburutegiaren egunak, legegintzaldi honetan liburutegi berri bat eraikitzeko eta hiriko liburutegi-politika berrantolatzeko boterea dutenen arreta bereganatzeko balio behar du.

Amaitzeko, Liburutegi Nagusia Donostian dagoen Espainiako Bankuaren eraikinean kokatzeko proposamena egin nahi dut. Gurea ez da hutsik dagoen Bankuari kultur erabilera ematea proposatzen duen lehen hiria. Ba al dago banku batentzat erabilera hoberik? Proposamena da baina badaude noski beste aukerak.

Eusko Jaurlaritzari esan nahi diot bibliografia-funtsetarako, teknologia berriak ezartzeko eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak ematen dituen moduan, Euskadin liburutegiak eraikitzeko laguntzak eman beharko lituzkeela. Askotan udalerriek ezin izaten diete aurre egin liburutegi publikoen eraikinen kostuei. Espainiako Kultura Ministerioak “Estatuko liburutegi publiko” asko eraiki ditu, eta Eusko Jaurlaritzak, ahal du berdin jokatu.

Berri on bat dugu, urriaren 3an Carlos Blanco Aguinaga liburutegia irekiko dute Irunen. Zorionak bertako liburuzainei ¡

Bibblioteca Municipal Plaza de la Constitución

Banco de España de San Sebastián

120_2037

120_2036

Sala Del Duque de Mandas

One thought

  1. Estoy completamente de acuerdo con el planteamiento. Es más, me viene a la memoria como no hace mucho tiempo nuestros dirigentes dirimian sobre un posible nombre para la biblioteca de Alderdi Eder y en ningun momento se cuestionaban la precariedad, la falta de espacio, la provisionalidad, el hecho de estar separada de la Biblioteca Infantil (Fermin Calbeton) …y daba un poquito de pena.

    Los usuarios valoran estos servicios, pero tambien agradecerian un edificio unificado, amplio y moderno que enseñar con orgullo… una verdadera Biblioteca Central.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude