25

Urt / 2016

Emakumeak, liburuak, irakurketa eta askatasuna

Autorea: arantza

Emakumeak eta liburuak

Escritora Amel Chaouati en el homenaje a Assia DjebarStefan Bollmann-ek emakumeek liburuekin, irakurketarekin eta idazkerarekin duten erlazioa hiru lanetan aztertu du:

Las mujeres que leen son peligrosas” (2007), “Las mujeres que escriben, también son peligrosas” (2006) eta “Mujeres y libros : una pasión con consecuencias”(2015)

Gaur egun liburuak edozein emakumeren eskura daude.  Poltsan eramaten ditugu, paperean zein e-reader edo tablet batean. Liburutegietan, liburu-dendatan eta saltoki handietan aurkitzen ditugu. E-books e-liburutegia mailegu-plataformatik eta beste hainbat lekutatik deskargatzen ditugu. Apurtu, galdu, bota, ahaztu egiten ditugu. Hau da, emakume batek irakurtzen ez badu, interesatzen edo gustatzen ez zaiolako da.

Emakume batzuek bestseller-ak baino ez dituzte irakurtzen. Badira nobela erromantikoko liburuak irensten dituztenak, euren lanbiderako edo lo egiteko irakurtzen dutenak, saiakera irakurtzen dutenak, bidaiako gidaliburuak edo auto laguntzako eta/edo filosofiako liburuak irakurtzen dituztenak…  Baina zer gertatzen zen XVIII. eta XIX. mendeetan, eta XX. mendearen hasieran? Zer da fanfikzioa? Zer suposatzen du “Greyren berrogeita hamar itzal” liburuak emakumeen eta liburuen arteko erlazioan?

Stefan Bollmannen liburuak interesgarriak dira liburuaren eta emakumearen arteko erlazioak zenbat eboluzionatu duen erakusten digutelako. Iragan mendeetan emakumea irakurtzen hasi zenean familiaren aurka borrokatu behar zuen. Garai hartan irakurketa asaldura modu bat zen, konbentzionalismoetatik, emakume ezkonduaren edo ezkongabearen paperetik ihes egiteko modua. Irakurketak independentzia zeraman berarekin. Emakume irakurle batzuk idazle bihurtzen ziren. Ez ezkontzea erabakitzen zuten. Irakurketa ihesbidea zen, askatasun une bat. Irakurketa ezagutza modu bat zen. Gizonak kezkatu egiten ziren emakume batek asko irakurtzen bazuen. Emakume gazte burgesak isiltasunean irakurtzen zuen. Munduko emakumeak ozenki irakurriko zuen eta irakurritakoa aztertuko zuen emakume irakurle bat nahi zuen. Analfabetismo handia zegoen.

Caroline Schlegel-Schelling, XVIII. mendekoa, irakurle handia eta bizi egoera aproposaren bila zebilen emakumea; Mary Wollstonecraft-ek  “Emakumearen eskubideen errebindikazioa” idatzi zuen eta literatura-kritikaria izan zen; Jane Austen jada ezaguna bere nobelak zinemara egokitu zirelako; Virginia Woolf  irakurlea, idazlea eta literaturzalea ; Mary ShelleyFrankestein” liburuaren idazlea eta Mary Wollstonecraft-en alaba; Emma Bovary bezalako liburu batzuetako heroiak; 1826an Turingia-n jaiotako Eugenie John bezalako irakurle profesionalak; Marilyn Monroe-k ikono sexual tuntunaren irudiari aurre egiteko erabili zuen irakurketa, eta ez zen Ulisesen irakurketaren aurrean ere kikildu, irakurtzen ari zela argazkiak ateratzea gustukoa zuen; Susan Sontag-ek txikitatik “benetako liburuak” irakurtzen zituen, ez neskatxentzako egokitutako liburuak. Berarentzako irakurtzea asmatzea zen, etab. Emakume idazle guzti hauek Mujeres y libros: una pasión con consecuencias” liburuan aurkituko dituzue.

Liburu honetako bi kapitulu azpimarratu nahi ditut: fanfikzioari eskainitako kapitulua –15. kapitulua– eta “Greyren berrogeita hamar itzal” liburuari eskainitakoa –16. kapitulua–.

Zer da fanfikzioa?

Irakurtzen duten emakumeez betetako liburu batean ezin zen aipatu gabe utzi, Interneten garaian, emakumeek duten aukera berria:  fankfizioa.

Gaur egun fanfikzioa literatura-genero propioa da, izugarrizko neurriak ditu eta mundu osora heltzen da. Sareko liburuen edukien heren bat baino gehiago osatzen duela kalkulatzen da. 1960 urte inguruan sortu zen. Fanfikzioan emakume gazteak nagusi dira. Literatura-unibertsoa oso zabala da.

Fanfikzioa irakurleen eskubideak handitzearen sinonimo da. XVIII. mendean hasi zen askatasunaren lerroa zabaldu egiten da genero berri honekin. Ikus-entzunezko hedabideen berreskuratze eta errekonkistaren sinonimo da, hedabide diferenteak –zinema, ordenagailuko jokoak, telebista-serieak– haien artean gero eta iragazkorragoak direnaren sinonimo da eta, amaitzeko, literatura-munduan eman den izugarrizko aldaketaren froga da. Lehen egilea Jainko sortzailea bazen, gaur egun irakurleengan jartzen da arreta osoa. Lehen literaturaren historian egileak eta hauen lanak ikasten genituen; gaur egun, irakurleak ere kontuan hartzen dira.

Greyren berrogeita hamar itzal irakurketa urratzailea da?

Emakumeak eta liburuak,  liburuan zehar emakumeei askatasuna ematen zieten irakurketei buruz adibideak ikusi baditugu, eta irakurtzen eta idazten zuten emakume horiek gizarteak egozten zien roletatik ihes egiten zutela ikusi badugu, nola uler daiteke bi seme-alaba dituen, telebistako gidoilaria den eta bere liburuak inolako asmo literariorik ez duela aitortu duen Erika Leonard emakumeak idatzitako liburu baten arrakasta? Benetan “Greyren berrogeita hamar itzal” liburua irakurketa urratzailea da, Bollmanek bere analisian aipatzen duen bezala?

70eko hamarkadako feminismoa eta Meredith Haaf, Susanne Klingner eta Barbara Streidl bezalako gazteen feminismoa ez da berdina. Eurek honako hau idatzi zuten: “Gure sexualitatea guk idazten dugu, ez  industriako porno-zinemako zuzendariek, ezta plazera nola sentitzen dugun eta zerk murrizten digun esaten diguten feministek ere. Emakume horien iritziz emakumeek euren sexu-errepertorioa zabaltzeko porno gehiago eta hobea egin beharko litzateke”.
Lehen belaunaldi feministako Alice Schwarzer-ek baieztapen kategoriko hau egiten du: “Gizonezkoek masokismo femeninoa hedatzea eraso bat da; emakumeen aldetik, berriz, aurkariari laguntzea da”

Literatura pornografikoa beti egin izan da Georges Bataille, Sade-ko Markesa eta Henry Miller bezalako gizonek zein Anaïs Nin, Pauline Réage eta Catherine Millet bezalako emakumeek idatzitakoa. Greyren berrogeita hamar itzal nobelan Anastasia Steele-n pertsonaiak haserrearazten nau bere ergelkeriagatik.

Askatasunean eta irakurketan sinesten dudanez, eta batez ere irakurtzea gustukoa dudanez, Daniel Pennac idazle famatuaren,  irakurlearen eskubideak gogoratuz amaituko dut:

1. Ez irakurtzeko eskubidea
2. Orrialdeak irakurri gabe aurrera egiteko eskubidea
3. Liburu bat amaierara arte ez irakurtzeko eskubidea
4. Berriro irakurtzeko eskubidea
5. Edozer gauza irakurtzeko eskubidea
6. Bovarismorako (irakurketa eta bizitza nahasteko gaixotasuna) eskubidea
7. Edozein lekutan irakurtzeko eskubidea
8. Gauza atsegingarriak irakurtzeko eskubidea
9. Ozenki irakurtzeko eskubidea

Jakina, bada azken eskubide bat, isiltasunerako eskubidea; inor ez dago behartuta zer eta zergatik irakurtzen duen esatera.

Post-data.   Postaren bigarren argazkia Assia Djebar idazle aljeriarraren idazlanaren aurkezpenari dagokio, Literaturako Nobel sarietan aipatua. 2015eko abenduaren 18an Donostiako San Telmo Museoko Liburutegian izandako ekitaldiaren aurkezle lana Amel Chaouatiri egokitu zitzaion. Bertaratuen artean Luisa Etxenike idazlea ere egon zen. “Assia Djebar, idaztearen egarria” izenburu izan zuen hitzaldia guztiz interesgarria izan zen. Aljeriako emakumezkoen bizimodua eta askatasuna, gure artean hain ezezaguna den idazle horren lanaren ardatz nagusiak izan dira. Izan bitez lerro hauek bere ardurarekiko omenaldi xume bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude