31

Urt / 2018

Berrikuntzak liburutegi publikoetan : jardunbide egokiak nazioartean

Autorea: Liburu dantza

Innovacion en bibliotecas públicas0001

2018ko lehenengo sarrera honetan liburutegi publikoen alorreko berrikuntzari buruzko liburu bat nahi nuke gomendatu. Liburuak mundu osoko liburutegietako jardunbide egokiak biltzen ditu, batez ere Estatu Batuetakoak, Europar iparraldeko liburutegietakoak eta Australiakoak, besteak beste.

Berrikuntza, lankidetza, sinergiak, elkarlana, konbergentzia eta halako hitzak kultura-kudeatzaileen, liburuzain “modernoen”, politikarien, aholkularien zein kazetarien ahotan entzuten ditugunean, hitz hutsak, errepikakorrak irudi dezakete.

Hori ez da liburu honen kasua, prestakuntza akademiko sendoa eta idazten duen gaian benetako eskarmentua duen liburuzain profesional batek idatzi baitu.


2012urtean Australiako liburuzainen elkarteak antolatzen duen “Kay Poustie” bidaialaguntza irabazi zuen. Bidaia-laguntza horren zati gisa, Britainia Handiko eta Europako berrikuntza-jarduerak aztertu eta horren berri eman zuen, zehazki hiri hauetako liburutegietakoak: Amsterdam, Delft, Kopenhage, Malmö, Londres, Cardiff, Manchester eta Liverpoolekoak. Bere txostenaren emaitzak 2014an aurkeztu ziren Australia mendebaldeko liburutegi publikoen kongresuan. 2016an egindako beste txosten batean ere aurkeztu ziren. Kristie Nicholson, egun, Australia mendebaldeko liburutegi guztietako baliabide elektronikoen taldeko presidentea da.

Beraz, egileak badu ezagutza akademikoa eta esperientzia egiaztatua. Gogorarazi behar da liburutegietako jardunbideak egokiak izan daitezkeela komunitate edo hiri batean, baina beste batetan porrot egin dezakete. Beti da beharrezkoa, hala ere, horiek ezagutzea.

Atzerrian egoki den hori ezin dugu etxera ekarri, aurretiaz ingurune geografiko eta kulturalari buruzko hausnarketarik egin gabe. Adibidez, Europa iparraldeko hiri batetan, liburutegi batetan taberna bat ipintzea berritzailea, beharrezkoa izan daiteke, baina… tabernaz jositako Donostian ere egokia al litzateke?

Zein da liburuaren egitura?

Sarrera labur batek ematen dio hasiera, eta bertan azaltzen da ikuspegi orokorra, berrikuntza hitza definitzen da eta ikerketak erabilitako metodologia azaltzen da. Horrez gain, lau kapitulu ditu, ondorioak, aurkibidea eta eranskinak. Kapitulu bakoitzak bere bibliografia du. Garrantzi handia ematen diet ikerketa honen bibliografia eta metodologiari. Nire ustez, gizarteak berriz eman beharko lieke balioa iturri fidagarrietatik eratorritako iritziei. Gai serioetarako sare sozial gutxiago.

Lehenengo kapituluan liburutegietako berrikuntzaren inguruko ikuspegi orokorra azaltzen du. Berrikuntza bildumen tratamenduan, herritarrentzako zerbitzuetan, teknologian, programa berrietan eta liburutegi-eraikinetan.

Bigarren kapituluan liburutegien edo, hobeto esanda, liburutegi berritzaileen inguruan mintzo da. Bost dira hautatu dituenak. Kanadako Edmonton Public Library, Singapurreko Liburutegi Nazionala, Alemanian Sttutgarteko Liburutegi Publikoa, Danimarkan Aarhus-eko Liburutegi Publiko ezaguna eta AEBetako Chicagoko Liburutegi Publikoa.

Hirugarren kapituluan profesional guztiok liburutegien etorkizunerako beharrezkotzat hartzen ditugun gaiak jorratzen ditu: sorkuntza liburutegietan eta erabiltzaileen partaidetza orain artean profesionalentzat baino ez direnetan, esaterako, funtsak lortzean. Benetako partaidetzaren alde egitea, eta ez “dena erabiltzailearentzat, baina erabiltzailerik gabe”. Elkarteekin lan egitea, ikaskuntza lantzea eta eraikinen eraberritzea. Berria al da? Ez al dugu egiten egun?

Guztiok ezin dugu guztia egin, eta liburuko interesgarriena da ikustea nola liburutegi bakoitzak alor zehatz batean jartzen dituen ahaleginak. Ezin dugu inuzenteak izan eta guztia berrituko dugula sinetsi. Ez du denontzat gauza berberak balio.

Azkenik, laugarren kapitulua bereziki interesgarria da, liburutegi bakoitzak ezarritako helburu berritzaileak lortzeko ekintza zehatzak identifikatzen baitira.

Proiektu berriei buruzko balantzeak, estatistikak eta hausnarketak egiteko garaia da eta nik liburu on bat izango dut bidelagun: “Innovation in public libraries”. Chandos-ek editatu du, Elsevier-ek inprimatu eta 2017koa da argitalpena.

 

Los comentarios están cerrados.