2012. urteko lehen post honetan, ezinbestean Intxaurrondoko liburutegi berria aipatu behar dizuet. Abenduan ireki genuen. Berez, lekualdaketa izan da, Gaztela kaleko liburutegiari agur esan baitiogu.
Kultur etxe berria bi solairuko eraikin batean dago kokatua udal kiroldegiarekin batera.
Aurreko liburutegiak 280 metro koadroko azalera zuen; oraingoak, berriz, 1010 metro koadro ditu. Azalera solairu bakarrean banatua dago, erdian patio bat duelarik. Patioa auzoko artistek apaindu dute berriztatutako materiala erabiliz. Irakurleak bertara atera daitezke lasaitasun bila.
Lau urtetan jardun dugu lanean egitasmo hau burutzeko, eta esan dezakegu gure sareko liburutegi onenetarikoa dela. Urgari bulegoko Patxi Gastaminza eta Jose Javier Uranga arkitektoak izan dira proiektuaren arduradunak, eta gure eskariak beti aintzakotzat hartu dituztela esan beharra dago.
Denbora horretan, liburutegiko arduraduna den Isabel Vesgak eta biok aritu gara uneoro elkarlanean: Altzari horniketa esleitzeko; haiek planoan kokatzeko; RFID irrati-frekuentzia sistema aukeratzeko, espazioak antolatzeko; dekorazioa…