30

Ira / 2013

María Moliner, liburuzaina. Emakume liburuzainak

Autorea:

Iraileko post honetarako, bi ideia darabilzkit buruan. Batetik, ospea izan duten emakume liburuzainak gogoaraztea; bestetik, ALArentzat ( Liburuzain  amerikarren elkartea) Kathatina Phenixek egindako ikerketaren artikulua aurkeztea; bertan , emakume liburuzainen estatusa aztertzen baitu.

Emakume liburuzain ospetsuak

Ez da erraza liburutegien arloan ospea izan duten emakumerik aurkitzea. Berez, emakumeen lanbidea den honetan  gizonak nabarmendu dira, eta azken urteotan baino ez, aurki daitezke emakumeak goi mailako lanpostuetan. 1970etik aurrera agertzen dira batzuk. II. Errepublika garaian kulturan izan zen mugimendu aurrerakoia, bertan behera geratu zen Gerra zibila dela eta.
Gertuko adibide gisa Donostiako Udal Liburutegia, 1874an sortu zelarik, 1972ra arte ez du izango emakumerik zuzendaritza karguan. Lehenengoa, Eulalia San Agustín Barraca izan zen, Artxibari, Liburuzain eta Arkeologo Talde Fakultatiboko ospetsukoa zen. Bere aurretik zazpi zuzendari egon ziren, gizonezkoak…

María Moliner ezaguna da denontzat, izen bereko gaztelaniazko hiztegi famatua idazteagatik; baina, ezezaguna da gehiengoarentzat bere liburuzain lana. Jakina, hiztegia bere bizitzako lanik handiena izan zen, dudarik gabe. Hamabost urtetan milaka fitxa idatzi zituen, eta inolako teknologiaren laguntzarik gabe, halako tamainako eta balioko hiztegia lortu zuen.

Halere, bere liburuzain lanak, besteak adineko garrantzia izan zuen. 2. Errepublika garaian sorturiko nekazal eta herri giroko liburutegiak bideratze lanetan parte eraginkorra izan zuen. 1935ean, nazio arteko Liburutegi eta Bibliologia Kongresuan parte hartu zuen,” Landa-liburutegiak eta liburutegiak Espainian” txostena aurkeztuz.
Valentzian liburuzain eskola bat abiatu nahi izan zuen. Landa giroko liburutegien eraginkortasunean itsu-itsuan sinisten zuen, kultura eta irakurketa zabaltzeko tresna gisa. Garai hartan Espainian biztaleriaren %40 analfabetoa zen.
Misioetako liburutegiei buruzko memoria bat idatzi zuen. Herrixketara joaten zen benetako erralitatea ezagutzeko asmoz. Kataluniako esperientzia goraipatu eta hango eredua hedatzen ahalegindu zen. Gerra Zibila garaian ere, arazoei aurre eginez, liburutegiko lanetan jarraitu zuen..
Liburutegi txikientzako argibide liburua” idatzi zuen, bertan bilduz urteetako esperientzia guztia.
Garatu bidean zegoen hau guztia Gerra Zibilak zapuztu zuen. Gerra ondokoak urte ilunak izango dira. Madrilgo Ingeniari eskolako liburutegiko lanak amaitzean, María hiztegia sortze lanetan murgiltzen zen.

Omenaldiak berandutxo etorriko dira, baina “Liburutegia gerran” izeneneko erakusketan, Espainiako Liburutegi Nazionalak antolatutakoa 2005ean, azkenean María Molinerrek egindako lana goraipatzen da.

María Molinerren bizitza zein bere liburuzain lana ezagutzeko, Pilar Rubio Lópezek idatzitako ” María Molinerren lana eta bizitza” liburua irakurtzea duzue egokiena. María liburutegien alde mugiarazi zuen espiritu bera gaur egun indarrean dagoela esango nuke, ez dago zaharkitua.

Emakume liburuzainen estatusa
Liburuzainen lanbidea ez da garrantzitsua, hau da, gizartean duen harrerari eta alderdi ekonomikoari erreparatzen diogun heinean. Emakumeen lanbidea da, horrek dakarren ondorio ekonomiko eta guzti. Soldata, kultur arloan dauden beste zenbait lanpostuena (ondarea, museoak…) baino baxuagoa da.

Hori guztia baieztatzeko nahiko dut nire esperientziarekin, datu estatistikoen beharrik gabe. Estatu Batuetan Katherine Phenixek hala baieztatu zuen 1985ean bere lana ” The status of women librarians” aurkeztu zuenean.  Emakume liburuzainei buruzko 2.000 aipamen bibliografiko ekartzen ditu.

Katharinek dio: ” 1980an Estatu Batuetatko erroldan 136.000 liburuzain zeuden, eta horietatik %84,6 emakumeak ziren. ALAn (Amerikar liburuzainen elkartea) 40.000 kide daude, eta horietatik %78,3 emakumeak dira. Gaur egun emakumeen lana dela dirudi, baina ez zen horrela duela 100 urte. Merkeak eta eskuragarriak zirelako iritsi ziren emakumeak lanbide honetara”

Soldatari dagokionez esaten du: “Unibertsitateetako liburutegietan emakumeek $ 14,850 dólar irabazten dituzte urteko, gizonezkoek, berriz $20,520. Liburutegi publikoetan emakumeek  $14,236 dólar eta gizonezkoek $19.319. Alde bera ematen da liburutegi mota guztietan”.

Nik ez nuke esango ez, gaur egun hori gertatzen denik gure artean; hau da, gizonezko batek emakume batek baino gehiago irabaz dezakeenik liburutegizain lanetan. Baina, bai, esango nuke, kultur arloko lanbideak aintzat hartuz, museo bateko zuzendariak, antzerki batekoak, edota Kongresu Jauregi batekoak, liburutegi batekoak baino gehiago irabazten duela. Nork ukatuko luke hori gertatzen dela emakumeen lanbidea delako?

Horregatik, emakume liburuzainak gogoratu nahi ditut. Tartetxo hau eskaini, omenalditxo bat egin.  Gaur Maria Moliner baina urtean zehar beste batzuk gogoratuko ditut.

Nieves Gonzalezek Youtuben beti galdetzen du: Zergatik naiz liburuzain?