26

Mar / 2018

Biblioterapia. Ba al dute liburuek gaitzak sendatzeko ahalmenik?

Autorea:

Libros que curan

Biblioterapia ez da zientzia bat, baina guztiok esan dezakegu liburuek –eleberriek bereziki– lagun diezaguketela une larriak gainditzen.

Biblioterapia terminoa aspaldikoa da, ez da asmakizun modernoa; antzinatik dator literaturak ahalmen sendagarria dueneko ustea.

Katherine Lui Gómez Mujicak, Venezuelako Unibertsitate Zentralak Bibliotekologian lizentziatuak, biblioterapiako liburu honen bidez hurbiltzen dizkigu definizioak, ibilbide historikoa eta egin daitezkeen biblioterapia motak. Hura erabiltzen duten profesionalei buruz mintzo da: psikologoak, psikiatrak, bibliotekologoak edo bibliotekariak.

Bibliotekologia, dakizuenez, Hego Amerikan erabiltzen da, Espainian, berriz, bibliotekonomia esaten zaio. Kontzeptu biak dira oso arraroak biblioteken zientziaz eta ikasketez ezer gutxi dakien jendearentzat. Egileak,  bibliotekologoaren jardun profesionalaren ikuspegitik azaltzen digu biblioterapia; horregatik dago liburua, gehienbat, biblioteketako profesionalei zuzendua.

Biblioterapiari buruzko azterlan arras interesgarria da, eta harritu egin nau ikusteak nola bertan adierazten denetik asko oinarritzen dela hirurogeiko hamarkadan Estatu Batuetako ospitaleetatik ateratako esperientziatan. Zehazki, San José, Kaliforniako Agnews State-ko ospitaleko bibliotekan.

Ospitale horretan gaitz fisikoak liburuen bitartez sendatzeko bideak lantzen ziren. Sendatzaile taldean biblioterapeuta bat edo psikiatra bat izaten zen, bibliotekologoarekin batera; azken honek aztertzen du talde-saioetarako materiala, irakurgaiak. Proiektuak onarpen maila handia izan zuen eta oraindik badihardu.

Ezin du edonork aritu biblioterapian. Funtsezkoa da biblioterapeutaren eta bibliotekologoaren prestakuntza espezifikoa aintzat hartzea. Biok ere biok izan behar dira gauza pazientearen irakurtzeko gaitasuna ebaluatzeko, literatura egokia hautatzeko eta taldearen eztabaidak suspertuko dituen teknika proiektiboak erabiltzeko. Profesionalek batera lan egiten duen taldea osatu behar dute. Ez dakit Euskadiko ospitaleetan ezer lantzen ote den biblioterapian.

Sinesgorrentzat, esan dut lehen ez dela asmakizun moderno bat. Aipatu nahi dut Egipton bibliotekak “Biziaren Etxeak” zeritzoten tenplutan egoten zirela, eta benetako ezagutza eta espiritualtasun guneak zirela.

Erromatarrentzat tratamendu medikoa lotuta zegoen irakurtzearekin, eta grekoek arimaren botikatzat zeuzkaten bibliotekak.

Erdi Aroan ohikoa zen ebakuntza bat egin bitartean liburu sakratuak irakurtzea. Ez uste Biblia bakarrik irakurtzen zenik; epopeiek eta tragediek ere xede terapeutikoak zituzten.

XIX. mendean ere erabiltzen zen ospitale psikiatrikoetan. Benjamin Ruschen izan zen lehen ikertzaile estatubatuarra pazienteei irakurketa arrunt gomendatzen 1802 urtean, eta, gainera, biblioterapia gomendatu zien barne estualdiak, depresioa, beldurrak eta fobiak dituzten pertsonei, eta adin handikoei orokorrean.

Estatu Batuetan asko dira oraindik biblioterapia aztertzen duten autoreak: Caroline Schrodes, Esther A. Hartman eta Mary Jane Ryan, besteak beste.

Nola defini genezake biblioterapia modu errazean? Biblioterapia da:“Liburuak eta beste material batzuk erabiltzea zuzendutako irakurketa-programa batean, laguntzazko terapia gisa agindua, nahasmendu mental eta emozionalen tratamenduan, eta desmoldaera sozialak zuzentzeko laguntzan.

Caldin, C.F. beste teorikoak dioenez, “Biblioterapia tresna baliagarria da eguneroko bizitzaren tentsioen aurkako borrokan, eta gizakiaren premia literario eta estetikoak betetzeko behar den katarsia egiten duenean, emozioak baretzen ditu”.

Fontanelle, M.F.-ren aburuz, “biblioterapia da medikuntzan eta psikiatrian laguntza terapeutiko gisa irakurtzeko materialak erabiltzea, eta zuzendutako irakurketa-arazoak konpontzen ere lagungarria da.”

Bentes Pinto V.-rentzat “Jarduera terapeutiko bat da“.

Definizio guztietan argi geratzen da liburuak sendatzeko erabil daitezkeela, beti ere psikiatra bat baldin badago, bibliotekariaren laguntzarekin eragingo duena larritasuna, min fisikoa edo psikikoa uxatzea.

Ez daukagu esperientzia terapeutikorik gure biblioteka-sarean, baina badakigu, adibidez, irakurketa-klubak sozializatzeko moduak direla, nolabait. Gero eta sarriago, adin handiko pertsona asko (gaur egun hirurogei urte inguruko jubilatuak asko dira) irakurketa-klubetara joaten dira bakarrik ez egoteko, lagunak egiteko, irakurtzen dituzten istorioen bidez eguneroko atsekabeak ahanzteko, etxetik irteteko, beste pertsona batzuk topatzeko, ikasteko… Egia esan, egin egiten dugu terapia apur bat.

Literaturak beste bizitza batzuetara eramaten gaitu. Errezeta, maiz irakurtzea; osasunean eta zoriontasunean hobetuko duzu, eta ikasi egingo duzu. Botika hauek, jakina, liburu-dendetan eta biblioteketan aurkitzen dira. Botika hau paperean har daiteke, edo digitalean edota audioliburutan.

Ez gara autolaguntzako liburuei buruz ari –hain ezagun eta arrakastatsuak–. Fikzioaren, eleberrien, ahalmen sendatzaileaz ari gara. Batzuetan argumentua bera da funtzionatzen duena, bestetan prosaren erritmoa, beste batzuetan pertsonaia nagusiarekiko miresmena. Bada beti hunkitzen eta emozionatzen gaituen libururen bat.

Liburu hau Donostiako liburutegi-sarean kontsulta dezakezue.