30

Uzt / 2013

Liburutegiak eta aisialdia

Autorea:

Malmö (Suedia) liburutegiaAurten, laugarren urtez udari begira, Donostiako liburutegiek gida digital bat  argitaratu dugu udan irakurtzeko liburuak proposatuz. Jendea udan irakurtzera  animatzea dugu helburu. Inkesten arabera irakurtze ezaren arrazoietako bat, eta nagusia, ” Irakurketa ohiturak eta liburuen salmentak, 2012an”  inkestak dioenaren arabera, denbora falta da. Udan, hain zuzen, badugu denbora.

 Udan ere badugu liburutegira joaterik. Liburutegiak, orokorrean, irekita egoten dira; egia da bai, ordutegia murritzagoa dela, eta krisialdia dela eta murrizketa gehiago etor daitezkeen beldurrez gaudela. Donostian, abuztuan,
liburutegi zerbitzua lau liburutegitan mantentzen da: Liburutegi nagusian, Aieten, Amaran, Grosen eta Altzan Tomasene baserrikoan.

Erabiltzailearen perfila pixkat aldatzen da: ez dago ikaslerik, eta erabiltzaileek udara osorako liburuak hartzen dituzte; baina, badute astirik apalategien artean lasai ibiltzeko. Garaia honetan, literaturaz gain, bidaia gidak dira eskatuenak.
Bidaiatuko duzuen horiei liburutegiak bisita ditzazuela aholkatuko nizueke.
Liburutegiak herrialdearen erakusleiho izan baitaitezke. Liburutegizainok hori
egiten dugu, baina edozeinentzat gustagarria izango delakoan nago.

Udara honetan liburutegiek aisialdian duten funtzioaz hausnartzen hasi naiz. Halaber, astirotasunaren alde positiboaz. Astirotasuna, jakina, irakurketarekin lotzen dugu, eta era berean, liburutegi berarekin. Liburutegiak leku lasaiak dira eta kontsumo aisialdiaren aurrean alternatiba on bat. Beti ere, arkitektonikoki ondo eratua badago.

Ez dut uste irudi batek mila hitzek baino balio handiagoa duela, baina bai,
irudiek hitzak osatzen, laguntzen dituztela. Postean Malmoko (Suedian)
liburutegiko
irudi bat erantsi dut..

 Aisialdia

Bertrand Russellek esan zuen: “ Aisialdia modu adimentsu batean betetzea da zibilizazioaren azkenengo gaia”

Carl Honoréren liburuaren, ” Astirotasunaren goratzarrea“, bederatzigarrenengo atalean, egileak zenbait aisia moduak aztertzen ditu: lorezaintza, irakurtzea, eskulangintza, jostea (puntoa…)

Zalantzarik gabe, esan dezakegu, irakurketa jarduera lasaia dela eta modaz kanpokoa.
Irakurketak abiadurarekiko kultoari aurre egiten dio; hausnarketari denbora eskeintzen dio; bizitzaren erritmoa moteltzen… Hala ere, gaur egun, liburu salmentak behera egiten dituzten arren, badira liburua besapean hartu, hondartzara edo mendira abiatu eta  irakurtzeari ekiten diotenak.

 Carl Honorék Harry Potterren arrakasta ekartzen digu gogora. Askoren harridurarako liburu sail horrek Play Stationaren belaunaldia bereganatu zuen. Beraz, irakurtzeak badu lehiatzerik eramangarriarekin, twitter-arekin… Liburuak berak du zereginik, eta batez ere, hezitzeko borondateak. Zein heziketa mota nahi dugu gure gazteriarentzat? Hau da, irakurtzearen aldeko jarrera aktiboa hartu behar dugu, adibidez: egunero ordu erdin tresna teknologiko guztiak itzaliko dira.

Irakurketa aisialdian

Urtero begiratzen ditut editoreek argitaratzen dutena liburuen salmenta eta irakurtze ohituerari buruz. Azkenengo datuak baikorrak
dira. Orokorrean, 2011rekin erkatuz, irakurle kopuruak gora egin du, batez ere irakurketa digitala dela medio: %58 (2012an), %52 (2011n). Irakurketa digitalak biltzen du: ordenagailukoa, eramangarrikoa, agenda elekronikokoa eta E-.Reader-koa. Gehien irakurtzen direnak dira: webak, blogak, foroak eta ondoren egunkariak.

Biztanleriaren multzo batek bakarrik aisialdian irakurtzen omen du. Horietako gehienek Unibertsitate ikasketak dituzte, %80; oinarrizko ikasketak dituztenak %30 dira.

Beste datu batzuk, bizilekuaren neurria kontuan hartuz, gehiago irakurtzen da leku handietan txikietan baino. Lanean ari direnek eta ikasleek gehiago irakurtzen dute. Halere, badirudi irakurtzen duten erretiratuen kopuruak ere gora egin duela.

Udan liburutegia aisialdi lekua izan al daiteke? Irakurtzera bertata joaten al da?

Eskuarki, gehienok liburutegiak ikasketarekin eta heziketarekin lotzen ditugu. Funtzio horiek, hor daude, eta oso garrantzitsuak dira; baina, zer gertatzen da liburutegiaren aisia aldearekin?

Liburutegia ez da normalean aukeratzen irakurtzeko leku bezala. Gehienek etxean irakurtzen dugu. Liburutegian mailegatzen da, baina ez dute liburutegia denbora pasa lekutzat hartzen. Nire ustez, arrazoi hauengatik:

Ordutegiak.

Udarako ordutegiek zabalagoak izan beharko lukete benetan funtzio hori eman nahiko bagenie liburutegiei. Bilboko Alhondiga, eta beste zenbait leku Espainian, igande goizez irekitzeak erakutsi digu ordutegi zabalagoak bezero etortzea areagotzen duela.

Bildumen garapena

Liburutegira edukien bila joaten gara: dokumentuak, musika, DVDak, zinema, liburuak, aldizkariak, egunkariak… Erabiltzaileak udan erakarri nahi baditugu, gure eskeintza zaindu, egokitu behar dugu: azkenengo bestseller-ak, bertako bildumak, zaletasunekin zerikusia dutenak, hemeroteka, Play jokoak…

2012an  inoiz baino dokumentu gutxiago erosi da liburutegientzat, eta hala ere, bisitari kopurua handitu da. Ez nago batere ados garrantzia kentzen diotenekin aurrekontuetako murrizketei. Ez dut uste liburutegientzako aurrekontuen murrrizketaren arazoa konpon daitekeenik Euskadiko sareko liburutegien arteko mailegutzarekin. Liburuak mugitzeari ondo deritzot, baina, liburutegi batera joan eta hiru egunetan zain egon behar badut liburu bat eskuratzeko, pentsatzekoa da.

Bildumak eguneratzerakoan ezinbestekoa da hiru gai hauetaz ez ahaztea: zinema, musika eta joku eta bilduma elektronikoa. Ez gara aukera gai izango inoiz aisialdirako ez badugu benetako kalitatea eta ugaritasuna eskeintzen arlo guztietan.

 Bazkide agiri bakarra

Agiri bakarra sortzeak kultur jarduera desberdinetarako: liburutegia, zinema, musikaldiak, jatetxeak, liburudendak…ekartzen du liburutegien inklusioa
aisialdirako eremu tradizionaletan.

Tekonologia  berriak

Liburutegiak Interneten sartzeko aukera ematen duen heinean, izan daiteke bidea informazio iturri izateaz gain aisialdi emaile izateko ere. Interneten erabileraren arauak estuegiak izateak ez du horretan lagunduko. Erabiltzaileak aukera izan behar du txateatzeko, posta irekitzeko, musika entzuteko, filmak ikusteko… Ikasteko lekua baino zerbait gehiago izan nahi badugu, udal zerbitzu informatikariekin adostu behar dugu aisialdi digitala eta formakuntzaren arteko elkarbizitza egokia.

Gure Interneten zerbitzuaren gabeziak, pertsonal faltaren, aurrekontu eskasen,eta bertako langileriaren formakuntza faltaren ondorioak izaten dira gehienetan.

Teknologia enpresek ez gaituzte ikusten teknologia berrien erakusleiho bezala. Eusko Jaurlaritzak apostu horrekin jarraitu beharko luke, Kz guneak eta antzekoak liburutegietan eskeiniz. Abuztuan, gero eta erabiltzaile gehiago geratzen da bere hirietan.

Jarduerak

Donostian , gure liburutegi sareak beste sasoietako ohiko jarduerak antolatzeari uzten diogu, jaiek eta bestelako jaialdiek hutsune hori betetzen baitute. Gure hiria, hiri turistikoa da. Hor ditugu: uztailean jazzaldia,  abuztuan musika Hamabostaldia eta irailean nazioarteko Zinemaldia. Bi liburu azoka egoten dira: bat uztaileko lehenengo hamabostaldian, eta bestea irailean. Gogorarazi ere, Urgull bezalako ingurune paregabean udako liburutegia zabaltzen dugula… San Telmo Museoa, Itsas Museoa…

Iparraldeko herrialdeetan ohikoa da, zaratatsuak badira ere, udan zenbait jarduera antolatzea liburutegian bertan.

Beraz, bukatzeko, liburutegia izan daiteke aisialdirako lekua, ikasteko, formatzeko eta ondarea gordetzeko eremua izateaz gain. Izan, bagara, nolabait, baino asko dugu hobetzeko.

Etorkizuneko liburutegietan arkitekturak, altzariek eta seinaletikak berebiziko garrantzia izango dute. Etxean, egongelan, irakurtzea gustatzen zaigu; denok dugu gustuko erosotasuna eta diseinua. Bada, eraman ditzagun liburutegietara! 
Liburutegi espazioak, museo baten ondoan, edota kirol  edo kulturgune baten ondoan dagoenak, kultur ekintzak eta eduki eguneratuak eskainiko ditu, eta  halaber, espazio hori teknologia berrien erakusleiho izango da..

Aprobetxatu uda presarik gabe ibiltzeko, irakurtzeko, irakurtzean beti ikasten baita zerbait, eta kanpora ateratzen bazarete ea liburutegiren bateko argazkirik egiten duzuen.